Antxoak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2015ko eka. 10a, 10:36
Antxoa arrain urdina da, koipetsua eta kalitate handiko proteinetan aberatsa. Arrain urdinetan dagoen koipea omega-3 gantz azidoetan oso aberatsa da. Gantz horiek kolesterola eta triglizeridoak jaisten laguntzen dute. Gainera, odolaren zirkulazioa arintzen du eta horrek koaguluen sorrera sahiesten du. A eta D bitaminetan ere aberatsa da.

Purinak dira, antxoak duten eragozpen bat, beste arrain urdinak bezalaxe. Purina horiek gure gorputzak azido urikoan eraldatzen ditu; beraz, hiperurizemia edo gota duten pertsonek kontutan izan behar dute.

Labean erreta, lurrunetan egosita edo plantxan prestatzen badira, beren zaporea oso ondo mantentzen dute eta balore energetikoa ez da ia aldatzen.

Arraina erraz hondatu daiteke, oso janari galkorra delako. Beraz, erosi eta ahalik eta azkarren jatea komeni da. Gainera, beti kate hotza mantentzea komeni da, bai erosten den lekuan, baita etxera iristen garenean ere.

Arrainari erraiak kentzea komenigarria da, elikadura segurtasunagatik eta beti hozkailu edo izozkailuan gordetzea aholkatzen da, prestatu arte.

Jan antxoak, beti freskoak!

Uztarriaren maiatzeko zenbakian argitaratutako artikulua.