Xanti Alkorta. Moda-diseinuko ikaslea.

Arantxa Aldalur

Xanti ALkorta moda-diseinua ikastera joan zen Bartzelonara (Katalunia). 'Trapu' artean dabil orduz geroztik.

Xanti Alkorta Bartzelonako 'Rambla'tan.  (Arantxa Aldalur)
Alkortak urtebete darama moda diseinua ikasten.  (Arantxa Aldalur)
Xanti Bartzelonako kaleetan.  (Arantxa Aldalur)

Noiz joan zinen Bartzelonara? Eta, zer egiten duzu bertan?

Orain dela urtebete etorri nintzen moda diseinuko ikasketak burutzeko asmoz, eta orain Bartzelonako sastre baten akademian ari naiz, joskintza eta goi mailako joskintza ikasten.

Noiztik datorkizu afizio hau?

Betidanik izan dut fijazioa arropetan eta hamabi urterekin Azpeitiko Udalak antolatutako tailerretan mozketa eta jantzigintza zer moduz ematen zitzaidan probatzen hasi nintzen, Maite Ostra jostunarekin. Bartzelonara etorri arte ibili izan naiz bertan.

Zein da zure disenatzaile gustokoena?

Nik sastre zaharrak ditut gustoko, Balentziaga da jostun bezala gehien miresten dudana, moda eta jantzigintza benetan ulertu egiten zituelako eta teknika izugarria zuelako. Bestela Christian Dior zena dut gustokoen.

Zein da zeuk diseinatu duzun janzkirik gustokoena? Eta zeuri diseinatzea gustatuko zitzaizuna?

Oso gustoko izan dut klaseko proiektu bezala egin dudan ezkontzetako soinekoen proiektu bat. Bat bera ere ez zen zuria. Egia esan, nik neuretzat gauza gutxi egin ditut, dantzarako blusaren bat... Baina eskatzekotan, baserritar jantzi dotore bat nahiko nuke egin.

Zer da moda zuretzat?

Moda hitzak esanahi asko eduki ditzake. Neuretzat, sinpleki definitzeko eta filosofatu gabe, popularitatea lortzen duen estetika jakin bat da, gehiengo batek janzkera hori bereganatzea da moda.

Azpeitian, modernoak al gara?

Ez, Bartzelonako janzkerak ikusi eta gero azpeitiarrak, euskaldunak orokorki, ez gara modernoak. Nik uste ‘alternatiboak’ garela, modernoak izaten ez gara ausartzen...

Beti elegante ibiltzeko truko bat?

Kolore gutxi konbinatzea, gehienez hiru eta beti nagusia bat izatea. Eta zenbat eta sinpleago jantzi, hobe.

Amets bat?

Buruan baditut proiektu batzuk. Lehenengoa ‘Dexastre’ marka sortzea. Eta garrantzitsuena, Euskal Herrian arlo honetatik bizi ahal izatea, gaur egun ezinezkoa baita.