Osteoporosia

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2017ko mai. 29a, 19:34

Osteoporosia hezurretako gaixotasuna da. Horren ezaugarri nagusia da hezurrak hauskor bihurtzen dituen mineral dentsitate txikia.

Elikadurak garrantzia handia du gaixotasun horretan, eta mineral beharrak oso kontuan izan behar ditugu. Kaltzioaz gain, magnesioa, fosforoa eta proteinak ere protagonismo berezia dute.

Sodio (gatz) asko duten dietak arrisku faktore dira osteoporosiaren aurrean; emakumeetan, bereziki. Sodioa, asko hartzen badugu, giltzurrunen bidez kanporatu behar dugu, eta harekin batera arrastatzen da kaltzioa ere. Ondorioz, hezurren dentsitatea jaitsi egiten da. Finean, gomendagarria da sodio gutxi duen menu bat osatzea.

Hezur gutxiago sortzeaz eta gehiago hondatzeaz arduratzen diren faktore hormonalez gain, D eta K bitaminek ere badute zerikusia. K bitamina hosto berdeko barazkietan topa dezakegu, eta D bitamina eguzkiaren izpiekin sintetizatzen dugu.

Beraz, ariketa fisikoa aire librean egitea eta elikadura egokia jarraitzea beharrezkoak dira gaixotasun hori saihesteko eta tratatzeko. Elikadura plan horretako protagonistak dira fruitu lehorrak, hosto berdedun barazkiak, egoskariak, esnekiak...

Ondo jan, asko ibili eta eguzki izpiez gozatu.