Maiztasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2015ko aza. 4a, 09:46

Oporretan gure beharren gainetik jan eta edan ondoren, gorputzak ordena eskatzen du. Horregatik, oso garrantzitsua da gure asteko menuak ondo antolatzea. Izan ere, horrek, inprobisazioa gutxitzea eta oso osasungarriak eta komenigarriak ez diren janariak baztertzea baitakar. Gainera, erosketak egitera beti zerrenda eramateak, tentazioetan erortzeko arriskua gutxiagotzen lagunduko digu.

Hona, eguneroko menua planifikatzeko jarraibide batzuk:

Barazkiak, gordinik eta egosita, egunero bi platerkada jatea beharrezkoa da. Garaian garaikoa eta hemengoa izateak izugarrizko garrantzia du, eguneroko bitamina eta mineral beharrak askoz ere hobeto betetzeko. Pasta, arroza, zerealak, ogia eta patatari dagokionean, integralak izatea eta egunean lau-sei razio jatea aholkatzen da. Adibidez, patata handi bat, platerkada arroza edo pasta eta 3-4 ogi xerra. Esnekiak­–esne basoa, jogurt bat edo pare bat gazta lontxa– egunean bi edo lau razio eta hiru fruta anoa. Egoskariak astean hiru bat platerkada jatea aholkatzen da eta fruitu lehorrak bost eskukada; lau arrautza astean. Haragiari –zuria, batez ere– eta arrainari ­–urdina eta zuria– dagokionean, astean hiru-lau razio gomendatzen dira.

Eta, beti, geurea eta hemengoa!

(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau)