Bidea egiten ari da hitzeko

Ihintza Agirretxe

Hitzeko Euskara eta Komunikazio Zerbitzuak enpresak urte eta erdi daramatza euskararen normalizazioan zegoen hutsune teknikoa betetzen. Enpresentzako komunikazio zerbitzua ere bada

Jone Urkizu euskara teknikaria Bai Euskarari Ziurtagiriko laguntza teknikoa eskaintzen Landetalan bat Zerbitzuakeko Gurutze Martijari. 
Iñaki Martinez diseinatzailea, Hitzeko enpresan ordenagailu aurrean lanean. 

Uztarria Kultur Koordinadorak 2004. urteko martxoan Hitzeko Euskara eta Komunikazio Zerbitzuak enpresa sortu zuen. Bi izan ziren enpresa sortzeko arrazoi nagusiak. Batetik, Uztarriak herrian eta eskualdean euskararen normalizazioan, enpresei eta erakundeei laguntza teknikoa emateko garaian, hutsunea ikusten zuen, eta hutsune horri erantzuna eman nahian zerbitzu enpresa sortzea erabaki zuen. Bestetik, Uztarriak proiektu asko landu izan ditu eta gero ere gehiago lantzeko asmotan da, eta autofinantzaketa iturri gisa, enpresa bat sortzea erabaki zuen. Horregatik guztiagatik sortu zuen Hitzeko, eta urte eta erdi besterik ez badu ere, bidea zabalduz doa pixkanaka-pixkanaka.

Josu Uranga kudeatzaileak, Jone Urkizu euskara teknikariak eta Iñaki Martinez diseinatzaileak osatzen dute Hitzeko enpresa. Hasierako zailtasunak gainditu ondoren, gaur egun izaera ondo finkatutako enpresa da.

Hasierak. Hasierak ez dira errazak izaten, eta Hitzekori ere ez zitzaion samurra egin. “Hasieran zailena lan taldea osatzea izan zen. Gainera, enpresarentzat egoitza topatu behar zen”, dio Uranga kudeatzaileak.

Gaur egun lan taldea eta lantokia finkatuta dituzte, eta Azpeitian erreferente bihurtzea bilatzeaz gain, eskualdera salto egitea dute helburu, eta ari dira. “Oraindik bide luzea dugu egiteko, baina dagoeneko Urola Kostako hainbat udalentzat ari gara lanean. Gainera, beste udal batzuetatik ere lan eskaintzak iristen ari dira”, dio Urangak.

Azpeititik batez ere eskualdera zabaltzen ari da enpresa. “Gure helburua orain Urola Kosta eskualdean ezagutzera ematea da, eta, horrela, gure lan eremua handitzea”, aitortzen dute enpresako arduradunek.

Euskara

Euskararen normalizazioan lanean.

Zestoa, Azpeitia eta Zarautzen Bai Euskarari Ziurtagiriaren prozesua garatzen ari da Hitzeko Euskara eta Komunikazio Zerbitzuak enpresa. Lan horien ardura Jone Urkizu euskara teknikariak du. Zestoan eta Azpeitian denbora darama lan horretan, eta orain gutxi Zarautzen hasi da. “Leku guztietan egiten den lan teknikoa bera da. Testuingurua da aldatzen dena”, esan du Jone Urkizuk. “Kontseiluak Udalarekin akordioa duen herrietan eragileen jarrera baikorragoa da, herriko euskalgintzaren inplikazioa ere egoten delako”, dio. Arlo ezberdinetako erakundeek dute gaur egun Bai Euskarari Ziurtagiria (dendek, zerbitzu enpresek, elkarteek...); horrek esan nahi du, euskararen aldeko konpromiso eta neurri zehatzak hartu eta garatzen ari direla euren esparruan.

“Erakunde askok zerbitzua euskaraz ematen die bezeroei baina erronka zailena barne funtzionamendu guztia euskalduntzea da (nominak, aseguru poliza...)”, azaltzen du Urkizuk.

Irailetik Zarautzen abian da Bai Euskarari Ziurtagiriaren prozesua (lehen Udalak zeukan Euskaraz Ziur agiriari lekukoa hartuz), eta Udalak eta Kontseiluak Hitzekorengan jarri dute konfiantza.

Komunikazioa

Era denetako diseinu lanak, euskaraz.

Hitzekok bi zutaberen inguruan egiten du lan: euskara eta komunikazioa. Komunikazio eta diseinu lanean Iñaki Martinez diseinatzailea aritzen da. Enpresaren bi adarrak uztartuz, diseinuari ere euskararen balioa eransten diote. Lan erakargarriak, originalak, berezoari egokitutakoak... egiten dituzte. “Bezeroarekin harreman zuzena izatean dago gakoa”, dio Martinezek. “Enpresen irudi korporatibo osoa lantzen dugu: katalogoak, panelak... Hainbat bezerok bere irudia sortzea ere eskatu izan digute”. Hitzekok kalitateko zerbitzu integrala eskaintzen die bezeroei; bezeroaren araberako produktua diseinatzeaz gain, inprentako kudeaketa guztiaz arduratzen da.

Bezeroek eskatutakoaz gain, produktu berritzaile eta originalak ere egiten dituzte; etorkinentzako hiztegia, esaterako. Hamaika lekutan argitaratu dute, udalekin adostuta: Azpeitian, Azkoitian, Bilbon, Ondarroan... Aurrera begira antzeko produktu gehiago aterako ditu Hitzekok.

Datuak

Helbidea. Goiko Kale 5-3a. Telefono zenbakia. 943 08 06 88. E-posta. hitzeko@hitzeko.com Langileak. Josu Uranga, Jone Urkizu eta Iñaki Martinez.