Hazien txokoa egongo da bihar Azoka Herritiken

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik | Azoka herritik | Artikulua
2016-09-16 09:40

Bihar, irailak 17, hazien txokoa izango da Azoka Herritiken, Euskal Herriko Hazien Sarearen eta Hazieraren eskutik. Tailerrak eta jolasak egingo dira bertan, eta Gazte Informazio Bulegoan izena eman behar da bertan parte hartzeko.

Goizean zehar, esperientziak eta haziak trukatzeko espazioa egongo da, eta haziak ekoizteko tailer bat egingo da. Bertan fruitu eta landareen hazien jasotzea eta garbitzea landuko da. Tailer teoriko-praktikoa izango da.

Bestalde, bioaniztasunak elikadura eta laborantzan eduki duen paperaren inguruan bi ekintza egongo dira: bata, 'mapa munduaren jokoa', laborantzen jatorriarekin lotura duena, eta bestetik, 'hiru plateren jokoa' historian zehar Euskal Herriko begetal ohikoenen baitan gogoeta bat egiteko balioko duena. Hiru ekintza horietan parte hartzera deitu dute antolatzaileek, horretarako, Azpeitiko Gazte informazio bulegoan (943 15 71 60) eman behar da izena.

'Haziak, harreman bide' 

Nekazaritzaren jatorritik, haziak, inguruko komunitate eta kulturen arteko harreman bide izan dira. Eskutik eskura mugitu dira planeta osoan zehar eta iristen ziren lurraldeetako baldintzetara egokitu dira. Leku bakoitzeko ezaugarriak bere egiten zituen. Nekazari-haziak ondare unibertsalaren tokiko adierazpena dira.

Hala ere, nekazari jardueren modernizazioak nekazarien ondare hau mespretxatu du. Eraginkortasunaren eta etekin ekonomikoaren aginduak, aniztasuna homogeneotasun itsasoan itotzen du eta landa eremua, nekazari haziek lekurik ez duten paisaia bihurtzen du. Egungo nekazariei ukatu egin zaie beren haziekin harreman zuzena eta egunerokoa izatea. Beste batzuek erabakitzen dute zein hazi erein behar duten eta nola. Azken finean, zer jan behar dugun erabakitzen dutenak.

Hazien bitartez, gure urratsen historia irakur dezakegu. Herri nekazariek, beren lana eta ezagutzarekin, lurra habitatzen nola ikasi zuten. Haziak, industria nekazaritza murgiltzen ari den irteerarik gabeko kalezuloaren aurrean abisu oihuak ematen ari dira. Baina haziak, lan mota berriak lantzeko, elikatzeko eta esperientzia partekatuarekin elkar aberasteko modu berriak irudikatzen ahalbidetzen digun zubiak ere badira.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa