Gau ilun batean…

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2013ko mar. 11a, 23:11

Esnatu egin naiz. Zarata handiak entzuten dira nire lekutxoaren kanpo aldean. Ez dut ezer ikusten, ez dut lehiorik, eta atea itxita dago, beti moduan.  Baina zaratak beldurtu egin naute.

Dagoeneko gaua da, goizeko hirurak aldera izango dira, ilargia zeruaren goi partean dizdira izango da.

Ez dakit zer dioten, ez dut ulertzen. Ez naiz gai ongi ulertzeko. Baina bat baino gehiago dira. Nire gelakidea ere esna dago, baina ni moduan, koltxoi humelean izkutatzen saiatzen da. Izara azpian gordetzen gara. Baina dardara nabari da. Ohialek ez dute gure beldurra mozorrotzen. Izan ere, horrelakoak izaten diren bakoitzean, gauza arraroak gertatzen dira. Ez dira inoiz albiste onak izaten.

Bat batean gure ziegako atea zabaltzen da. Zabal zabalik dago, baina ia ez da argirik sartzen, korridoreko argia noski. Ate parean dauden gizonezkoek estatzel dute. Asko dira. Aurrean, lehen postuan, bat, garaia, gihartsua, gaztea dirudi, baina ez dut ongi ikusten, argi gutxi dago, eta mihiseen babesean jarraitzen dut.

Nire izena irakurtzen dute, baina ez dut ezer esaten. Ez gara mugitzen. Nire laguna dardarka dago. Negarrez ari dela dirudi. Baina nire arreta lagunarengan dudan bitartean niregana gerturatu dira gazteak, korrika, presaka, mugimendu bortitzekin, eta horietako batean zaku bat jarri didate buruan, ohetik atera naute, arrastaka. Uste dut, pixa egin dudala koltxoian tira egin didatenean.

Lurrera bota naute. Mina sentitu dut, baina gizonezkoen bota gogorrak buru eta hanken gainean jarri dizkidatenean baino gutxiago. Soka moduko batekin lotu dizkidate eskuak eta kolpe hotz batez tente jarri naute. Erdi biluzik, blai eginda, burua patata zaku batekin estalita, oinetakorik gabe… bultzaka iraintzen nauten bitartean ia korrika gune hartatik naramate. Eskailerak jaixtean erori egin naiz. Barre egin dute gainera. Eta ostikoka jaiki arazi naute. Kanpora iristean lokatza sentitu dut. Lohia nire oinetan pegatzen da. Euria ari du, eta giro hotza da gaurkoa. Dagoeneko, ordea, berdin dio horrek.

Negarrez noa. Ez dakit zergatik. Mina agian? Arimako mina? Min ideologikoa?... Ez dakit.

Kolpe batean, gurdi batera –edo igo naute. Bota hobe esanda. Burnia ere sentitu dudala esango nuke. Armaren bat, behar bada.

Gurdian edo kamioian erori ahala beste gorpu batzuk sentitu ditut. Ez dakit zein diren. Beraiek ere urduri daude. Batzuk dardarka, beste batzuek negarrez. Denak bustita gaude, dagoeneko, euriaren eraginez, ez da nire pixa usaina nabaritzen, hala ere, ez nago lotsatuta, ez dakit besteek ere ez ote duten egin.

Mugitzen hasi gara. Gehiago buztitzen gara abiaduraren eraginez. Batzuk otoitzean dira, beste batzuk negarrez, haur bat ere entzuten dut. Nik ez dakit zer egin, urduriegi nago. Oso urduri.

Balaztada zakar bat. Autoa gelditu egin da. Tira egin gaituzte lurrera. Ohiuak entzuten dira; orruak. Zarata burrunbatsu bat. Isiltasuna…

Horrelakoak 1936ko gerrara eta Frankismo garaira eramaten gaituzte. Gehienok hori pentsatu duzue. Baina oraintxe, bai, hau irakurtzen ari zaren bitartean, horrelakoak gertatzen ari dira munduan. Ez da bidezkoa… Noiz arte?

 

2013ko martxoaren 7an Urola-Kostako Hitzan argitaratua