Herria abordatzera!

Eneritz Albizu

Adin guztietako partaideak dituen pirata talde batek zeharkatuko ditu Azpeitiko kaleak, Astelehen karnabaleko mozorro desfilean.

 
 
Asier Goenaga. 
Malen Zabala. 
Igor Zabala. 

Sansebastianak joanda, inauteriak ate joka ditugu, eta astelehen iluntzeko mozorro festan talde saritua zein izango den pentsatzen dugun bitartean, guk uste baino jende gehiagok prestatzen du astelehen goizeko desfilea: gaztetxoenek eta haien gurasoek zer esana emango dute aurten ere gure herrian.

Asier Goenaga, Igor Zabala eta honen alaba Malen jada hasi dira otsailaren 20rako jantziak prestatzen. Ohiturei eutsiz, guraso eta seme-alabak elkarrekin irtengo dira haurren desfilean eta aurtengoan, Azpeitia abordatuko dute pirataz jantzita.

Hogei bat pertsonaz osaturiko talde hau duela hiru urte hasi zen haurren desfilean parte hartzen. Elkarrizketatuen hitzetan desfilea "guztiak elkartu eta egunpasa polita egiteko aitzakia bat da, azken finean, egun osora luzatzen baita plana". Goizean desfileaz gozatzen dute eta ondoren, euren elkartera, Zokoara, joaten dira bazkaltzera, guztiak batera.

Guraso batzuen ideia izan zen adin guztietako senide eta lagunek desfilean batera parte hartzea. Lehenengo urtean, pailazoen kolore biziz josi zituzten kaleak, ondoren sevillar eta kordobarren zapata hotsek hartu zuten Azpeitia eta aurten, pirata jantzita herria konkistatzeko asmotan datoz.

Guk kalean ikusten dugunaren atzean, ordea, prestaketa eta antolaketa lana dago. Lehendabizi jantzia hautatu behar da eta ondoren, eginbeharrak banatu. Goenaga eta Zabalaren esanetan, "gogo pixka batekin" hartuz gero, "lan erraza" da: "Haur batek edo bestek beti izaten du kexaren bat hasieran, baina behin jantziak eskuartean guztia ahazten zaie".

Mozorroa hautatzerako garaian "erraztasunean" pentsatzen dutela dio hirukoteak: "Sinplea izan dadila, edonork lortu eta janzteko modukoa". Aurtengoan, santomasetarako jada erabakita zuten zein izango zen jantzia, eta dagoeneko dena prest dute; beste urte batzuetan, aldiz, bazkaria egin izan ohi dute erabaki bat hartu eta eginkizunak elkarren artean banatzeko.

Mozorroaren diseinuari dagokionez, lagun taldeak ez du inolaz ere uniformetasuna bilatzen; ondo pasatzea helburu nagusitzat hartuta, gauza beraz mozorrotzen dira, baina ezberdin. "Bakoitzak bere erara lortzen ditu jantziak, ahal duen moduan moldatzen da, eta honela, gai bakarra mantenduz, mozorro ezberdinak izatea lortzen dugu".

Kontuak kontu, kalera irten eta giro bikainaz gozatzeko aukera ematen diete haurrek gurasoei eta, hasiera batean, ekimen honetan parte hartzen gaztetxoenei ilusioa pizteko asmoz hasi baziren ere, euretako askok haurrek baino askoz hobeto pasatzen dutela kontatu dute. "Batzuentzat karnabalak oso gauza berezia dira, mozorrotzea asko gustatzen zaie, berezkoa dute: horrelako jendea ere badugu gure artean".

Ezberdintasunak tarteko, hiru elkarrizketatuak bat datoz azpeitiarrontzat inauteriek kutsu berezia dutela esaterakoan. Euren esanetan, "giroa ezberdina da; bai elegante egunean, bai mozorro egunean. Agian zezenagatik, edo urtean behin zerbait ezberdina egiteko aukera izaten dugulako, baina zerbait badute".

Azpeitiarren etxeko leihoetatik jada hasi da inauterien usaina sartzen. Malen Zabala duela egun batzuk jardun zen kaldereroetako jantzia armairutik berreskuratu eta probatzen. Mozorro eguna baino lehen, beste ekimen garrantzitsu bat du talde honek, kaldereroetan ere eztarria lagaz parte hartuko baitute.