Koronabirusa Azpeitian

Hausnarketa bat, konfinamendu egoeran

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitia Herri Hezitzailea 2020ko api. 6a, 15:07

Konfinamenduko laugarren astea abiatzen ari garen honetan, krisialdiak agerian utzi dituen gako batzuen inguruko hausnarketa bat elkarbanatu nahi izan du Azpeitiko Herri Hezitzaileko talde eragileak. Larrialdi egoera honi komunitate bezala aurre egiteko garatu ditugun eta garatu beharko genituzkeen jarreren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu nahi genuke, nork bere etxetik eta elkarren zaintza erdigunean jarrita.

Osasun krisi honek ere zaintza ardura konpartitua dela nabarmen utzi du. Argi geratu da ez dela nahikoa norbere burua bakarrik zaintzea, ondokoa zaintzen ez bada, albokoa zaintzen ez badugu. Krisi honetatik ahalik eta azkarren eta ondoen ateratzeko, zaintza erdigunean jartzea besterik ez zaigu geratzen. Baina noski, zerbait erdigunera ekarri ahal izateko, erdigunean lekua egin beharra daukagu. Zaintza erdigunean jarri nahi badugu, merkatua, produkzioa eta lana dira erdigunetik atera beharrekoak. Ezinezkoa da haurrak, aiton-amonak, beharrak dituzten bizilagunak eta gure buruak zaintzea sistemak inposatzen digun lan erritmoa jaisten ez badugu.

Etxean konfinatuta hilabete beteko dugun aste honetan, ahalik eta ozenen esan nahi dugu etxean geratzea ez dela gauza bera denontzat. Izan ere, etxe guztietan ez daude baliabide berak (oinarrizko elikadura osasungarri bat izateko, eskolako lanak egiteko ordenagailua eta Interneta, irakurtzeko liburuak...) eta etxe guztiek ez dute aterpe seguru bat eskaintzen (indarkeria egoera larriak, alkoholismo arazoak, familia desestrukturatuak...). Ez da gauza bera balkoidun etxe batean konfinatuta egotea edo argi naturalik sartu ere egiten ez den etxe batean egotea, bakarrik egotea edo senideekin/lagunekin egotea. Eta ez da gauza bera adinekoen egoitza batean, harrera etxe batean, psikiatriko batean, adin txikiko zentro batean.... edo kalean egotea. Krisialdi honek agirian utzi ditu berriz ere gure arteko desberdintasun sozialak. Prekarietate gehien dutenen eta pribilegiatuenon arteko distantzia oraindik ere muturragokoa da egoera honetan, beraz, horren kontzientzia hartzea garrantzitsua izango da Azpeitia herri hezitzaile izatea nahi badugu.

Hala eta guztiz ere, saiakera oso interesgarria egin da herrian elkar zaintzeko eta elkar laguntzeko boluntario sareak antolatzen. Mirestekoak dira haurren parte-hartzea eta aisialdia hezitzailea sustatzeko kulturatik eta herrigintzatik sortutako ekimen eta proposamenak ere. Zaintza, komunitatea eta herrigintza ardatz hartuta egindako lan guztiak. Argi geratu da: zenbat eta komunitate saretuagoa eta indartsuagoa eduki, horrelako larrialdi egoera batetik lehenago eta hobeto atera gaitezkeela.

Itxialdi honetan, inoiz baino nabarmenago geratu da tokikotasunaren eta komunitategintzaren garrantzia. Tokian tokiko ezaugarri eta dinamikak kontuan izan gabeko lege bakar bat denontzat inposatzearen ondorioak pairatzen ari garen egunotan, herritartasunaren ardura eta gobernantza eredu berrien beharra agerian geratu da. Herritar zaurgarrienak erdigunean jarri eta herritar guztien parte hartzearen bidez bakarrik eraiki daitezkeen gobernantza eredu berriak.

Alabaina, beste behin nabarmen geratu da haurtzaroaren kultura falta zaigula. Krisi egoera honetan, haurrak eta nerabeak ez dira kontuan hartuak izan. Haurrak "orain eta hemen" dauzkagun herritar bezala ikusteko dauzkagun zailtasunak agerian geratu dira. Haurrak hazteko tribu oso bat behar da; lehen komunitatearen ardura zen herriko haurrak haztea. Neoliberalismoak, ordea, haurtzaroa ere pribatizatzea lortu du. Seme-alabak eremu pribatura mugatu ditu krisialdi honek, espazio publikotik desagerrarazi ditu; jada ez dira existitzen. Eta mezua garbia izan da "konpondu zuek ahal duzuen bezala zeuon seme-alabekin".

Haurrak, ordea, jendartea dira, komunitate osoarenak dira, herritarrak dira. Behar oso zehatzak dituzten herritarrak gainera: osasun psiko-emozionala, elikadura osasuntsua, aire librea eta mugimenduaren beharra. Azpeitiko herri hezitzaileko talde eragileak behar-beharrezkoa ikusten du haurrak kalera modu ordenatu batean ateratzen hasteko neurriak hartzea, herrialde askotan krisialdiaren hasieratik egin den moduan (Alemania, Frantzia, Suitza, Erresuma batua...). Egunean behin etxetik gertuen duten natur espazio irekienera atera daitezke, heldu baten laguntzarekin; babes neurri guztiak errespetatuz eta txandak antolatuz, egin daiteke. 

Haurrek jolasaren bitartez ulertzen dute mundua. Azpeitiko Herri Hezitzaileak jolas librearen aldeko aldarria egin nahiko du. Utzi haurrei lasai asko aspertzen, aspermena sormena pizteko behar-beharrezko tresna delako. Galdetu beraiei nola dauden, nola ari diren bizitzen egoera hau. Eman diezaiegun hitza eta entzun ditzagun beren erantzunak. Agian, krisialdi honetatik ateratzeko gako bat baino gehiago aurkituko ditugu beraiengan.