Fast food

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2016ko mai. 4a, 11:02

Gaur egun, oso modan daude otordu lasterrak: hanburgesak, saltxitxak, patata frijituak... Aditiboz, kontserbantez eta gantz saturatuz beteak dira.

Janari mota horiek gazteentzako oso deigarriak dira eta gero eta kontsumo handiagoa dute gure inguruan. Erakargarriak, goxoak eta oso erosoak dira, baina osasunarentzat batere gomendagarriak ez. Baina, nola konbentzitu ditzazkegu gure seme-alabak elikagai onak eta goxoak kontsumitzera?

Lehenengo, jakin beharra dugu, azkar, goxo eta oso osasuntsu jatea oso erraza dela, lehengaiak esku-eskura ditugulako. ‘Fast food’ osasuntsuak badaude eta horiek defendatu behar ditugu. Bertako produktuak erabiliz eta gurasoen elikadura ohiturak berreskuratuz eta multinazionalak ahaztuz.

Entsaladak, zopak, egoskariak, barazkiak, zerealak, tortillak... gure ‘fast food’-ak izan dira eta izan daitezela seme alabenak eta ondorengoenak ere! Gure aitona-amonek edota gurasoek erakutsitako jateko era eskura –eta ahora– jaso dugun altxorra da eta ondorengoei transmititzea gure esku dago. Gure burua zaintzea eskubidea eta betebeharra dugu.

Goxo eta osasuntsu jan dezakegu, gozatuz eta elikatuz. Eta nik konbentzitu al zaitut?

(182. Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).