Gaitasuna erakutsiz

Mailo Oiarzabal

Zalantzak eta kezkak alde batera utziz eta pausoak aurrera emanez, politikan ibilbide oparoa osatu zuen.

Esther Larrañaga. 
Esther Larrañaga (irudian ezkerretik aurrena) Gizarte Politikarako diputatu zen garaian, Zumarragako zahar-etxe berriaren lehen harria jarri zuten egunean. 
Azpeitiarra eta azkoitiarra: Larrañaga, Batzar Nagusietako lehendakaria, Roman Sudupe Ahaldun Nagusi izendatuz. 

Azken urteotan politikatik "zeharo aldenduta" bizi bada ere, hamazazpi urtez Esther Larrañaga (Azpeitia, 1960) puntaren puntan ibili zela esan daiteke. EAJn afiliatua, 1990etik 1995era legebiltzarkide izan zen Gasteizen, 1995etik 1999ra Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehendakari, eta beste zortzi urtez Gipuzkoako Foru Aldundian kargua izan zuen: 1999tik 2003ra Gizartekintzako programazio eta kudeaketa zuzendari lanetan aritu zen, eta 2003tik 2007ra Gizarte Politikarako diputatu izan zen. Azken legealdi horretan Azpeitiko Udalean zinegotzi kargua ere izan zuen baina, berak azaltzen duenez, "ez nuen parte hartu udaletxeko lanetan, ez zelako posible. Momentu politikoa ere halakoxea zen, alderdiari Azpeitian tokatu zitzaion zinegotzi pila bat edukitzea, eta nik ez nuen zuzenean parte hartu".

"Zer ikusten didazue niri?"

Politika munduan eta kargu publikoetan ibilbide oparoa du egina Esther Larrañagak. "Inolako esperientziarik ez" zuela, EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendan sartu zuten –"hirugarrena nintzela uste dut"– eta horrelaxe hasi zen dena. Aurreneko hautagaitza hura proposatu ziotenekoa nola gogoratzen duen galdetuta, "zalantzak" eta "kezka" hitzak aipatzen ditu: "Zeure zalantzak dituzu. Batik bat, uste dut kezka izaten dela, gai izango al zaren lan hori egiteko".

Aurreneko hartan bezala ondoren etorri zitzaizkion kargu proposamen guztietan ere bere buruari galdera berdinak egiten zizkiola dio Larrañagak. "Zergatik ni? Zer ikusten didazue niri? Ez dakit gai izango al naizen hau aurrera eramateko. Gero ba, ez dakit, seguru huts pila bat egingo nituela, baina beno, borondate pixkatekin eta jendearekin akordioetara iritsiz, gauzak egin egiten direla ikusten duzu; nik eta denek". Azpeitiko diputatu ohiak ez du uste gizonek, oro har, horrelakoetan beren buruei antzeko galderarik egiten diotenik. "Nik uste dut gizon bati, kargu edo ardura bat proposatzen diotenean, azkarrago ateratzen zaiola baiezkoa emakume bati baino. Emakumeok, orokorrean, askoz buelta gehiago ematen dizkiegu gauzei. Askotan pentsatzen dugu, kapaz izango al naiz?. Gizon bati hori ez zaio okurritzen; ez dago bere parametroetan, ez dago".

Politika, beste arlo asko bezala, gizonezkoen plaza izan da beti eta emakumea pixkana-pixkana ari da hor ere bidea egiten. Hor dago, besteak beste, kupoen legea deritzona, hauteskunde zerrendetan gizon-emakumeen presentzia parekatzea helburu duena. Esther Larrañaga politikan ibili zen garaian ez zegoen halakorik eta ez daki hori ote den irtenbide egokia. "Emakumearen presentzia normaldu egin behar da eta, normaltzeko, gehitu egin behar da –dio–. Orain, emakumearen ikusgarritasun hori kupoen bidez lortu behar al da? Ez dakit. Askotan iruditzen zait geu garela geure buruari trabak jartzen dizkiogunak ere. Gauza askotan bezala, oreka bat lortu behar da: kupoa kupoagatik igoal ez, baina agian emakumeok gehiago ahalegindu behar gara pauso hori aurrera ematen, hainbeste konplexurik gabe".

Kudeaketaren fruituak

Betetako ibilbide politikoan gauza bakar batekin geratzea "erraza ez" dela aitortzen du, baina bete dituen kargu guztietan "zentzu guztietan, pila bat ikasi" duela da beretzat garrantzitsuena. Atzera begiratuz, ordea, Diputazioan egindako lanarekin gelditzen da bereziki. "Nik uste dut kargu denak izan direla aberasgarriak eta positiboak, baina ni neu, kudeaketak gehiago betetzen nau, behar dudalako ikustea zer egiten dudan; azkenean, hori bera motibazio bat da".

Une honetako egoera politikoa "interesgarria, behintzat" badela iritzi du, baina Larrañagak ez du politikara itzultzeko asmorik.