Akademia

Erabiltzailearen aurpegia Amaia San Vicente 2015ko eka. 12a, 10:30

Larunbata, goizeko zortziak. Aitor (hiru urte) ohetik jaiki da eta gurasoen ohera hurbildu da. Amak iratzargailua begiratu, hasperen egin, eta pixka batean telebista ikus dezala esan dio, gaur ez duela ikastolara joan beharrik. Begiek dir-dir egin diote Aitorri. Ziztu bizian joan da sofara, eroso jarri eta zalantzarik ez du izan, 21a sakatu du urrutiko agintean: Disney Channel. Mickey Mouse, Minnie eta enparauak agertu zaizkio, gaztelera ederrean mintzo. 

Koxkortu da gure Aitor. 12 urte ditu jadanik. Gaur ere goiz jaiki eta telebista piztu du. 'Ninja dordokak' ditu orain gustuko. Manhattango estoldak, jateko azkarraren ikono bihurtu diren pizza erraldoiak... Estatu Batuetako bizitzaren ajeak dakarzkiote pantailako irudiek burura mutilari. Hizkuntzaren arrastorik ez. Berak badaki, dagoeneko, inperio amerikarretik datozen serie guztiak, telebista digitalizatu zaigunetik, ingelesez ikusteko aukera duela. Hizkuntzaren botoia sakatu, besterik ez du egin behar. Baina, ez da gai, edo ez du nahi. Zaila egiten baitzaio Leonardo, Michelangelo, Raphael eta Donatellok egiten duten ingelesa, bizia eta naturala, jario azkarrekoa, ulertzea.

Aita azaldu zaio salako atean. Azkar gosaldu eta jantzi dadila, akademiara berandu iritsiko dela esanez. Aitorrek bekozkoa jarri dio, ez du gogorik bertara joateko, hizkuntza menperatzeko baliorik ez duten gramatikako ariketa errepikakor horiek egiten aspertuta dago. Eta orduantxe hasi zaizkio gurasoak larunbateroko matraka ematen: kaxa tontoaren aurrean alferkeritan ibiltzeari utz diezaiola, ingelesa ikastea oso garrantzitsua dela, etorkizunean mundu zabalera abiatuko dela, beste askok klasea ordaintzerik ez dutela... Eta, aurten, nativo bati entzuteko parada duela. Bejondeiola!