Gabon hauetan ere Azoka Herritik

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2013ko aza. 29a, 17:15

Besteak beste, umeei begirako elkartasun azoka, baserritarren postuak, kultur emanaldiak, artisauak, bidezko merkataritza, Bertan merkatari elkartearen eskaintzak eta herriko taldeen postu eta materialak izango dira azokaren osagai. Data ezberdinek osatuko dute Azoka, baina abenduaren 27an eta 28an izango dira ekimen nagusiak.

Azoka Herritik ekimena abian jartzeko unean argi genuen asteburu batera mugatuko zen azoka bat baino gehiago zela egin nahi genuena. Honela, herriko sektore ekonomiko zein kolektibo ezberdinen elkarlanetik, eta herritarren parte-hartzetik bestelako eredu baten bidean xumea baino iraunkorra izango zen lan bati ekitea jarri genuen xedetzat. Horrela esan genuen hasieratik, eta horri lotzen gatzaizkio oraindik ere. Herriko ekonomia balore justuen gainean eraikitzea beharrezkoa ikusten dugu, egoerak horrela eskatzen du, eta herritarren artean lan honetan sakontzeko gogoa egon badagoela nabaria da. Horren erakusle dira, besteak beste, iraileko azokaren arrakasta eta azaroaren 9an ehundaka herritarrek eginiko manifestazio jendetsua.

Zentzu honetan, elkarlan horretatik bide berriak irekitzen joan gara azken hilabeteotan. Elkarlanetik proiektu berriak mamitzen ari dira, zeinak datozen hilabeteotan gorputza hartzen joango diren.

Gaurkoan Gabonen bueltan antolatuko dugun ekimen berria aurkeztera gatozkizue. Data hauen berezitasuna kontuan izanik, jaiak eta ospakizunak nonahi izango direla jakitun, egokia ikusi dugu egin nahi dugun bidean urrats bat proposatzea. Zentzu honetan, herriko ekonomia eta bizitza soziala indartzea helburu duen azoka berri bat antolatzekotan gara. Besteak beste, umeei begirako elkartasun azoka, baserritarren postuak, kultur emanaldiak, artisauak, bidezko merkataritza, Bertan merkatari elkartearen eskaintzak eta herriko taldeen postu eta materialak izango dira azokaren osagai. Data ezberdinek osatuko dute Azoka, baina abenduaren 27an eta 28an izango dira ekimen nagusiak.

Ekonomia lokala bultzatzea helburu izanda, beharrezkoa dena kontsumitzera gonbidatzen ditugu herritarrak. Erosketa zentzugabeak baztertu, eta behar dugun hori herrian bertan erosteko deia egin nahi dugu. Azokak ohiko saltokietan dagoen eskaintzaren osagarri izan nahi du. Herria bera, egunerokoan ere bada azoka bat. Zentzu honetan, herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu beren kontsumo ohituretatik ere eragin baitezakete ekonomia sustatzen.

Oraingoan ere, azokan parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi diegu herritarrei eta bertako taldeei. Horretarako, honako helbidera mezu bat bidali beharko dute abenduaren 6aren aurretik: azoka.herritik@gmail.com.

Honez gain, data hauetan ere herritarren arteko elkartasuna presente izateko deia zabaldu nahi dugu, urte osoan bezala. Mila esker eta gozatu datozen datak.