Haur gizentasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2019ko mar. 6a, 09:45

Aitziber Aizpuruk Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Osasun publikoarentzat erronka garrantzitsua da haur gizentasuna. Arazoa gehiagora doala begi-bistakoa da: Europan 11 urteko hiru umetik batek gehiegizko pisua du. Ohitura osasuntsuak izateak, umeen ongizatea areagotzeaz gain, diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko aukerak murrizten ditu. Ume osasuntsuak heztea gure betebeharra da, eta beraien eskubidea. Etxea eta eskola dira ohitura osasuntsuk sustatzeko eremu naturalak. Horiekin lotuta, hemen proposamen batzuk.

Animatu zaitez beraiekin erosketak egitera. Horrela, garaiko frutak eta barazkiak zeintzuk diren ikasiko dute modu naturalean. Saiatu beraiek erabaki dezaten zer erosi, eta erositakoa elkarrekin kozinatu; oso dibertigarria izan daiteke, eta aukera bikaina ohitura egokiak sustatzeko. Ondoren, prestatutako guztia etxekoekin edo lagunekin dastatu. Eredu izan behar dugula ez ahaztu, eta hori ekintzekin erakusten da. Zer ikusi, hura ikasi!

Ohiturekin jarraituz, haurrek lo ordu asko behar dute, atsedena oso garrantzitsua da. Pantaila aurrean ematen duten denbora ere zaindu behar dugu. Ipurdiak astintzera animatu! Eta ez ahaztu haurren ahalegina goraipatzea, pisua aipatu gabe! Egunen batean asko eskertuko dizute.