Isildu ez!

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2015ko uzt. 9a, 18:16

Ia hiru urte pasatu dira tartetxo honetan nire lehen iritzi artikulua idatzi nuenetik. Ia hiru urte bere egun eta gau guztiekin, negu eta udekin, jai eta oporrekin. Askotan, norberak intimitatean pentsatu edota esaten dituenak hona ekarriz pasatu da denbora. Noski, ez bururatutako guztiak. Baina hiru urte Urola Kostako Hitza-k eskaintzen didan atalaia honetara igotzen, hilean behin, eta bururatutakoak eta egindako gogoetak hona ekartzen. Askotan zalantzan ea esandakoa, pentsatutakoa, irtzitakoa... norbaiti interesatuko ote litzaiokeen. Gero konturatzen nintzen baietz. Kalean, norbaitek aipatzen zidalako irakurri zuela, zera pentsatzen zuela, edo bestea, edo tira.

Aukeratu izan ditudan gaiak xalotasunez eta apaltasunez aukeratu ditut. Batzuetan zenbaiten iritzietan zuzenean eragin nahian, besteetan, niri gertatutakoa edo nik sentitutakoa plazaratzeko asmo hutsez. Horregatik, gaiak ugari eta desberdinak izan dira. Politika, langabezia, desobedientzia, dirua, berdintasuna... Asko era gogorragoan edo mikatzagoan landuta, beste asko light formatuan edo, sexuan deitzen dioten moduan, bainila eran.

Hasten dena amaitzen ere jakin behar da, ordea. Gogoan dut hasteko gonbita jaso nuen unea. Asteartea zen, azokan nenbilen erosketak egiten, eta tak, hortxe jo zidan telefonoak. Orain, telesailen moduan, uda iristean datorren denboraldiko parrilla prestatu behar. Batzuk berritzen dute, eta beste batzuk ez.

Oraingoan, niri tokatzen zait ordezkoen eserlekura joatea, iritzi eta ideia berriei lekua egitea. Horrek ez du esan nahi lotura guztiz galduko dudanik. Nork daki! Izango dugu elkarren berri, ziur. Dena den, espazio hau ez da hutsik geratuko. Aire berriekin eta kritikatzeko gogoz etorriko dira besteak ere.

Kritikatuko dute eta iritzia emango dute, bai. Baina ez da erraza izango. Alderdi Popularraren azkeneko neurriak 1942ra ekarri gaitu-eta. Gizartea denboraren makinan sartu eta 70 urte baino gehiago atzeratu gaitu alderdiak Mozal Legearekin. Horregatik, hil honen hasieratik eta, behintzat, legegintzaldia agortu bitartean, iritzia ematea askatasunez eta kazetaritza lanak egitea zailagoa izango da.

Askotan egunkari zein telebistetan agertutakoak epaitegietan amaitu izan dira. Aldeko eta kontrako, baina irudiek-eta garbi erakusten zuten zer gertatu zen une konkretu batean. Orain, grabatzea eta kontatzea debekatuta dagoenez, nekez balioko dute horretarako.

Dena den, gazteak garenok ez dugu bizi izan, baina aiton-amonen ahotsetan entzun izan ditugu frankismoan-eta bizitakoak. Ia dena zegoen debekatuta, ia ezer ezin zitekeen egin, baina horrek ez zuen esan nahi egiten ez zenik, kontatzen ez zenik.

Hori gogora ekarri beharko dugu orain frankismo garaiko lege berri honekin. Gauzak zaildu dizkigute, bai, baina isildu ez!

Ni banoa, beste bat etorriko da nire lekura, hura ere ez isiltzea espero dut, ni ere isilduko ez naizen moduan.

Laster arte!

(2015eko uztailaren 9an Urola Kostako Hitza-n argitaratutako artikulua)