Zinema ez komertziala

Erabiltzailearen aurpegia 9e2ffbb76e5d4d0a813a2637fed54e 2015ko mar. 25a, 11:06

Urte batzuk pasatu dira lehen aldiz Soreasun izan nintzela. Oroimenean dut Spilberg handiaren ET extralurtarra izan zela ikusi nuen aurrenengo filma; baita zeharo hunkiturik irten nintzela ere.

Sarrerako eskailerak, sartu eta eskuinetara zeukan taberna edo dendatxo hura, tertziopelozko butaka gorriak... Urte batzuk geroago, Zelaitxo zinema ere ezagutu nuen. Bertan ikusitako lehen filmaz oroitzen ez banaiz ere ondo gogoan ditut, Robocop, Regreso al futuro, Aterriza como puedas eta garaiko beste hainbat eta hainbat film nola ikusi genituen umetako igande arratsalde haietan. 

Zelaitxo aretoaz dudan oroitzapen handiena ez da film bati loturikoa, ordea. Antzerki topaketak medio Ama begira zazu lanak ekarri zuen eromen hura dut gogoan, bereziki. Kontxuelo Odriozola eta konpainiak taularatu zuten; 1989an, oker ez banaiz. Eskailera guztiak gainezka, kalean ere jende andana. Lehenengo pasean sartzerik ez eta jende ugari geratu zen kanpoan. Neuk ere bigarren emanaldi hura ikusteko aukera izan nuen eta itxaroteak merezi izan zuela oroitzen naiz. 

Bi zinema zaharrak eraisten ikusi genituen eta egia esan pena pixka bat eman zidan bietan. Baina beno... gure ohitura aldaketek ere izango zuten zerikusirik, zati txiki batean behintzat. Ondoren, Betharram aretoko 'zinema' ezagutu nuen. Zine klub taldeak eskainitako film haietako bat ikusten. Areto hori ez zen egokiena zinema bezala erabiltzeko, baina besterik ezean... 

'Etxeko filmak', Soreasun 

Ongi kostata eta, agian, behar baino handiagoa eraiki zuten azkenean Soreasu berria. 2011ko ekainean ireki zituen ateak, nahiz eta zinemarik ez egon haserako une haietan. 

Guztia aitortzen hasita, esan beharra dut ez nintzela presaka ibili hura ezagutzeko, baina iritsi nintzen horretara ere. Esan beharra dago ongi prestatutako diziplina anitzeko areto bat dela. Edo beste batek esango lukeen bezala tope polibalentea. Haserako urteetan zinema aretoa kudeatzeko ardura enpresa pribatu bati esleitu zitzaion. Noski, enpresa pribatu bezala, interes ekonomikoekin soilik, zine komertzialaren alde bakarrik egin zuen apustua eta zinema alternatiboa atsegin zutenek ez zuten bertan, behar adina lekurik. 

Egun, Soreasuko ardura Kultur Mahaiak du eta zinema alorrerako talde bat osatu da, karteldegia osatu eta filmak programatzeaz arduratzeko. Zine komertziala baztertzeko asmorik gabe (gainera, zinema aretoak dauden egoeran ezinezkoa dena) bestelako publiko bat ere erakarri nahi du Soreasura. Horretarako, astero filme komertzial batekin batera zirkuitu normaletan ikusi ahalko ez diren filmak programatuko dituzte, baita haurrentzako beste bat ere.

Euskal filmek behar duten garrantzia berreskuratzeko, 'etxeko filmak' eskaintzeko asmoa dute. Dokumentalak, film laburren zikloak, zinema klasikoa... Ea ba zorterik den.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.