Badatoz argazkilarien topaketak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2013ko urr. 30a, 11:07
1999 urtetik ari gara Euskal Herriko argazki elkarte ezberdinen artean saio hauek antolatzen, beti ere gure arteko harremanak estutu, gure ezaguerak elkarbanatu eta une ederrak pasatzeko asmoz. Hau da, eguna irrika berdina dugun pertsonen artean igarotzeko asmoarekin, argazkiak ateratzen, ikusten eta beraiei buruz hitzegiten.
 
Aurtengo edizioa denon gustokoa izateko asmotan, hainbat ekimen antolatu ditugu: hitzaldi bat, argazki erakusketa, tren bidaia eta noski amaierako bazkaria eta elkarren arteko argazki trukaketa.
 
Eguna Sanagustin Kulturgunean hasiko da, bertan emango delarik ongi-etorria eta akreditazioa saiora etortzen den guztiari (hitzaldi eta erakusketarako sarrera librea izango da).
 
Gosariaren ondoren, Alberto Beloki, Azpeitiko Argazki Elkarteko lehendakariak, Topaketak saioaren aurkezpen labur bat egingo du eta ondoren Xanti Rodriguezek prestatutako hitzaldiari emango dio hasiera. Rodriguezek gaur egun argazkilaritzan dauden saririk garrantzitsuenetariko batzuk jaso ditu, eta azken urte hauetan moda eta publizitateko argazkilaritzako munduan dabil sartuta, eta horrez gain, argazki, infografia eta post-produkzioei buruzko kurtso eta masterrak ere eskaintzen ditu.
 
Hitzaldiaren ondoren, taldeko argazki erakusketa ikusi eta era berean hamaiketakoa egiteko aukera izango dugu, dena kulturgunetik atera gabe. Erakusketa Azpeitiko Argazki Elkarteko hainbat kidek ateratako argazkiez osatua egongo da.
  
Eguerdiko 12:30ean gure iraganerako bidaia hasiko dugu, eta horretarako kulturgunetik oinez hamar minutura dagoen Tren Museoara abiatuko gara.
 
Ehun urtetik gorako Aurrera lurrun-trenak daramatzan bagoi zaharretan bailararen parte bat zeharkatuko dugu, eta bertan Azpeitiko Itsasi dantza taldeak lagundurik (garaiko arropez janzteko prestatu dira) trenbidearen historian murgilduko gara. Dantza talde horrek 35 urte baino gehiago daramatza Euskal Herriko dantzak mundu guztian zehar zabaltzen.
 
Bidaiaren ondoren eta tren geltoki bertan, museoko gidari batek geltokiko transformazio elektrikoko zentral zaharreko instalazioak, tren zaharreen funtzionamentua eta burdinbideko aintzinako hainbat lan-tresna erakutsiko dizkigu. Museoko bidaia eta erakusketaren ondoren, berriz, ohiko bazkari eta argazki trukaketari ekingo diogu.
 
Programa zuen gustokoa izango dela espero dugu eta Topaketekin gustora izango zaretela. Norbaitek aurtengo Topaketei buruzko zalantzarik izanez gero, mesedez, bidali mezu bat topaketak2013@gmail.com helbidera eta ahalik eta azkarren erantzuten saiatuko gara.
 
Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Iñaki Portilla Turismoko zinegotzia eta Euskotreneko zuzendari Iñigo Palomino bertan izango dira.