Hementxe direla atzera

Enekoitz Esnaola

Ihauterietako osagai dira Albizu ganadutegiko zezenak. Aurten 30. urtea segidan beteko du Albizuk herrira etortzen. Mutrikun dago, Olatz auzoan, ganadutegi hura, eta han izan da Uztarria.

 

Botijo’, ‘Camalento’, ‘Azpeitia’, ‘Castro’... Zezen ezagunak guztiak ere Azpeitian. Eta haiek denak Albizu ganadutegikoak. Hain zuzen ere, aurten beteko ditu Albizuk 30 urte batere hutsik egin gabe herrira sokamuturrera zezenak ekartzen, 1971n etorri zelako lehen aldiz, ezustean etorri ere. «Aurreko urteetan beste ganadutegi bat joaten zen Azpeitira, baina zezen txikiegiak zeuzkan Azpeitia baterako eta porrot egin zuen. Eta, halako batean, guri hots egin zigun, ea lagunduko al genion eta ea zezenen bat eramango al genuen Azpeitira. Ezustean harrapatu gintuen deiak. Gu orduan beste ganadutegi batekin sozio geunden, eta ‘Botijo’ eraman genuen, hura zelako geneukan idisko bakarretakoa. Eta halaxe joan ginen lehendabiziko urtean, ‘Botijo’-rekin. Eta gure ‘Botijo’-k kristoren erakustaldia eman zuen Azpeitian orduan, jendeari itxuragabe gustatu zitzaion zezen hura, eta hurrengo urtetik aurrera geu bakarrik joaten hasi ginen hara».

Anton Albizu mintzo da hala, gaur egun Albizu ganadutegiko arduradun nagusia; Martzelino aitari hartu dio lekukoa Antonek. Mutrikun dago Albizu ganadutegia, Olatz auzotik gertu, eta hantxe izan da Uztarria. «Gure aita lau urte zituela etorri zen Lasturtik hona. Aspaldi, beraz. Pare bat behi-edo zituen orduan, eta trenean eta ahal zen moduan ekarri omen zituen. Baina guk ez ditugu ganaduak ordutik, aurreragotik baizik, neure aitaren aurrekoek ere betidanik zituztelako baserrian behiak-eta».

Bost ganadutegi daude Olatz auzoaren inguruetan, eta ehunen bat buru ditu Antonenak. «Oraintxe ditugu gehien, baina kopurua jaitsi egin behar dugu, zaila baita hauek guztiak mantentzea». Batik bat Antonen emazteak —Lourdes Udabek— zaintzen ditu zezenak, Antonek ez baitu baserrian egiten lan. Gauez bueltatzen da baserrira, eta Lourdesek ematen die zezenei jatekoa. «Lan handi-handia ere ez da, egia esan. Izan ere, zezenekin ez daukazu esne-behiekin bezala halako ordutegi finkorik. Lastoa edo pentsua ondo ematea da kontua», dio Lourdesek.

Sokamuturrik gogorrena

Ehun buru dituzte, baina guztiak ez dauzkate batera, justu toki berean: batzuk ikuiluan eta besteak larrean. «Ikuiluan daudenak Azpeitira doazenak dira. Eta, ikusten duzuen bezala, lotuta ditugu. Txandaka soltatzen eta ateratzen ditugu zelaira. Izan ere, hauek denak batera soltatuko bagenitu, elkar joka hasiko lirateke, horrelako joera dutelako, eta igoal geratuko ginateke Azpeitirako zezenik gabe e!», dio Antonek, ikuiluan bertan. Ez soltatu badaezpada.

Ondo zaintzen dituzte herrira datozenak. «Gogorra baita Azpeitiko sokamuturra. Nik esango nuke Euskal Herriko gogorrena dela. Eta, batik bat, sokagatik. Pisua du handia sokak eta hori mugitu egin behar da e! Pentsa, behin, Ihauterietan, astearte goizez, euria egin zuen batean, Etxe-Zurinekoan kapritxoz pisatu egin genuen soka eta 92 kilo harrapatu zituen, zikinkeria zeukalako asko. Baina bestela ere asko pisatzen du».

Lehen, bertako zezenak zituzten Albizunean. «Baina txikitxoak ziren, eta Azpeitia batean handiagoak behar direnez, nahasketekin hasi ginen eta gaur egun gehienbat Salamancako (Espainia) eta Nafarroako nahasketak ditugu». Zezen handiak, beraz. «Bai, handiak. Azpeitian soka horrekin ondo ibiltzeko, hanka-luzea behar du zezenak, altua, soka horrekin ondo arrankatzeko eta abiadura hartzeko». Nekez egingo omen du hori pisu gutxiko zezenak. Gaur egun 310 kilotan dago muga (56,3 erraldetan, Antonen-eta hizkeran; bost kilo eta erdi da erralde bakoitza), baina...

Azpeitian, zezenak

Bada garaia Azpeitira Albizu ganadutegiak larre-behirik ekartzen ez duela, Antonek aitortzen duenez. «Niri behin halaxe esan zidaten Azpeitian: ‘Guk nahiago diagu zezen eskasa larre-behi onaren aldean’. Eta guk jendearen gustoa egiten dugunez, ba zezenak eramaten ditugu. Horrelakorik ez dugu inon entzun, beste tokietan lasai-lasai botatzen ditugulako larre-behiak. Eta gauza bat: Azpeitiko sokamuturra existitu ez balitz, igoal-igoal ibiliko ginateke larre-behiekin edo zezen txikiagoekin leku denetan. Baina Azpeitikoa badago, eta oso gustokoa dugu, eta hara joateko idisko handiak eduki beharra dago».

Berezia omen baita sokamutur hau. «Azpeitian bakarrik egoten da soka argoila bati lotuta. Durangon ere bai toki batean, baina argoilari pare bat buelta ematen zaizkio sokarekin, erabat lotu gabe. Beste toki guztietan geu ibiltzen gara zezenaren edo larre-behiaren atzetik sokarekin, eta horrela erosoago edo lasaiago jarduten dugu, baina Azpeitian ohitura hori dago, eta, jakina, errespetatu egiten dugu».

Jendearekin ez dute arazorik edukitzen, «azpeitiarrek ondo dakitelako zer den sokamuturra. Gu Hego Euskal Herri osoan ibiltzen gara, eta Otxandion eta Azpeitian bizi du jendeak gehien sokamuturra. Eta gaur egun lan honetatik irabazirik ateratzea zaila bada ere, gustora joaten gara Azpeitira. Hori bai, idiskoak ondo ibiltzen badira, orduan eta gustorago bueltatzen gara etxera», dio Antonek.

Ondo zaintzen dituzte zezenak Albizunekoek. «Urte osoa horretarako, sokamuturrerako dute zezen hauek». Aurtengo Ihauterietan zezenak ondo ibiliko diren ustea du Antonek. Asteartean ariko dira Albizuneko zezenak; igandean eta astelehenean, Arno ganadutegikoak.