Kalean da azpeitiar guztion aldizkaria

Iban Arregi (Uztarria Herri Aldizkariko lehendakaria)

Oraindik buruan dut Uztarria martxan jarri genuen eguna. Iaz zen. Azpeitiko kulturarekiko eta euskararekiko kezka genuen hainbat lagun bildu, gogoeta egin, proposamen ezberdinak aztertu... Handik aurrera egin beharreko bidea argi genuen. Eta argi dugu. Kultura aldetik gabeziak somatzen genituen orduan, eta somatzen jarraitzen dugu orain ere. Hala, behar handienak detektatu eta behar haiei eman beharreko konponbideak aztertzeari ekin genion. Kultur Etxea, Euskara eta Herri Aldizkaria; horra hor letra larriez seinalatu genituen beharrak.

Egin duguna...

Beharrak konponbidea eskatzen du, eta, hala, udalak Euskara Patronatoa sortu du aurten, eta euskara teknikari figura sortu ere bai. Orain Uztarria Kultur Koordinadorak Uztarria herri aldizkaria sortu du. Egin dugu aldizkaria, «herri» horrek esan nahi duen guztiarekin: zabala, herritar guztiena, herritarrok sortua... Hainbat adjetibo gehitu dakizkioke. Helburu haiek genituen buruan proiektuaren sortzeari ekin genionean. Eta horretan jarraituko dugu, orain aldizkaria kalean dagoela. Irizpide haiei ez diegu bizkarrik emango.

Horretarako osatu dugu sentsibilitate desberdinak biltzen dituen proiektua. Eta horregatik egon gara harremanetan herriko elkarte gehientsuenekin. Horregatik lortutako atxikimendu zerrenda zabala, edo herriko hiru alderdi politikoekin egindako bilerak.

Hala ere, ez dezagun pentsa egin duguna izugarria denik. Garrantzitsua da, bai, herri aldizkari bat izatea. Baina ez da hain harritzekoa ere. Euskal Herrian hainbat herri aldizkari daude; batez ere Gipuzkoan. Azpeitia bezalako herri euskaldun batean orain arte herri aldizkaririk ez edukitzea, horixe bai zela harritzekoa.

Eta horren erantzukizuna guztionganaino heltzen da. Udaletik hasi eta Uztarria osatzen dugunonganaino. Hala zioten 1998ko azaroan Uztarriak herrian banatutako inkestek. Alegia, udalak ez ezik, herritarrok ere erruaren parte handia geurekin daramagula, herri aldizkaririk egiteko ezer ez dugulako egin. Orain arte.

...eta egiteko duguna

Aldizkaria atera dugu, bai. Baina oraindik badugu egitekorik. Izan ere, aldizkaria ateratzea da gauza bat; eta behin atera eta gero, gauzak ondo egitea, bestea. Hasiera batean –aurreneko urtean edo–, aldizkaria hilabetero kaleratuko dugu, aurrera begirako asmoa hamabostekaria ateratzea bada ere. Herritarrekiko gertutasuna lortzeko, gaien tratamendua ez ezik, maiztasuna ere garrantzitsua delako: zenbat eta sarriago iritsi etxeetara, orduan eta hobeto.

Gainera, herri aldizkaria Azpeitiko buzoi guztietara banatuko da hasierako hiru hilabeteetan. Ondoren, soilik harpidedunei eta bazkideei banatuko zaie. Harpidedun izateko ez da sosik ordaindu beharko. Izena eta helbidea eman eta kitto, Azpeitiko berriak zuzen-zuzen helduko zaizkizu etxera.

«Eta nola finantziatuko dute ba aldizkaria?», galdetuko du norbaitek. Horretan laguntza txiki bat emateko moduan zara zu zeu, irakurle. Uztarriaren bazkide egin zaitezke, horrek eskaintzen dituen abantaila guztiekin (elkartea erregistratua dago). Adibidez, urtean 3.000 pezeta ordainduta, etxera helduko zaizu aldizkaria.

Azpeitiari eta azpeitiarrei zerbitzu bat eskaintzera gatoz, zerbitzu komunikatibo zabal eta serio bat. Hau sortzeko erabili dugun urtebete luzean beharrezkoa izan da herritarren partaidetza eta aportazioa. Eta gero ere beharrezkoa izango da, aldizkariak «herri aldizkari» izaten jarraituko badu; aldizkariak herritar guztiena izaten jarraituko badu.