Joxe Mari Sarasola

Nekane Zinkunegi

Masajeekin hasi eta pultsologiara iritsi. Min fisikoen jatorria emozio eta sentipenetan bilatu eta erremedioa ematen saiatzen da. Beste aukera bat.

Joxe Mari Sarasola, Azpeitiko kontsultan. Hiru urte daramatza bertan lanean. 

.3 urte daramatza “Kame masaiak”-en lanean eta horrez gain, Elorrion kontsulta bat eta Zumaian parafarmazia ditu. Bilbon gauzatu zituen masajearekin loturiko ikasketak eta pulsologian oinarrituriko beste hainbat adar berriz, Altsasun eta Hondarribian. Txinako estiloan apaindurik duen kontsultan hartu gaitu eta bere lanbidearen nondik norakoak aipatu dizkio Uztarriari.

Nolatan lan honetan?

Batetik, esoterismoaren mundu hau gustatzen zitzaidalako, baina gehienbat, arazo pertsonal bat izan nuelako eta honi buelta emateko teknika bat aholkatu zidatelako. Emaitza onak eman zituen teknika bat hain zuzen eta esperientzi horretan oinarrituz, neuk igarotakoa jendeak jasan ez dezan hasi nintzen lan honetan.

Familian baduzu halako ohiturarik?

Hau nire kontua da, baina denborarekin jakin ahal izan dudanez, nire aitak belarrekin fede handia zuen eta arbasoek ere bazuten elementuokin lotura dezentea.

Zertan hasi zinen lehen lehenik?

Hasieran masaje munduari heldu nion. Geroago, irakasle batek kontaktu bat eman zidan beste pertsona batena eta harekin ikasi nituen pulsologia eta honetan oinarrituriko gainerako terapiak. Bestalde, hango baten bitartez Hondarribiko andre bat ezagutu nuen, zeinak, osteopatia zelularraren teknika erakutsi zidan. Hala ere, egunerokotasunean, gauzak ikasten ari naizela esango nuke.

Zein da medikuntza alternatibo honen funtsa?

Gizakiok emozionalki izaten ditugun gorabeherek, gure gorputzean alterazio fisikoak eragin ohi dituzte. Horiei konponbidea modu natural batean ematea dugu helburu. Beti ere, gorputzera kanpotik substantziarik sartu gabe, edo sartzekotan, naturalak soilik sartuz. Gorputzean izan ditzakegun min horiei, gorputzak berak aurre egin diezaien laguntzea. Horretarako, puntu zehatz horietan pilaturik aurkitzen den energia mugiarazi eta oreka lortzen saiatuz.

Eta nola erantzuten du jendeak honen aurrean?

Oro har, ongi, ziurrenik denetariko iritziak eta jarrerak egongo dira baina… Ni neure onena ematen ahalegintzen naiz, zenbaiti balioko dio, beste zenbaiti, denbora galtzea irudituko zaio.

Baina jendeak badu konfiantza, ala, modan jartzen ari direlako jotzen du honelako metodoetara?

Ez, uste dut jendea konturatzen ari dela ezintasun edo min fisikoak ez direla hain zuzen fisikora soilik mugatzen. Emozioekin, beldurrekin, traumekin… loturiko ondorioak izan daitezkeela baizik, dena dela zerbaitegatik. Eta honen aurrean, jendea prest dago metodo alternatiboen bidez sentipen horiek askatzeko. Hala ere, zenbait kasutan, badago beldur moduko zerbait.

Adibidez, ez duzu uste etxeko sendabelarrekiko konfiantza galdurik dagoela?

Azken finean farmaziaren mundua enpresa bat bezalakoa da, sistema eskuragarri bat. Ordainduz gero, etxe ondoan eta segundo batean irensteko moduan jartzen dizkigute nahi adina botika. Eta errazera ohitzen gara, kimikoki manipulatuak izan arren, geure inguruko zelairen batean dagoen belar bat bildu eta harekin infusio edo enplasto bat egiteko lana ez hartzearren.

Beharrezkoa al da metodo hauen efektibotasunean konfiantza izatea, emaitzak lortzeko?

Beno, nik hona etortzen den orori zer ikusten diodan garbi esaten diot, gustatu ala ez. Zenbaiti, oso ezerosoa gerta dakioke egiazko errealitatearen berri izatea, eta ez du dituen arazo horiek sorturiko horma apurtu nahiko. Jendea zenbat eta konprometituago etorri hona, hainbat eta gehiago lagun dakioket nik. Ez da sinesmen kontua, borondate kontua baizik.

Eta zer dakar horma apurtzeko gogorik jabe jokatzeak?

Bada, hortik datoz gaixotasunak. Barruan tristura gordetzen joateak, biriketan mantxak sortzea eragin dezake, hotzeria errazago harrapatzea… fisikoa kaltetzea azken finean.

Oro har zertan aritu ohi zara?

Denetik egiten dut, 5 eguneko haur batetik hasi eta 92 urte dituen pertsona batera artean dagoen jendea tratatu dut, ez dago besteen gainetik gailentzen den arazorik. Besoko edo bizkarreko mina izan daiteke, urdaileko arazoak, lo egin ezina, estresa, urduritasuna, depresioa…

Azaldu zer egiten duzun zehazki hona etortzen den jendearekin.

Pulsologiaz baliatuz, pultsua nola duen neurtzen diot pertsona bakoitzari, hala, pultsuaren alterazioaren arabera, hona etorrarazi duen arazoaren jatorria gorputzeko zein partetan dagoen jakin dezaket. Eta aldi berean, pultsuak berak adierazten dit arazo hori konpontzeko zein metodo erabili beharko nukeen: bati akupunturak mesede egingo dio, beste batentzat fitoterapia (sendabelarrena) eraginkorragoa izango da…

Zugana jotzen duen jendeak lehen aukeratzat zaitu? Ala batean eta bestean ibili ostean konponbide bila etortzen zaizkizu?

Hor ere denetik dago, badira ezin asmatuan ibilita datozenak eta hemen amaitu dutenak, eta baita hemengoarekin konforme ez daudelako beste norabait jotzen dutenak ere.

Zer egiten duzu zerbaitekin ez duzula asmatzen ohartzen zarenean?

Horregatik gustatzen zait lan hau, beti ikasteko aukera dudalako. Zenbaitekin aurrerago joan ezinik, lagundu ezinik geratuz gero, beste teknika bat ikasteko hautua egiten baitut arazo horiei aurre egiteko. Pertsonalki hazten joan naiteke modu horretan.

Zer eskaintzen dizu zuri lan honek?

Fisikoaren atzean beti psikologia dagoela ikasi dut eta pertsonekin lan egiteak, neuri pertsonalki hazten lagundu eta bete egiten nauela esango nuke. Bada hona hitz egitera bakarrik etortzen den jendea ere, bere inguruan inork ez diola entzuten uste eta barrua husteko beharra duen jendea hain zuzen.

Ez didate inoiz, inor elkarrizketatzeko oinutsik jartzeko eskatu. Zertara dator hori?

Elektrizitateari dagokionean “tierra egitea” aipatzen dugunaren gisakoa da. Nik pertsonen gorputzean alteraturik dagoen energia orekatzea dut xede eta hona datozenek nigan husten duten energia hori, lurrarekin zuzeneko kontaktuan egonez deskarga dezaket neronek. Uste ez badugu ere, eguna ordenagailu aurrean edota bestelako tresna elektrikoekin lanean igarotzen duen edonori, mesede egingo lioke etxera itzultzean hanka-hutsik ibiltzeak. Hala, gorputzeko elektrizitatea kanporatzeko.

Hemen lanean daramatzazun hiru urteetan izandako bitxikeriaren bat aipatuko zenuke?

Gogoan dut behin amona batek telefonoz deitu eta “Julian” deitzen zidala. Nik Jose Mª zela nire izena esan arren, bezperan hemen egon zela eta nire ahotsa ederki ezagutzen zuela eta ni “Julian” nintzela erantzuten zidan. Gainera, nire txartelean ere, halaxe jartzen omen zuen: “Julian Elorza…”. Orduan ulertu nuen zertaz ari zen eta hori helbidea zela azaldu nion. Anekdota horrek ederki erakusten du sarritan nola erabat itsutzen garen eta geure burua itsutasun horretatik haratago ez ikustera nola behartzen dugun.