Birzikla daitekeena erraustea galarazi nahi du Europako Parlamentuak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitia Zero Zabor 2012ko mai. 25a, 03:40

berria.info

Birzikla daitezkeen hondakinak errausteari atea itxi nahi dio Europako Parlamentuak. Hori eskatu dio Europako Batzordeari: legea alda dezala zabortegiak kentzeko eta, 2020tik aurrera, birzikla daitezkeen gaiak erraustea galarazteko. Ingurumenean kaltea egin dezaketen jarduerak ez direla diruz lagundu behar ebatzi du.

Atzo bozkatu zuten hori dioen txostena. 479 parlamentariren babesa jaso du; 66k kontra egin dute, eta 63 abstenitu egin dira. 2020rako birziklatze helburuak berriz aztertzeko eskatu diote parlamentariek Europako Batzordeari.

 

Europako Parlamentuak uste du produktuen diseinua hobeto egiteak onura egiten diela ekoizleei eta kontsumitzaileei. Energiarekin zerikusirik ez duten produktuen diseinu ekologikoa zabaltzeko eskatu dio Europako Batzordeari, produktuen iraupena handitzea, berrerabiltzea, konpontzea eta birziklatzea posible egiteko. Txostenaren arabera, produktuen etiketek kontsumitzaileei informazioa eman behar diete natur baliabideen erabilerari buruz eta ingurumen eraginari buruz.

«Europako Parlamentuak eta Batzordeak asmo handiko planak ezarri dituzte, natur baliabideen erabilera eraginkorragoa bultzatzeko. Orain, estatuek hartu behar dute lekukoa. Txostenak dioena aplikatuko balitz, ekonomia hazi, enplegua sortu eta ingurumena babestuko litzateke. Zeren zain gaude?», galdetu du txostenaren egile eta Herbehereetako diputatu liberal Gerben-Jan Gerbrandyk.

Parlamentuak estatuei eskatu die martxan jartzeko ingurumenari buruzko zerga sistema, eta gogorarazi du modu horretan lan errentak zergapetzen dituzten bestelako zerga batzuk gutxitu daitezkeela, baita lehiakortasuna handitu eta garapen teknologikoari bidea erraztu ere.

Gipuzkoan, kontrako bidean

Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatua pozik agertu da. «Hori da jeltzaleen politika: kudeaketa plan zehatzak martxan jartzea birzikla daitekeena hobeto berrerabiltzeko eta erabili ezin daitekeena deusezteko». Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak nabarmendu du erraustearen aurka egin duela Europako Parlamentuak, eta iragarri du bide horrekin bat egingo duela diputazioak. Kontuak eskatu dizkie EAJri, PSEri eta PPri; Europako Parlamentuan erraustearen aurka bozkatu zuten atzo, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zubietako plantaren alde. «Ez du zentzurik», adierazi du Alduntzinek.