Talentu kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2014ko abe. 19a, 11:03

Ez dira egun asko pasatu Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta Prestik gazte enplegu eta formazio azokan izan nintzela. Azokaren erdi-erdian Eures erakundearen postua zegoen. Europan lan egin nahi dutenei bideratuta dago Eures. Egia esan, ez ninduen harritu, beste edizio batean ere gutxi gorabehera leku berean baitzegoen kokatuta. Bestelako enpresa eta erakunde piloren postuak ere bazeuden azokan: Tyba, unibertsitate desberdinak, Lanbide, Infojobs… Erakargarri moduan, gehienek nazioarteko lan merkatua erabiltzen zuten. Erakunde horietako edozeinek zabaltzen zizkien Europako zein atzerriko ateak gazteei.

Atzerrian egonaldi bat egitearen onurak ezagunak dira. Beste errealitate soziokulturalak ezagutzen dituzten pertsonek beti izaten dute mentalitate irekiago bat. Ikuspegi globalagoa eta pertsonalagoa eraikitzen laguntzen die beste herrialde bat ezagutzeak, eta noski, lan egiteko modu berriak esperimentatzeko aukera eskaintzen die. 

Kanpora joateak aukera bat izan behar du. Pertsonarentzat aberasgarria, baina inondik inora ez derrigortasun bat. Nik, behintzat, hori pentsatzen dut.

Badirudi krisia medio eta langabezi tasa murrizteko modu bakarra atzerrira joatea dela, edo horrela ulertu dute zenbait agintarik. Pentsatu duzu nolako arriskua duen irtenbide hori bakarrik sustatzeak? 

Gutako bakoitzaren formazioa, heziketa, pertsona bilakaera… gizarte inbertsio bat da. Gure pertsona eta profesional izaera ez da bakarrik eskolan edota unibertsitatean garatzen, gure egunerokotasunean lantzen da. Gizartean ditugun harremanak garatzen du gure talentua, bakoitzak gizartean egin dezakeen ekarpena. 

Horregatik, gure artean aukerarik topatu ez eta bere burua kanpora joatera derrigortuta ikusten dutenen kasuan, talentua galtzen ari gara, gure inbertsioa galtzen ari gara, lehiakortasuna galtzen ari gara. 

Ondo dago atzerriko aukerak izatea, eskaintzea, baina landu dezagun norberaren herrira bueltatu eta tokian tokiko garapenean lan egiteko aukera ere. Susta ditzagun bertako talentuak aprobetxatzeko kanpainak. Egin dezagun esfortzua. Etorkizuneko apustua da eta.

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-12-18)