Asmo osasuntsuak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2016ko urt. 27a, 10:23

Urte hasiera oso une egokia da elikadura ohiturak hobetzeko eta osasunean inbertitzeko. Egia da, helburuek plangintza behar izaten dutela bete ahal izateko. Horregatik, lagungarri diren ideia batzuk dituzue jarraian.

Eguneroko menuaren plangintza egin, mota ezberdineko janariak eta errazioak kontuan izanik. Erosketak egiterakoan, erosi beharreko janarien zerrenda eginda eraman beti. Ezarri aurrez erosketetarako sekuentzia: lehenengo galkorrak ez diren janariak, ondoren freskoak direnak eta azkenik izoztuak (galerak saihesteko). Etiketak irakurri, zer erosten ari garen jakiteko. Begiratu ontziak osorik dauden, hau da, hondatu, herdoildu eta mailatu gabe al dauden. Ikuskatu frutaren, barazkien, arrainen eta haragien freskura. Beti garaiko produktuak aukeratu, eta bertakoak! Eta ez ahaztu ariketa fisikoaren beharra dugula gure osasuna mantentzeko.

Munduko Osasunaren Erakundeak 2007an eman zuen datu batek hala dio: ariketa fisikoa egiten duten pertsonek euren elikadura ohiturak hobetzen dituzte eta elikadura osasuntsua dutenek ariketa fisiko gehiago egiten bukatzen dute. Mezua oso argia da. Hasi urtea zuk nahi bezala!

(Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau)