Hutsa nola bete

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2017ko uzt. 18a, 15:34

Ukaezina bezain bistakoa da gazteok etxebizitzarekin dugun arazo kronikoa, gainetik kendu ezin dugun gaitz horietakoa da. Egun, ez da erraza gurasoen etxea utzi eta gure teilatupe propioa izatea.

Sasi-emantzipazio bat lortzen dugu 18 urte bete eta ikasketak herritik kanpo egin izan ditugunetatik zenbaitek, baina herrira bueltatzeaz batera ohartzen gara ez dela bideragarria geure kasa bizileku propio bat alokatzea, eta zer esanik ez, etxe bat erostea.

Zorionez, azken urteotan Azpeitiko Udalak eman dituen alokairurako laguntzak direla eta, samurragoa zaigu etxe bat alokatzea. Hain zuzen ere, badira hilabete batzuk udaletxetik dei bat jaso nuenetik gai horren inguruko inkesta bat zela medio. Galdetu zidaten, besteak beste, etxebitzaren arazoa beste arazo batzuekin alderatuta, ranking batean zein postutan kokatuko ote nukeen. Ez nuke hipokrita izan nahi, eta aitortzen dut niretzat badirela etxe propioa izatea baino kontu garrantzitsuagoak, baina urrezko postua eman nion arazo honi, gazteok zinez garrantzitsua eta amorragarria den egoera bat bizi dugula jakin badakidalako.

Beranduago, irakurri nuen hainbat hotel berri irekiko dituztela Donostian, eta badirudi turistek behinik behin ez dutela lo egiteko leku faltarik izango Gipuzkoan. Irakurri nuen beste titular bat ere, zioena, Bilboko alde zaharrera gentrifikazioaren mehatxua heldu zela jada. Labur-labur azalduta, gentrifikazioak dakarrena da hiri eta herriguneen eraldaketa. Herritar xumeek etxebizitzak ordaindu ezin eta perfieriara joan behar izaten dute bizitzera. Orduan, gune hori elitizatu egiten da eta klase-maila altuko jendearetzat bilaka-tzen da. Hiri handietan pasatzen da, hainbat denda eta enpresa beren botere ekonomikoaz baliatzen direla, eta auzoaren bilakaera horretan eragile zuzen bilakatzen direla.

Galdetuko duzue zergatik lotu ote ditudan etxe hutsak, gentrifikazioa eta gazteok geure bizitoki propioa izateko ditugun arazoak. Bada, nonahi aurki ditzakegu etxe hutsak, eta beren etxea izan nahiko luketen gazteak aurkitzea ere ez da lan nekeza. Aldi berean, aldi baterako teilatupea lortzeko ahalegin berezirik egin behar izan ez duten turistak aurki ditzakegu hiri handien erdiguneetan lasai, poteatzen. Kontua da errazagoa dela etxerik izan ezin duen norbait topatzea, ostaturik gabeko turistak topatzea baino. Zalantza daukat, egun ez ote den asaldagarriago bihurtu uda pasatzera etorri den turista batek lo egiteko lekurik topatu ezin izana, herritarron etxebizitza arazoa bera baino.

Eraikin hutsen zarata

Egun, ez da zilegi bizitzeko leku bat behar duen norbaitek etxe huts bat okupatzea, baina onargarria da enpresa bat etxe hutsez baliatzea, auzoak erakargarri turistiko bilaka-tzea, herritarrak bertatik kanporatzea, eta, funtsean, herri bat beste herri baten bilaka-tzea. Eraikin hutsek zarata handia ateratzen dute beren isiltasunean, eta ez bereziki herritarrek okupatzen dituztelako. Axola duena ez da hutsa betetzea bakarrik, garrantzitsua da zerekin edo bereziki zergatik betetzen dituzun ere. Gazteok, edozer gerta ere, kondenatuta gaude gurasoen bizitokian logela bat libre edukitzera, edo turista dirudun bilaka-tzera, onartuak eta errespetatuak izan daitezen gu eta gure etxebizitza eskubidea.

(2017ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)