Agenda bateratua eta herriko taldeen gida aurkeztuko ditugu gaur

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2015ko mar. 26a, 10:29

Azpeitiko herri mugimendua bizi-bizirik dago, 80 talde baino gehiago daude une honetan, bakoitza bere alorrean lanean. Baina ba al dugu elkarren berri? Beste alorretan lanean ari direnekin harremanetan jarri nahi badugu, ba al dakigu nora jo? Hainbeste talde, elkarrekin harremanik gabe, hitzaldi edo ekitaldiak elkarri zapaltzen dizkiogu sarritan, gainera. Hori guztia konponbidean jartzeko tresnak martxan jarri ditu Azoka Herritik ekimenak, eta haien aurkezpena egingo du gaur, 19:30ean Sanagustin Kulturgunean. Ekitaldi bizia izango da, eta elkarrekin harremanak egiteko aukera izango dugu gero, pintxo batzuk janez.

Talde guztien fitxak jasotzen dituen eskuliburua osatu du Azoka Herritik-ek. Herritarrek haien guztien berri izatea da helburu bat, herritarren eta taldeen arteko zubiak eraikitzea. Baina ez hori bakarrik; taldeak elkarlanean ere jarri nahi ditu. Elkarri laguntzeko elkarren berri izatea besterik ez baitago. Gidaliburu horretan argi eta garbi azalduko zaigu zer egiten duen talde bakoitzak, eta nora jo haiekin harremanetan jartzeko. Taldeen gida da hori, hain justu.

Baina ez da hori Azoka Herritik-ek gaur aurkeztuko duen tresna bakarra. Agenda bateratua ere aurkeztuko dute. Azpeitian ekitaldi asko eta askaotarikoak daude azkenaldian. Batzuek elkar zapaltzen dute ordea. Hori ekiditzeko, taldeek beraiek kudeatuko duten agenda bateratua jarri dugu martxan, Uztarria.eus webgunearekin elkarlanean. Taldeentzat beraientzat tresna paregabea izango da, eta baita herritarrentzat ere. Izan ere, Uztarria.eus-eko agendan herriko agenda osoa edukiko dugu, hemendik aurrera.

Gaur 19:30ean egingo dugu bi tresnak aurkezteko ekitaldia. Ekitaldi bizia izango da, eta eragile guztiak ez ezik, norbanakoak ere gonbidatuta zaudete.