Abian da Auzokoren ikasturte berria

Erabiltzailearen aurpegia Auzoko 2015ko urr. 20a, 13:05

Mintzapraktikan oinarritutako egitasmoa da, modu ludiko batean euskararen oinarrizko ezagutzak barneratzen hasteko abiapuntua eta gainontzeko herritarrekiko harremanak sortu eta sendotzeko tresna. Zeregin horietan laguntzeko beharrezkoa da Auzotarren parte-hartzea. 

Martxan da Auzoko egitasmoaren ikasturte berria. Bigarren urtez euskara ardatz hartuta elkartzen hasi gara Auzotar eta Auzokideak, euskaraz dakiten herritarrak eta euskara ikasi nahi dutenak, alegia. Izan ere, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzea du helburu Azpeitiko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak bultzaturiko egitasmo honek.

Herritar bakoitzaren jatorri eta hizkuntzak ezagutu eta aniztasun hori errespetatu eta probestuko dugu Azpeitian integraziorako beharrezko duten hizkuntza, euskara, Auzokideen eskura jartzeko. Mintzapraktikan oinarritutako egitasmoa da, modu ludiko batean euskararen oinarrizko ezagutzak barneratzen hasteko abiapuntua eta gainontzeko herritarrekiko harremanak sortu eta sendotzeko tresna. Gela barruko saioez gain, kanpo ekintzak ere antolatuko ditugu ikasturtean zehar, herriko txokoak eta jendeak ezagutzeko.

Zeregin horietan laguntzeko beharrezkoa da Auzotarren parte-hartzea. Horregatik, astean behin egiten ditugun saioetara etortzera gonbidatu nahi zaituztegu, bakoitzak ahal duen neurrian eta maiztasunez parte hartuz.

Asteartetan biltzen hasi gara, 19:00etatik 20:30era Baigera I-eko aretoan. Anima zaitez! Zure zain egongo gara!