Dena prest Euskal Herriko argazki topaketetarako

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2013ko urr. 8a, 11:56
Topaketetako kartela.
Jadanik dena prest dago Euskal Herriko Argazki Taldeen Topaketak 2013 ediziorako. Dakizuen bezala aurten Azpeitian izango dira topaketak, eta Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu ditu. Ohore bat da guretzat topaketak antolatzea.

1999 urtetik ari gara Euskal Herriko argazki elkarte ezberdinen artean saio hauek antolatzen. Beti ere gure arteko harremanak estutu, gure ezagutzak elkarbanatu eta une ederrak pasatzeko asmoz. Hau da, eguna irrika berdina dugun pertsonen artean igarotzeko asmoarekin, argazkiak ateratzen, ikusten eta beraiei buruz hitzegiten.

Aurtengo edizioa denon gustokoa izateko asmotan, hainbat ekimen desberdin antolatu ditugu: hitzaldi bat, argazki erakusketa, tren bidaia eta noski amaierako bazkaria eta elkarren arteko argazki trukaketa.

Eguna Sanagustin Kulturgunean hasiko dugu, bertan emango zaie-eta ongietorria nahiz akreditazioa saiora etortzen diren guztiei. Sanagustinek duen sukalde zerbitzua aprobetxatuz, bertan izango da gosaria. Gosariaren ondoren, Alberto Beloki, Azpeitiko Argazki Elkarteko lehendakariak, Topaketak saioaren aurkezpen labur bat egingo du. Ondoren, Xanti Rodriguez argazkilariak hitzaldia eskainiko du.

Rodriguezen hitzaldiaren ondoren, Azpeitiko Argazki Elkarteko argazki erakusketa ikusi eta era berean hamaiketakoa egiteko aukera izango dugu, dena kulturgunean bertan. Erakusketa Azpeitiko Argazki Elkarteko hainbat kidek ateratako argazkiz osatuta egongo da.
 
12:30ean gure iraganerako bidaia hasiko dugu, eta horretarako kulturgunetik oinez 10 minutura dagoen Azpeitiko Tren Museoara abiatuko gara. Museo horrek Europako tren-bildumarik onenetakoa du, eta mota askotako ibilgailuak daude bertan: lurrunezko tren-makinak, diesel motordunak eta elektrikoak, tren automotorrak, eta mota askotako bagoiak.

Ehun urtetik gorako 'Aurrera' lurrun-trenak daramatzan bagoi zaharretan bailararen parte bat zeharkatuko dugu, eta bertan Azpeitiko Itsasi dantza taldeak lagundurik (garaiko arropez jantziko dira) trenbidearen historian murgilduko gara.

Bidaiaren ondoren eta trenbidearen historian murgilduta jarraituz, museoko gidari batek geltokiko transformazio elektrikoko zentral zaharreko instalazioak, tren zaharren funtzionamentua eta burdinbideko aintzinako hainbat lan-tresna erakutsiko dizkigu. Museoko bidaia eta erakusketaren ondoren, ohiko bazkari eta argazki trukaketari ekingo diogu.
 
Programa zuen gustokoa izango dela espero dugu eta Topaketekin gustora izango zaretela. Norbaitek aurtengo Topaketei buruz dudarik izanez gero mesedez bidali mezu bat topaketak2013@gmail.com helbidera eta ahal eta azkarren erantzuten saiatuko gara.