Ainhoa Abaunz: "Printzipioekin hezi behar ditugu umeak"

Ainitze Agirrezabala

Hasi besterik egin ez den ametsa "bete-betean gozatu" nahi du. Sormena, fantasia eta koloreen bidez baloreak umeei transmititzea du helburu.

Ainhoa Abaunz. 
Ainhoa Abaunz Buby katagorriarekin dantzan eta jolasean.  (Cantajuegos)

Norbere buruan sinestu eta gogor saiatzea bezalakorik ez dago ametsak betetzeko. Gabonetan Madrilgo Cantajuego ekimenarekin Espainia osoan biran ibili ostean, Ainhoa Abaunz Azpeitian da, atsedena hartuz egun batzuk pasatzera etorrita.

Taula gainean eroso sentitzen ez zarenik, behintzat, ezin esan.

Betidanik izan dut eszenatokian aritzeko ametsa, kantuan, dantzan edota antzezten. Amak ere artearekiko zaletasuna du, eta herrian ziren aukera guztietara animatu izan nau txikitatik. Ez dut arte dramatiko ikasketarik, batxilergoan irakasleek gogor animatu arren. Arte munduaren ezegonkortasuna eta honetatik bizi ahal izatea ezinezkoa ez, baina gogorra dela pentsatuta, atzerriko hizkuntzako magisteritzan diplomatu nintzen, Eskoriatzan. Unibertsitatera joan arren, artistikoki prestatzen jarraitu nuen.

Herria utzi eta kanpora joateko erabakia nolatan hartu zenuen?

Gero eta garbiago nuen honetatik egin nahi nuela aurrera. Ikasketak bukatu ostean, Londresera joan nintzen, ingeles ikasketak jarraitu eta Musical Theatre ikastaroan prestatzeko. Emozionalki, beste ezerekin baino gehiago, beteta sentitu nintzen, zoriontsu nintzen. Irakasle lanetan sartuz gero, banekien ez nintzela herritik aterako, eta formakuntza aldetik, artistikoki gehiago behar nuen. Horretarako adina ere banuen, eta Londrestik Azpeitira itzultzean, familiak eta lagun batzuek bultzatuta, Madrilera joan nintzen, Teatro Musical ikasketak egitera.

Kanpora ateratzera behartuta zaudete?

Behartuta ez dut uste denik hitza, irekita esango nuke nik. Herrian izan badira aukerak, ikastaroei dagokienean, baita profesionalki ere. Azpeitia aberatsa da antzerkigintzan. Baina etxetik kanpo ere aukera interesgarri asko aurki genitzazke; beraz, aukera izanez gero prest egon behar genuke haietatik ikasteko. Laburbilduz, bi bide ditugu: bertan geratu eta disfrutatu dugunaz, edota beldurrak kendu, dakiguna mundura zabaldu eta berria dena ezagutu eta geureganatu!

Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrean ibilia zara. Zer oroitzapen duzu?

Maitasun handiz gogoratzen ditut saio haiek. Antzerkia talde lana da, konpromiso eta emozioen etengabeko hartu-emana. Sorreratik izan nintzen taldeko parte, lau-bost urtean, Londresera joan nintzen arte. Pertsonalki oso aberasgarria izan zen; interpretazio nozioak ikasteaz gain, autoestimuari dagokionean, lan polita egiten da antzerkian: norbera ezagutzen, onartzen, baloratzen eta indar eta ahul guneekin. Besteen bizipenetatik ere asko ikasten da: nerabe eta amona, denok batera osatzen genuen taldea, eta zoragarria da aukera hori izatea. Hiri handietan hori oso zaila da, beraz, herri txikietan halako taldeak izatea baloratu behar da.

Cantajuego proiektuan buru-belarri zabiltza. Nondik nora ezagutu zenuen ekimen hori?

Interneteko kastingen web orri batean izan nuen taldearen berri; jendearen bila zebiltzan, baina ikuskizun baterako soilik. Ondoren, afaltzera irten nintzen, eta zer ikusiko eta Cantajuego kartel erraldoi bat Kirol Jauregian zintzilik, han antzezten zutela eta. Hainbeste jende biltzen zuen leku batean antzezteko zerbait handia izan behar zuela eta talde haren nondik norakoak jakiteko informazioa bilatu nuen Interneten. Proiektua ikaragarri gustatu zitzaidan. Alderdi pedagogikoan ikasketak izateaz gain, eskatzen zituzten ezagutza artistikoak ere banituen. Hala, hurrengo goizean izena emateko deitu nuen. Zoritxarrez, kastinga egiteko lekurik ez zutela esan zidaten, baina kurrikuluma bidaltzeko, hurrengo froga baterako. Zortea beste behin ere nire alde zegoen, ordea, eta kurrikuluma ikustean deitu egin zidaten, ikusi egin nahi nindutela esanaz. Bihozkada bat nuen, lan hura nirea zela, eta kastingaren egunean bertan lan finko bati ezetza eman nion, froga egin ahal izateko. Frogak eta elkarrizketa arazorik gabe gainditu nituen, eta Gabonetako bira guztia eskaini eta materiala eman zidaten etxean lantzen hasteko. Handik aurrera, pixkanaka proiektuaren parte izaten hasi nintzen, duela bi urte inguru.

Proiektuaren helburua umeen psikomotrizitatea estimulatzea eta zentzumenak garatzea dela diozue zuen webgunean. Nola lortzen da hori?

Horrez gain, haurraren ongizatea, autoestimua eta erlazio sozialak bultzatzea bilatzen da, imajinazioaren, koloreen eta fantasiaren bidez. Jadanik umeen artean ezagunak dira Pepe asto arroxa, Coco krokodiloa, Buby katagorria eta Tallarin pailazoa. Urtean hainbat alditan aldatzen dugu ikuskizuna, eta hori motibazio iturri handia da guretzat. Era berean, DVD berriak grabatzen ditugu, kantu ezagunekin Los pajaritos, La yenka, Heidi... eta bertsio propioekin. Gabonak eta uda dira urteko sasoriki gogorrenak, umeek oporraldi luzeak orduan dituzte. Halere, urte osoan dugu zeregina. Kontuan izan behar da proiektu hau 0 eta 6 urteko haurrei zuzendua dagoela. 1994. urtean kaleratu zen lehen DVD+CD-a merkatura, eta ahoz aho haurtzaindegi eta eskoletara iritsi zen material didaktiko gisa. Lortutako arrakastaren ondoren, etxeetan sartu zen, familian galtzen ari zen haurren heziketa berreskuratzeko modu bat ere bazela konturatu baitziren. Eskaera urteetan handituz joan da: salmentek 800.000 kopia gainditu dituzte eta 12 DVD+CD ditugu merkatuan. Sony Music ere proiektuan elkarlanean dugu eta 2010etik nazioartera ireki ditu ateak proiektuak, Mexikora eta Italiara. Cantajuego taldea dibertsitatearen adibide garbia da. Abeslariak, dantzariak, aktoreak eta akrobatak gaude taldean, eta guztiok espezialistak gara psikopedagogian. Horregatik, ikuskizunez gain, ospitaleetara ere bisitak egiten ditugu, gaixo dauden eta kalera irteteko aukerarik ez duten umeekin jolas egiteko. UNICEF-ekin ere konpromisoa dugu eta elkarlanean dihardugu. Beraz, hau ez da eszenatokietan hasi eta amaitzen den lan bat; harantzago doa, inplikazio pertsonal handiagoa eskatzen du. Hori da proiektuaren magia. Pedro Zaidman zuzendari argentinarraren gidaritzapean, 25 eta 40 urte bitarteko jatorri ezberdineko zortzi lagun gara taula gainean, baina beste hainbat pertsonen esfortzua eta lana dago atzetik. Profesionalki artista bikainez inguratuta banago, pertsona bezala zoragarriak dira.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Euskal Herrian egiten ari diren lanarekin alderatuko genuke Cantajuego proiektua?

Horiek ere musikaz eta abestiz jositako DVDak merkaturatzen dituzte, hainbat balore bultzatuz: aniztasuna, berdintasuna eta elkarbizitza. Gu geuk ere balore horiekin lan egiten dugu, errespetuan eta tolerantzian oinarritutako mundu bat sustatu eta gizaki bezala hezteko. Tresna didaktikoei dagokienez ere, biek nahikoa elementu dituzte umeen eskura salgai: jostailuak, panpinak, ipuinak... Baina bada zerbait ezberdintzen gaituena. Badirudi euskal pailazoentzat proiektua baloreen transmisioan soilik oinarritzen dela. Guk, ordea, balore horiek zabaltzeaz gain, psikomotrizitatearen alderdia eta zentzumenak ere landu nahi ditugu. Horretarako, haurrek erraz imitatu, errepikatu eta ikasteko mugimenduak proposatzen dituzte gure DVDetako abestiek, gainontzeko haurrekin eta gurekin jolasteko. Umeak zaindu, maite eta printzipioekin hezi behar ditugu, horiek dira gure poza, gure etorkizuna.

Zer moduz Madrilgo bizimodua?

Erdigunean bizi naiz, beste bi lagunekin, alokairuan. Egia esan, lana eta bidaiak medio, denbora libre gutxi dut, azken aldian. Baditut lagunak Madrilen, eta eurak dira hango nire familia eta babesa. Ahal dudan guztietan beraiekin geratzen naiz deskonektatu eta barre batzuk egiteko. Bizi erritmoak ez du asko laguntzen horretan, eta eguntxo batzuk libre baditut Azpeitira etortzea gustatzen zait. Madrilek, bestalde, kulturalki abaniko zabala eskaintzen du. Familiakoak eta lagunak ere etortzen zaizkit bisitan. Zoratzen egoten naiz, norbait noiz etorriko. Amama Juanita goraipatu nahiko nuke, 79 urterekin hor baitabil sasoiko batetik bestera bueltaka, ni ikusi nahian. Azkena Santaderren izan ziren, gabonetako ikuskizuna ikusten. Naizena beraiei zor diet. Gertu edo urruti, beti daude hor babesa ematen.

Telebistarako edo zinemarako jauzia ematea gustatuko al litzaizuke?

Artista batek beti du egonezina eta gogoa hazten joateko. Nola ez, pantailara iristea aurrerapauso handia litzateke. Dena den, dagoeneko telebistan egin ditut hainbat agerraldi Vaya Semanita-n sketch musikalak eta Thriller iragarkia; Kupelaren omenaldietan; Dantzaki7 lehiaketan; Goazen telesail musikalean... eta atsegin dut. Azken hilabetean, Cantajuego-rekin telebistako hainbat programetan hartu dugu parte: Telecincon Gabon Zaharreko gaueko programan, esaterako. Guretzat oso garrantzitsua da haurrekin dugun hartu-eman zuzena. Hori da gure lanaren beste alderdi magiko eta polit bat, telebistarekin edota zinemarekin lortu ezin dena.

Etorri behar duena etorriko da, baina Azpeitira itzultzeko asmorik bai?

Gaur hemen gaude, baina gero, bihar... batek daki. Zoriontsu naiz nagoen lekuan eta daukadanarekin, eta disfrutatu egin nahi dut momentua. Amets hau hasi besterik ez da egin; beraz, oraindik, abentura gehienak bidean edo iristeko izango dira. Hainbeste kostatutako zerbait, benetan gustuko dudana, lortu badut, ez diot ez hain erraz alde egiten utziko. Bizitzak eskaintzen dizkidan aukera guztiak ongi etorriak izango dira eta nire etorkizuna Azpeitia bada, ba zoragarri!