Bagatoz... bagoaz!

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2015ko uzt. 17a, 10:17
Bi urte igaro dira ahalegin kolektibo batean gure ideia, gogo eta helburuak batu genituenetik, bi urte Azoka Herritik ekimena abian jarri zenetik. Geroztik arlo oso ezberdinetako herriko talde eta pertsona ugari bateratu ditugu bidexkan, elkartzen gaituen horri bakoitzaren esperientzia, jakintza, denbora librea, borondatea eta lana eskainiz. Pentsatzeari, eztabaidatzeari eta helburuak adosteari garrantzia eman diogu, baina batez ere egitera gatoz.\ \ Herria da batzen gaituena, eta hau elkarlanetik egiteko eginahalean dihardugu. Gure ingurunea zainduz, bertako ekoizpena eta merkatu txikiak bultzatuz, kultur sorkuntzari eta euskarari bide emanez, herriko taldeak indartuz, aniztasuna errespetatuz eta herritarrak aktiboki inplikatuz. Bata bestearekin harremanduz egin nahi dugu aurrera, herritarrak ondo eta pozik biziko garen herria erakitzea dugu xede.\ \ Eskualdea krisiak bete-betean jo zuela aipatzen genuen lehen azokaren testuinguru hartan, moduak eta ereduak birpentsatzeko garaiak zirela genioen, eta ezinbestean, bidexka hauek lehiatik baino elkarlanetik egingo genituela sinetsita ekin genion egiteari.\ \ Denbora honetan udazkeneko azokak bere lekua egin du herriko agendan. Azoka Herritik Sanjoandegira eraman dugu gabonetan eta bigarren eskuko azokatxoak ere egin dira auzo ezberdinetako taldeekin elkarlanean. Herrialde txiroekiko kooperazio eta elkartasun talde ezberdinak batu ditugu eta geroztik batera dihardute ekimenak antolatzen. Herriko taldeen gida osatu dugu, baita taldeen lana errazteko agenda bateratua ere. Talde eragile batean biltzen gara arlo ezberdinetako lagunak, eta maiatzetik hasiak gara udazken honetarako azoka prestatzen.\ \ Garai ekonomiko zail batean abiatu genuen Azoka Herritik eta egoera hau aldatzen lagundu nahian jarraitzen dugu, elkarlana oinarri hartuta Azpeitian bizi, kontsumitu, lan egin eta gozatzeko modu berri bat eskainiz; herri solidario, anitz, sortzaile eta alai bat amestuz.\ \ Gure mugen jakitun, ez dugu eraldaketa egun batetik bestera lortuko baina, sinistuak gaude bide txikiak zeharkatzeak eramango gaituela bide handiagoetara. Bide txikiak dira azokak, nekazari gazteen iniziatiba berriak, Soreasuko elkargunea, kooperazio proiektuak, aniztasuna bultzatzeko ekimenak, kultur dinamikak, komertzio txikiak, ekintzaileak, taldeen arteko elkarlana eraginkortzeko tresnak. Eta bidexka hauek egiten pertsona asko gabiltza lan boluntarioan. Pertsona/pertsonak batzea eta batera lan egitea da gure erronka.\ \ Bagatoz eta bagoaz. Bi urtean egin duguna balioan jarri eta jarraipena emateko gogoz gaude. Irailaren 18an eta 19an izango da aurtengo azoka nagusia, eta hara begira hasiak gara herriko eragile desberdinekin egitaraua osatzen. Indarrak biderkatu nahi ditugu, aldaketan eragiteko beharrezkoa izango baitugu herritarrak aktiboki aritzea, antolatzea, parte hartzea zabaltzea eta eremu berriekin harremanak egitea.