Sekulako loteria tokatu da herrian

Erabiltzailearen aurpegia AzpeitiaTente 2017ko mar. 23a, 18:28

Ba, bai, albisteak ez du oihartzun handirik izan eta inor gutxi enteratu da. Azpeitiko herriari, zehazki, 20.387.958 euro tokatu zaizkio. Eta hauxe da denon galdera: nor da, ba, zorte hori izan duena? Ba, gu guztiok gara zortedunak, denoi tokatu zaigu 20 milioi euroko zorra ordaintzea. Bai, bai... zorte txarra izan dugu. Herritarrok ez dugu dirua poltsikoratuko, ordaindu baizik, eta 35 urte izango ditugu horretarako.

20 milioi euro ez da gutxiesteko moduko zifra, oraindik eta gutxiago, herriari ezkutatzekoa. Eta zor hori gutxi balitz, sinatuko den kontratuak ere baditu hamaika arantza; izan ere, ordaindu beharreko zor horrek lehentasuna izango du beste guztien artean, aurrekontuak ez dira onartuko zor hori kitatzeko dirurik ez badago...

Azpeitia kide duen mankomunitateko zein herriko arduradunak jakinarazi al ditu kontratuaren xehetasun eta diru kopuru horiek? Eman al du publikoki horien berri? Eztabaida kaleratu al du? Egin behar luke, baldin eta hitzeko pertsona bada. Kalte gehiegi bailekarke, zaborra behar bezala kudeatuz gero, beharko ez genukeen erraustegi bat egiteak.