Soka luzean

Gau gorrian lasai hegan

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2023ko abu. 4a, 08:00
Saguzarra.

Amaia Alberdik 2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Harrigarria da. Harrigarria da egunaren azken orduetan, gaua iritsi baino lehen, animalia horien hegaldiak ikustea. Era oso berezian egiten dute hegan, bizi, eta aurresan ezin den nondik norakoan. Ugaztunen taldean hegan egiteko gaitasuna duten animalia bakarrak dira; gainera, ez edonola: ultrasoinuak igortzen dituzte, eta horien oihartzuna darabilte iparrorratz modura.

Aspaldidanik gaizkiarekin lotu izan da saguzarra, baita heriotzarekin eta odolarekin ere. Gure etsaitzat kontsideratu da urte askotan; horren adibide da euskarazko animalia horren saguzar izendapena bera; izan ere, agerian darama -zar gutxiespenekoa. Alabaina, usteak erdia ustel. Saguzarren gehiengoa –%70a– intsektuz elikatzen da. Jatun onak dira, gainera, beren pisuaren herena gau bakar batean irents baitezakete, bakoitzak 3.000 bat eltxoko otordua eginez. Hori dela eta, izurrien kontrolerako aliatu bikaina da saguzarra. Kopuru txikiagoetan, baina badira fruta, nektar eta polenaz elikatzen diren saguzarrak ere. Talde horren garrantzia erabatekoa da, saguzarren hegaldiak hazien sakabanaketa eta polinizazioa egiteko erabiltzen baitira. Bestalde, saguzarren gutxiengo bat animalia txikiagoez elikatzen da, eta soilik hiru saguzar espezieren elikagai iturria da odola.

Galtzeko arriskuan dago Euskal Herriko saguzarren gehiengoa. Ondorioz, hainbat adituk azpimarratu dutenez, guztiz beharrezkoa da saguzarren atsedenlekuak eta jokabidea babesteko neurriak hartzea. Neurri horietan eraginkorrena kobazuloetan pertsonek duten joan-etorria erregulatzea izan da; kasu batzuetan, bertako saguzarren egoera larria dela eta, kobazuloen sarrerak ixteko babes neurriak ere hartu izan dira.

Hego Herbehereetako Nieuwkoop herrian, ordea, kobazuloak ixteaz haratagoko babes neurriak hartu dituzte saguzarren mesedetan. 27.000 biztanleko herri horretan, uhin luzera luzeko argi gorriak saguzarren jokabide gautarrean gutxiago eragiten duenez, kaleetako argiteria ia dena gorria da. Gizakion loaldian ere badu eraginik argi gorriak; uhin luzera luzeko argi horrek erlaxatu egiten gaitu eta loaldi sakonagoak errazten dizkigu. Guztia probatzea da, edo?