Bizitzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2015ko uzt. 1a, 10:08

Bizitzaz aritu nintzen azken sarreran, bizitza nolabait gure bizitzetako bideak eraikitzeari, bide horretan ibiltzeari atxikiz. Bizitzaz teorizatzea baino, bizitza bera bizitzea litzateke bidaiarion funtsa. 

Jaio.Musika.Hil esloganaz metaforizatu zuen Berri Txarrakek bizitza. Badira bizitzeari buruzko hainbat mito ere: zuhaitza landatu, liburua idatzi eta seme-alabak izan ondoren hil zaitezkela, adibidez. Edo ikasi izan ditugu bizitzaren zikloak, non bizitzak etapa zehatz batzuk biltzen dituen. Adinaren araberako bizi etapak ere bereizi izan dira, haurtzarotik hasita zahartzaroraino, fase bakoitzerako milaka teoria sortuz, garaiko ezaugarri eta arazoen isla bailiran.

Teorizatze horretan, sexu, kultura eta baldintza sozio-ekonomikoen eragin estrukturalak kontuan hartuko balira, beti geratuko lirateke bizi eredu batzuk at, batean zein bestean kategorizatu ezin diren bizitzak baitira aniztasunaren ispilu. Teoriarik onenek ere ezin dute biografia bakoitzaren esentzia bildu.

Zer da baina bizitzea, eta zertan bereizten da bizitza onaren kontzeptu hain nahasi, baina erabiliarekin? Bizitzea bihotzen taupaden jarraikortasunean baino, bizitza onean ulertu ei dugu, duintasuna bera eskubidetzat, bizi duin unibertsala aldarri.

Zahartzaroaz eta bizitzeaz hausnartzen dudanetan, baina, beti sortzen dira nire baitan erantzunik bilatu ezin (edo nahi ez) dizkiedan galderak. Bizitze duinaz ari naiz, duintasuna bera kontzepzio materialetik aldenduz gero, guztiz erlatibizatzen baita. Eta erlatiboa behar du izan, noski, moral kutsuez haratago, ni ez bainaiz inor zuk zure bizitza nola bizi, nola garatu, nola eta noiz amaitu behar duzun iradokitzeko, duintasuna definitzeko. 

Horrenbestez, nire miresmenik gorena aitortu nahi nizueke besteon bizitzak duinak edo behintzat atseginak, xamurrak, erosoak, arinak... izan daitezen, bizitza bizitzeko hain beharrezkoak ditugun zaintza lanetan diharduzuenoi.

Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.