irekiko al da kultur etxea?

Iban Arregi

 
 
 
LANAK EGIN DIRA. Ikus daiteke: Basazabalen berritze lanak eginda daude. Zenbat gehiago falta da? 

Aurten ere dirurik ez kultur etxeko obrak egiteko”, zioen aldizkari honen erreportaia baten tituluak 2001eko maiatzeko alean. Urte eta erdi beranduago, dena berdin. Udalak, beste behin, kultur etxeko obrak egiteko dirurik ez dagoela esan du; ofizialki ez, baina hori esan du Kultura Batzordeak. Hala, kultur azpiegituren egoerak bere horretan segituko duela dirudi; minimoen azpitik.

1984-1987an Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Kultur Ekipamenduen Programa-n Basazabal eraberritu eta kultur etxea irekitzeko asmoa agertu zen; ordutik, Basazabal kanpotik berritu egin zen, eta dirua gastatu horretan. Garai hartan, Azpeitia 1983-87 liburua argitaratu zuen Azpeitiko EAJk, eta liburu horretan ere Basazabalen kultur etxea irekiko zela iragartzen zen: “Azpeitiko hainbeste talde kultural, hainbeste ekintza, eta Kultur Etxerik ez. (…) Azpeitiko kale erdian dugu Baso Zabal etxe ezin hobea. Baina etxe honek bazituen bere oztopoak, ez baita gurea, Espainiako Haziendako Patrimonioa baizik, eta ez da lan erraza izan, hor zegoen korapiloa askatzea. Hala eta guztiz, orain esan dezakegu gureganatzeko momentuetan gaudela, eta hori gertatu bezain azkar egingo diogula bere prestaketari. Ez gara egongo, ordea, bitartean lo, aurreproiektuak eginak ditugu, eta horrela ikusten dugu bere erabilketa…”. Udalak “gureganatu” zuen Basazabal. Baina gaia ahazten joan zen.

Eta herrian gaia ahaztuxe zela, Uztarria Kultur Koordinadorak lokalei buruzko txostena egin zuen publiko 1999ko martxoaren 20an, eta txostenean kultur etxe baten “beharra” azpimarratu zen, eta proposamen bat ere egin zen etxearen izaera eta funtzionamendua azalduz. Uztarriak ere Basazabal ikusten zuen —eta du— leku egoki bezala. Herriko talde askok bat egin zuten Uztarriaren proposamenarekin.

2001eko martxoan Behar eta Kultur-azpiegituren Azterketa egin zuen herrian IKEI soziologia enpresak, Azpeitiko Udalak aginduta. 21 guneren egoera eta erabilpena aztertu zuen IKEIk, 16 kultur talde edo elkarterekin egon zen, zortzi elkarrizketa egin zituen, eta 400 herritarri inkestak egin zizkion. Besteak beste, honoko ondorio nagusia atera zuen: “Herriko taldeek batik bat kultur etxe baten beharra ikusten dute”. Uztarriak bi urte lehenago zioen berbera.

BAIETZ ZIRUDIENAN... 2002ko ekainaren 18an, El Diario Vasco-ren Azpeitiko kartan esaten zen udalak kultur etxea Basazabalen irekitzeko asmoa zuela. Informazio hori Azpeitiko Udalak pasatuko zion DVri, jakina. Uztailaren bukaeran, Udal Kultura Batzordeburuak txosten bana eman zien herriko taldeei, asmo hori bera berretsiz, kultur etxea Basazabalen irekitzea zela asmoa berretsiz; eta, gainera, taldeekin hitz egiteko prest ageri zen, etxea nolakoa izango litzatekeen zehazteko. Zera zioen txosteneko pasarte batek: “Kultur etxe baten beharra sumatzen dugu, eta honekin batera dugun bilbe sozio-kultural osoaren nolabaiteko zentralizazioa. Leku egokitzat Basazabal ikusten dugu (...)”.

Orain, beste behin, “aurten ere dirurik ez kultur etxeko obrak egiteko” esan du, modu ez ofizialean, udalak, Uztarriak jakin duenez. Beharra ikusten omen da, baina dirurik ez omen... 1984an bezala, kultur azpiegitura horrek ez du inbertsiorik merezi. Hala, kultur azpiegituren egoerak bere horretan segituko duela dirudi: minimoen azpitik.

GALDERAK

1- Zergatik ez dago dirurik Bazazabalen kultur etxea eraikitzeko?

2- Udalak zergatik egin du orain atzera basazabalen gaian, eragile denak ados samar daudenean?

3- Noiz eta nola emango zaio konponbidea herriko kultur azpiegituren garaiari? Emango al zaio?