Urretxuko bidea

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Gorrotxategi 2016ko mar. 10a, 10:30

Joan den asteburuan jakin genuen Foru Aldundia aurrera doala Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea hobetzeko lanekin. Lan horiek mesede zuzena ekarriko digute hainbat eta hainbat arrazoirengatik GI-631 errepidea erabili behar izaten dugun ehunka azpeitiarroi ere. Erietxe kontuengatik esaterako. 

Aurreko legegintzaldiko EH Bilduko foru gobernu taldearen lau urteko paralisiaren ondoren, eta epealdi berean Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek ere errepide hori hobetzearen aurrean agertu zuten hutsaren hurrengo interesaren ondoren, gauzak mugitzen hasi dira.

Poztu egiten gara urrats honetaz, eta zorionak eman behar dizkiogu Aintzane Oiarbide foru-diputatuari, errepidearen hobekuntzan buru-belarri sartu delako, eta nola ez, alboko herrian dugun alkateari, Javier Zubizarretari ere bai, bere kargua hartu zuen unetik gai hori eskuetan hartu zuelako.

Azkoitiarentzat ona dena, Azpeitiarentzat ere ona da. Foru Aldundian nahiz Gipuzkoako udal handi eta ertain askotan, gertatu den gobernu aldaketak lurraldeko azpiegiturak eguneratzeko eta bizi-kalitate handiagoa lortzeko beharrezko eta esanguratsuak diren proiektu asko lo sakonetik ateratzeko balio izan du. GI-631 errepidea da horietako bat, 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoan jasotzen den moduan. Planifikatzea, lehentasunak jartzea eta gauzatzea. Hori da bidea.