Hitza pare bat hitzetan

Uztarria

‘Urola-Kostako Hitza’-ren proiektua handia da, hainbat eta hainbat atal dauzka, eta normala da herritarren artean orain galderak sortzea. Uztarria saiatu da erantzun batzuk ematen

Urtarrilaren 17an banatu zen Urola-Kostako Hitza-ren 0 zenbakia eskualde osoan. Argazkian, azpeitiar batzuk euskarazko egunkaria irakurtzen. 

Laster sortuko da Hitza, eta normala da herritarrek galdera asko izatea. Horra batzuk, eta erantzunak (az-kenekoan izan ezik...).

Noiz sortuko da ‘Hitza’?

Otsailaren 20an irtengo du Hitza-ren 1. zenbakiak (Egunkaria-ren itxieraren lehen urteurrenean). Handik aurrera egunero, astelehenetan izan ezik. Zortzi orrialdekoa. Aurkezpen-festa, berriz, bezperan, 19an egingo da, Zarautzen, 20:00etan, Zinema Frontoian. Azpeitiar guztiak gonbidatuta daude. Uztarriak datozen egunetan emango du aurkezpen-festa horri buruzko xehetasun gehiago www.uztarria.com-en.

Aurkeztu noiz herrian?

Urola-Kostako Hitza-ren sustatzaileek ekin diote eskualdeko herrietan proiektua aurkezteari, eta Azpeitian otsailaren 10ean egingo da aurkezpen hori, Aitonena I-en, 19:30ean. Uztarria hasi da herriko ikastetxe, talde, elkarte, enpresa eta abarri egun horretarako gonbitea pasatzen. Irekia izango da.

Egunero nola banatuko da?

Hitza-ren sortzaileek apustu handia egingo dute egunkariaren banaketan. Jendea oraindik ez dago ohituta kioskora, okidengira edo dena delakora joan eta euskarazko egunkaria hartzen. Hori dela eta, Hitza etxeraino banatuko da, egunero buzoian utziz. Baserrietara eta oso gertu ez dauden auzo txikietara (Ońatz, Nuarbe…) baliteke okinen bidez banatzea; bestela, banaketa izugarri garestitzen da.

Zeinek jasoko du?

Hitza sortu eta aurreneko egun batzuetan azpeitiar den-denek jasoko dute egunkaria. Baina lehen egun horietan Hitza-k harpide kanpaina egingo du, eta harpidedun egiteko telefono zenbaki batera deitu beharko da. Dena dela, Uztarriako bazkideek (757) eta harpidedunek (1.150) ez dute izenik eman beharko, Uztarriak egingo dituelako Hitza-ko harpidedun (Hitza-ren enpresako kideetakoa da Uztarria). ‘h’ pegatina jasoko dute, buzoian jartzeko. Horietako batek egunkaria jaso nahi ez badu, dei dezala Uztarriara.

Zer tirada herrian?

Herrian egunero Hitza-ren 2.300 ale bana daitezke. Kontuan hartu behar da hasieratik bertatik dagoeneko 1.900 harpidedun izango dituela (Uztarriako bazkideak eta harpidedunak). Egunero 2.300 alerekin, bera izango da herrian gehien banatuko den egunkaria; gaur egun El Diario Vasco da, egunero 1.300 alerekin. Euskarazko zein komunikabidek lor dezake hori?

Azpeitiak zenbat orri?

Normalean, gutxienez orrialde bat egunero. Urola barruko herrien artean hiru orrialde beteko dira (Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil, Beizama), eta hor Azpeitia izanik herririk handiena, presentzia handia edukiko du. Denetik emateko aukera, beraz.

Eragileek parte, nola?

Hitza-ren enpresak hiru zutabe ditu: euskara elkarteak (%45), Bertako Hedabideak (%35) eta gizarte eragileak (%20). Hauek enpresan parte hartzeko, kultur elkartea sortu da, eta elkarte horretan egoteko eragile bakoitzak, behin, gutxienez 150 euroko partaidetza erosi behar du. Lehen harremanen ondoren, Azpeititik Lagun Onak Mendi Bazkuna, Karmelo Etxegarai Azpeitiko Ikastola, Ikasberri Azpeitiko Ikastola eta Urola Ikastola daude; enpresa, sindikatu, talde, elkarte… denek izango dute aukera parte izateko.

Doan izango al da?

Nahi duenak jasoko du. Baina autofinantziazioan gora egiteko (631.000 euroko aurrekontua), aukera bat da uda ostean harpidedunei, urtean 285 aldiz euskarazko egunkaria etxean jasotzeagatik, 40 euroko borondatekoa eskatzea.

Udalak ondo lagunduko al du diruz...?