Idoia Egiguren: "Lasai esango dinat aurten: 'Gaur da nire urtebetetzea'"

Ainitze Agirrezabala

Urteak lautik behin betetzen dituenez, aurten jende askok zoriontzea eta opari ugari jasotzea espero du.

Marmitako eguneko bazkarian, Getarian. 
Ahizpa Amaia eta lehengusuekin, tarta janez urteak ospatzen. 
Islandian, 2010ean. 

Zein dun hire adin bisustua?

Zazpi urte beteko ditinat hilaren 29an.

Noiz ospatzen ditun urteak?

Otsailaren 28an. Halere, beti zagon baten bat martxoaren 1ean zoriontzen nauena. Hala esan izan zidaten: Nik martxoaren 1ean zorionduko zaitut, otsailaren 28an artean jaio gabe zeunden-eta. Azkenean, bietan; baina, ez batean, ez bestean. Halere, aurten jende askok zoriontzea espero dinat. Egun seinalatua denez jendea akordatu egiten dun.

Ospakizun berezirik egiten al dun lau urtean behin?

Niretzako otsailaren 29a egun berezia dun. Aurten lasai esan zezakenat: Gaur nire urtebetetze eguna da. Etxekoei esana zienat aurten opari handiagoa egitea tokatzen zaiela.

Umetan ulertzen al hunan urte bisustuaren kontua?

Ez dinat txikitako oroitzapen arrarorik. Ikastolara gozokiak hilaren 28an eramaten nitinan, eta merienda ere orduan egiten ninan.

Hi bezala bisurtean jaiotakorik ezagutzen dun?

Koadrilako baten izeba ere urte bisustuan jaioa dun. Elkar ez dinagu ezagutzen, baina egun horrek lotzen gaitin eta lagunaren bitartez elkar zoriontzen dinagu.

Urte bisustuek fama txarra diten.

Hondamendi urteak omen ditun. Hori hala badun, nire kinta guztiak zekarkin zorte txarra. Hori kontua dun. Asteartea eta 13 bezala. Ni ez naun superstiziosoa.

Bisustuan jaiotakoak bazkaltzeko elkartzen ditun, lau urtean behin. Inoiz joan al haiz? Joango al hintzake?

Bazekinat Igeldon elkartzen direla, baina ez zeukanat lotura berezirik nire egun berean urteak egiten dituztenekin eta ez naun sekula izan eta joateko asmorik ere ez dinat. Akaso, egun horretan jaiotakoren batekin harreman estua banu, animatuko nindunake...

Jaiotegunarekin lotutako anekdotarik ba al dun?

Ama erditzeko jarri zela koinatari deitu zionan, ospitalera zihoala abisatzeko. Gaur ez hadi joan, 29 dun-eta!, erantzun omen zionan. Bestalde, Facebook-ek ez din gogoratzen nire urtebetetze eguna eta sare sozialen bidez inork ez nain zoriontzen.