[azpeitiazz.com] Azpeitia Zero Zaborrek ekainaren 17an Donostiara joateko dei egin die herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitia Zero Zabor 2012ko mai. 28a, 20:54
Azken asteak hondakinen gestioaren eta bilketa sistemaren inguruko eztabaidan eman eta gero, urrats garrantzitsu baten atarian aurkitzen gara gipuzkoarrok. Abenduan Zubietako errauskailuari jarritako moratoria, ekainean amaituko da. Hau da, hurrengo asteetan erabakiko da Gipuzkoak zein hautu egingo duen bidegurutzean: errauskailuarena eta, ondorioz, eredu linealaren aldeko hautua; edo, zero zabor programaren aldekoa, eredu zirkularraren bidean sakonduz, murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz.\ \ Duela astebete eskas, Europako Parlamentuak, Europako Batzordeari eskatu zion legea alda zezala zabortegiak kentzeko eta, 2020tik aurrera, birzikla daitezkeen gaiak erraustea galarazteko. Berri pozgarria inondik ere. Baina egun berean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, kontrako norabidean eman nahi izan zen urratsa. Europan orain arteko zabortegi eta errauskailuak bertan behera uzteko apustua egiten ari diren bitartean, zein interes daude Gipuzkoan errauskailu bat eraikitzeko?\ \ Egoera hau izanik, erronka handia dugu, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hurrengo asteetan hartu beharreko erabakian eragiteko, herritarron mobilizazioak indartu behar ditugu. Asko dago jokoan eta ez dugu ahaztu behar, orain hartzen den erabakiak, hurrengo urteak ere baldintzatuko dituela. Gauzak honela, erantzukizuna bikoitza da, etorkizuna dago jokoan.\ \ Guzti honengatik eta momentuak hala eskatzen duelako, dei egin nahi diegu azpeitiar guztiei, ekainaren 17an Donostian 'Aire garbiak bira nazan, zero errausketa' lemapean egingo den mosaiko erraldoian parte hartzera. Baita datozen asteetan, Azpeitian antolatuko ditugun ekimen ezberdinetan parte hartzera eta, zero zabor programaren alde eta erraustearen kontra, Usurbilen ikono bihurtu diren errotak balkoietan jartzera ere. Koloretako etorkizun bat nahi dugulako, beharrezkoa delako eta posible delako! Lortuko dugu!\ \ Mosaikoa osatzeko erabiliko diren kartulinak gaurtik hasiko gara banatzen, eskuratu ezazu zeurea!\ \ Azpeitiko ekimenen egutegia:\ \ - Ekainak 6, 21:00etan: 'Errausketari ateak ixten' dokumentala ikusgai Betharramgo aretoan.\ \ - Ekainak 9, 12:00etan: kazetarien galderei erantzunez, gosaria Sanagustin Kulturgunean.\ \ - Ekainak 13, 21:00etan: 'Zero Zabor programa. Eta errefusarekin zer?' hitzaldia Betharramgo aretoan.\ \ - Ekainak17, 12:30ean: Mosaiko erraldoia Donostian. 'Aire garbiak bira nazan. Zero errausketa'.\ \ Oharrak:\ \ - Errotak salgai eta kartulinak, astearte eta ostiraletan azokan eskuratu ahal izango dira.\ \ - Autobusak jarriko dira ekainaren 17rako.