Eneko Etxeberria

uztarria.com1 2015ko mai. 11a, 18:00
Eneko Etxeberria
Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako alkategai diren guztiei elkarrizketa digitala egiteko aukera eskaini die Uztarria.com-ek. EH Bilduko zerrendaburua da Eneko Etxeberria, eta koalizioak herrirako dituen asmoez-eta galdetzeko aukera duzu hemen.

1. Kaixo Eneko, nik galderie baino gehio kritika txiki bat. Denon artean bezelako ekimenak oso ondo daude ta beti txalotukoitut, baino, plazakukin pixket geldiu naiz sentsaziyukin bonbo asko eman zitzakola galdeketiei ta molesti asko ta diru asko gastau zila aurkezpen/galdeketa prozesuen baino gero azkenin nahi dan eran ein dila gauzak. Alegiye, nik dakitala irabazi zun proiektuek atzin arkupiek mantentze zitun ta bota in zin, adokinek e eztijuzte proiektun bezela... ta kioskuena ba bueno, inungo momentun etzan planteau kioskue nahi izeteaz berriye jarri berko zanik. Dudaik eztet iten segurtasun aldetik eta zaharra etzala ondo eongo, baino nere iritziz kiosko berri bat eiten gastaukoan diru hori beste nunbaiten hobeto gastauta eongo litzeke. Hain gaizki bazaon kendu, plazie libre laga ta festatako plataforman bat jarri. Bestie, gardentasune. Ondo. 3000tik gorako fakturak web orriyen erakustiena oso ondo. Baino, ein leizke hiru faktura 1000 euroko ta hori ezta azalduko... Pikardik bai?
aldezarrekue

Kaixo Aldezarrekue,
Elkarlan prozesu danak dira kritikagarriak, eta hobetu beharrekoak. Eta kritika denak ongi etorriak dira hobetzen lagunduko digulako.
Herriko plazarekin, gure ustetan, Udalak arazo bat zuen eta Azpeitiko Alde Zaharra perspektiban hartzen baduzu argi geratzen dela da. Asmoa Alde Zaharra indartzea da eta gune komunitario garrantzitsua hobetzea.
Erabakiak hartu egin behar dira eta martxan jarri zen prozesuarekin hainbat helburu bilatzen ziren, gauzak egitea baina herritarren oniritziarekin.

Gure ustetan argi eta garbi azaldu genituen galdeketaren zehztapenak, Berdura plazaren proiektua bera beste eremu batetik lantzen zela eta proiektua jadanik onartuta zegoela. Proposamen guztien esku utzi genuen Berdura plazaren konfigurazioa. Berdin esan dezaket kioskoaren inguruan, egoera txarrean zegoela eta funtzionalidaderik gabeko (eszenatakoi aldiro montantzeak gastu ikaragarriak sortzen dizkio Udalari). Kiosko zaharraren eragilgarri diren elementuekin kiosko eraberrituko da, herritarrak horrela eskatuta. Esaten dizudan moduan, aurrez esan genituen parametroekin.

Gardentasunean pausuak ematen jarraitu behar dugu, eta Udal barneko egiturak ere horretara eman. Bi tresna informatiko nagusi erabili ditugu, opendata eta kontuakgarbi tresnak. Tresna berriak dira eta horretan gaude. Honetaz gain, Udaleko faktura guztiak edonoren eskuragarri daude. Eta zuzenean aurrekontu eta gastuen likidazio berri ematen dugu "denon artean" egitasmoaren barnean. Sarean jartzen jarraituko dugu eta asmoa faktura guztiak jartzea da.

2. Enpakalien bizi naiz eta kotxiekin bizi deun egoerie geuro ta okerro dao. Billera batzuk eintzien oiñ dala pare bat urte, baiño alde zaharra oiñezkotziena geldik dao. Aurreikusita al dao alde zaharra oiñezkotzie?
Elixabet Kanpox

Kaixo Elixabet,
Alde Zaharraren oinozkotzea oso gai konplejoa da. Bertako merkatarien interesak eta herritarren interesak uztartzean dago kontua. Gure udal gobernuak oinozkotzearen aldeko apustua egiten du, horretarako ditugun parkingak potentziatzen ari gara. Horregatik, Soreasuko parkingan 5 ordu dohainiz aparkatu daiteke eta bertako bizilagunek 12 ordu jarraiaz. Gainera piboteen sistema abian jartzeko lanetan gaude, une honetan Plazako obrak bukatzen direnean sistema martxan jarteko asmoa daukagu. Gainera, Alde Zaharrari beste aparkaleku bat gehitzeko Artetxe aurreko aparkalekuarekin konkretuki ari gara lanean, frantziskanakoarekin, Zelai-luzen aparkaleku plaza gehiago bilatzearekin...

3. Kaixo, bioi galdera eginen dizuet. Zer deritzozue gaur egungo gazteen alkohol eta batipat drogen kontsumoa?
Ai laket

kaixo Ai laket,
Azpeitiako Udalak martxan du drogazaletasunaren prebentzio alorreko hezitzeko eskola eta gazte lokaletako programa, ikastaroak, banakako laguntzak, laguntza psiko-soziala, psikologo zerbitzuak, hezkuntzako programak, festetan kanpainak... urte hauetan eremu honetan lanean dihardu Udalak. Uste dut gai honetan klabea prebentzioan eta hezkuntzan dagoela.

4. Iepa Eneko! Zein die zuen programako lehentasunek? Eskerrik asko!
Bat

kaixo Bat,
gure lehentasuna herritarren lehentasunak dira. Behin eta berriz jakinarazi digute herritarrak. Dudarik ez egin enpleguan, kalitatezko enplegua, sortzean ari garela burubelarri. Eta eskubide sozialetan. Egia da apenas eskumenik ez duela Udalak, baina beste aldera ez begiratzea erabaki dugu. Baina, ez dugu lehentasuna eta besterik ez dugu egingo planteatzen. Planteamendu integrala egitea proposatzen dugu. Adibidez, kultura lantzen dugunean, gure hizkuntza lantzen dugu, erakargarria egiten dugu gure herria, kanpotik bisitan etortzen zaizkigu, turismoa aktibatzen da, bertan kontsumoa indartzen da, eta lanpostuak sortzen dira. Adibide hau alor guztietan planteatzen dugu, horrela dena jarriko genuke ekonomiari begiratzen eta eskubide sozialei begira. Iritsiko zaizu gure programa, eta sarean ere jarriko dugu.

5. Egunon, ze ikasketa dituk?
Alberto

kaixo Alberto,
Zuzenbide-ekonomikoan lizentziatua naiz.

6. kaixo Eneko, hauteskundiek galdu ezkero ze egingo dek?
Iban Agirre

kaixo Iban,
Nire lanera itzuli, unibertsitatera eta bulegora.

7. kooperazio laguntzek murriztu al dituzue?
rebeka

Kaixo Rebeka,
ez Udalak lau urte hauetan hartutako konpromisoak bete ditu eta urtero bere aurrekontuaren %0,7a kooperaziora bideratu du.

8. kaixo Eneko, hauteskundiek galdu ezkero ze egingo dek?
Iban Agirre

kaixo Iban,
erantzuten hasi nauk, amaituko diat. Hauteskundeak galdu ezkero nire lanera itzuliko nauk baino Udalean jarraituko diat oposizioak herriarentzat lan egiten saiatzen, eta noski EhBilduren baitan.

9. kaixo Eneko, Ze klase ematen dek unibertsitean?
Iñaki

kaixo Iñaki,
Zuzenbide Prozesala. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Publikoaren departamentuko ikasgaia.

10. Irakasle gogorra al zea?
ikaslea

kaixo Ikasle,
ba ikasleei galdetu beharko diezu, beraiek dira epaile hoberenak. Nire ustetan justua.

11. kaixo Eneko, ze telebistako serie ikusten ari zea?
Udane

kaixo Udane,
asko gustatzen zaizkit telesailak, asko ikusten ditut: the wire, breaking bad, sherlock, house of cards...azken ikusi ditudanak true detectives eta, nola ez, Juego de Tronos.

12. Zure testuak zuk idazten dituzu edo idatzi egiten dizkizute
nerea azpeitia

Kaixo Nerea,
neuk idazten ditut.

13. Zenbaten zegok Udaletxiek dauken zorra?
Joxe Larrañaga

Kaixo Joxe,
Udala hartu genuenean 10 miloi (ez ziren iristen) zorra zuen. 2014ko abenduan zorra 4,5 miloi inguruan zegok. Beraz, nabarmen jeitsi da.

14. zenbat diru dauke aurreztute udalak edo zorrak bakarrik ditu?
Aitor Urkizu

kaixo Aitor,
Udalak abian jarri dituen proiektu gehienak laguntza handiak lortu dituzte, gure ustetan Udalaren kudeaketa onaren adierazgarria. Horregatik 2014ko abenduako datuen arabera 10 miloi inguruko aurrezkia du Udalak. Aurretik azaldu det, 4,5 miloiko prestamoak dituela itzultzeko (egia esan baldintza finantziero onak dituzten prestamoak). Udalak dituen aurrezkiak proiektu berriak abian jartzeko aukera ematen dute, eta horretan ari gara.

15. Saiatu al zeate unibertsitate edo antzekorik ekartzen gurera?
Itziar

Kaixo Itziar,
bai, saiatu gara. Azpeitiko Udala eraikin historiko batzuen jabe bada, eta beste eraikin batzuek gutxi erabilita daude. Egon izan dira egitasmo konkretuak: batetik, Loiolaren inguruan. Loiola markagatik eta Loiola beste erreferentzia bat bilakatzeko lan ildo bat dago martxan. Egitasmo horren barruan hezkuntza arloa dago. Bestetik, Euskarazko Unibertsitatearen inguruko egitasmoaren inguruan bazegoen lan ildo bat, tamalez, hau ezinezkoa izan da gauzatzea. Gainera, Unibertsitate publikoekin harremanak egin dira, eta lan ildoak abian jarri. Mondragon Unibertsitatearekin ere harremanetan egon gara eta gaude.

Heziketa profesionalen inguruan ere lanketa sakona egiten ari gara, legealdia diagnostikoarekin hasi ginen. Jaurlaritzari gure beharrak helarazi dizkiogu eta moldaketak eskatu. Heziketa profesionalaren inguruko indartze egitasmoa dugu abian, batez ere, SAIOLANekin ari gara hausnarketa honetan, teknologia garbiak eta hirugarren adineko eremuez gain fabrikazioa aurreratua, egurra, informatika... Azken bi urteotan Azpeitiko Udalak 300.000 ? jarri ditu egitasmo hauetan.

Heziketa profesionala Azpeitiko Udalak ikastaroak ematen ditu, batez ere hirugarren adinarekin lotutakoak. Ikastaro hauek gizarte zerbitzuetatik bideratu ditugu, langabeziari edo enplegu hobekuntza nahi dutenentzat, edo ezkutean dauden zaintza lanak azaleratzeko.

Beraz, saiatzen ari gara ekartzen eta hortaz gain geu sortzen ere saiatzen ari gara.

16. Eneko, ze liburu ari zea irakurtzen?
iñaki

Kaixo Iñaki,
une honetan Stefan Zweig liburu bat, Holderlin, Kleist eta Nietzscheren biziaz, deabruaren aurkako borroka izena du.

17. kaixo Eneko, zein da buruko min gehiena eman dizkizun arazoa?
Ainhoa

kaixo Ainhoa,
arazo askok probokatzen dizkizu buruko minak Udalean. Txikienetik handinera denak baitira azpeitiarren arazoak, eta bakoitzaren arazoa beti da garrantzitsuena. Irtenbideak ematen saiatu gara.
Baina, udalak izan ditu arazo larriak, batzuek herentzian: plan urbanistikoaz gogoratzen naiz une honetan, epai 2006ko plan urbanistikoa deseuza zela berretsi zuenean egoera oso larrian utzi zuen Udala. Hainbat urtetan blokeatuta zegoen gai zen. Eta azken legealdietako Udalei handi geratu zitzaien plan urbanistikoa (ezaguna da gaia).
Hortaz gain, Udala arazo estruktural handiak heredatu zituen. Hasita bere kudeaketan. Auzoak behar handiak zituzten.

Soreasu bukatu gabe baino inaguratuta (5/6 miloi bukatzeko). Pixkanaka ari gara osatzen eta aktibatzen, musika banda eta koroari egokitu dizkiogu lokalak, aparkalekuak aktibatu (hutsa zegoena erabilgarri jarriaz, auzoa bera ez zuen espaloia ere eta urbanizazioak egin dira. Zinearen kudeaketa asko hobetu da, eta beste indar bat herriko kultur taldeen eskutik.

San Agustin berehala jarri genuen abian. Bi egunetik behin ekitaldi kultural bat dago Azpeitian.

Elkarbizitzan indar handiak jarri ditugu, zer gertatu den aztertzen aintzindariak izan gara, gerra zibilaz gain gertuko giza-eskubide guztien urraketak jasotzen saiatu gara. Paco Etxeberria, Carlos Martin Beristain edo Javi Buces bezalako adituekin. Errekonozimendu arloa gure adierazpenekin etengabe lantzen saiatu gara herritarrekin ...

Luze izango litzake buruko min denak azaltzea. Gure ustetan arlo asko jorratu ditugu, Udala behingoz Azpeitiko motor bilakatu da, hainbat urtetan ez zenean. Injustua izateko arrisku handia da, egitasmo asko martxan jarri ditugulako guztien buruko minei aurre egiteko.

Eta egia da, buruko min handiak izan ditugula batez ere krisi ekonomikoaren eraginez, langabeziari eta bere ondorio sozialei aurre egiteko. Sustapen ekonomiko planak aintzindariak izan dira, zerbitzuak ekarri dira Azpeitira (orientazioa, iraurgi berritzen sindikatu zaharrera), eragileei laguntzen: azoka herritik ..eta zerbitzu sozialetan laguntza propioak, formazioa, zerbitzu berriak, hezkuntzako bekak.


18. Kaixo Eneko, galdera konkretu bat: Zergaitik jarraitzen da erretzen azpeitiko tabernetan? noren esku dago hori bigilatzea? Eskerrik asko
Mikele

Kaixo Mikele,
Ez da Udalaren eskumena, eskumena Jaurlaritzarena da eta beraiei tokatzen zaie gai honen jarraipena egitea.

19. Plaza berdura zeatik pagatu behar debe azkoitiarrak?
Josune

Kaixo Josune,
Mankomunitate guztiek ofizinak behar dituzte, eta ofizina horiek normalena da Mankomunitateko egitasmo nagusia dagoen lekuan izatea. Azpeitian dago zabortegia, beraz gure ustetan Azpeitian behar luke mankomunitatearen egoitzak. Egia da legealdi hasieran Azkoitian zegoela baina estatutuen arabera Azpeitian izan behar luke mankomunitateak. Horregatik, Azpeitiara etorri zen mankomunitatea.
Gero logikoa da eraikin berri bat egin beharrean zahar bat eraberritzea, batetik, merkeagoa delako, eta, bestetik, denontzako delako onura. Ofizina berriak izango ditu mankomunitateak eta eraikin zahar bat eraberrituko da azpeitiarrontzat. Obraren ordainketa mankomunitateko sozietateak dituen diruetatik egingo da, inork ez du dirurik jartzen. Guk uste dugu badela ordua, hainbat urte ondoren Azpeitiak egiten duen esfortzua konpensatzeko. Guk ditugu urtegia eta araztegia eta inolako onurarik ez dugu jasotzen, bere garaian egin ziren akordioak, sinpleki esanda, ez zirelako gure herriarentzat onak.

20. Zeatik ez zen aurretik memoria historikue errekuperau?
Josu

Kaixo Josu,
Galdera hau ez da guretzat. Egia da berandu gabiltzala, 1936ko gerratik urte luze pasatu direlako eta hainbat eta hainbat lekukotza galdu egin direlako. Uste dut ixilpena ezin dela gai hau utzi, eta horregatik hasieratik eta Aranzadiren eskutik gai hau landu dugu. Udaletxean oroimenerako plaka bat dago sarreran. Oroimena eskubide bat da, eta eskubide bat bada instituzioek obligazio bat daukagu. Gainera, gertuagoko oroimena ere landu dugu, eskubideen urraketak 1960tik 2014 artekoa.

Inoiz ez da berandu.

21. Aupa Eneko, bi galdera: Noiz kenduko dira zezenketak zezen plazatik? eta kaleetatik soka muturra? Milesker.
libre

Kaixo Libre,
Nire ustetan, zezenketak plazatik eta kaleetatik soka-muturra azpeitiarrek horrela erabakitzen dutenean kenduko dira.

22. Eneko, Aranzadik egin duen giza eskubidien estudiyue zeinek egin debe teknikoki.
Mikel

Kaixo Mikel,
Lau adituri zor diogu lana: Jabi Buces (Aranzadi), Juantxo Agirre (Aranzadiko idazkaria), Paco Etxeberria aski ezaguna (Aranzadi) eta Carlos Martin Beristain (oraintxe jaso berri du Gernikako Bake saria Saharan egin duen lanagatik).

23. Azkue enpresaren asuntoari buruz zer diozu?
Belen Etxeberria

Kaixo Belen,

Azkue enpresako langileek dira protagonistak, gu laguntzen saiatuko gara behar dituztenerako, diskrezioz.

24. Zer dijue plaza berdura gaineko pisuen? Eta Plaza berdurako lanak zeinek ordaintzen ditu?
Saioa

kaixo Saioa,
Berdura plazaren inguruan erantzn dut aurreko galdera bat. Mankomunitateak bulegoak izango ditu gainean.

25. Kaixo, Bariantie eiteko proiektuik baldakezue eo eitie aurreikuste al dezue?? Aio
patxi

Kaixo Patxi,
bariantea aspalditik datorren egitasmoa da, Foru Aldundiaren dagokio. Hobekuntzak behar ditugu objetiboki eta ondo aztertu beharko da proiektua herritarrekin batera.

26. Kaixo Eneko! Denok ikusi deu nola PPko hautagayek bandera frankistak eta Primo de Rivera goraipatzen argazkiyek eta abar dazken FBn. Uztarriake atea du artikulu bat hori erakutsiz. Zu alkategai izatiez gain, abokatuere bazea. Nola ikustezu holako pertsona batek politikan parte hartzie? Pertsona publikue izenda, dana libre al da? Gero euskaldunok ite deuna ite deula, beti atzetik dabilkixkigu danak? Nola ikustezu egoerie zuk?
Harrituta

kaixo Harrituta,
ba zu bezela harrituta. Ez sinistekoa da. Alderantziz izango balitzateke badakigu Audientzia Nazionalak abian jarriko lukeela prozesu judiziala. Harrituta gainera argazki batzuek koartel batekoak direla (ez dakit horrela izango den), eta koartelean dituzten bandera eta Francoren bustoa.
Giza-eskubideen aldeko errespetua denon lana da.

27. Atsaldeon Eneko Alde zaharreko bizilagun bat naiz. Alde zaharreako ze proiektu dituzue 4 urte hauetako? O plazie berritu ta oiñezkotziekin bukatzea zuen lana? Nik ikustetana da azkeneko urtietan Alde zaharra oso triste daola.Merkatayek eta tabernayeke keja baten. Aber 4 urte hauetan denon artien egoera onei bueltie emateko gai gean eta Alde zaharra pizte deun. Agur
Alde zaharreko bizilaguna

kaixo bizilaguna,
Gure herriak duen itxura fisikoa hainbat erabakik hartuta gauzatu da. Alde Zaharraren gertu altzairutegi erraldoi bat dago eta herri luzeran Loiola aldera hasi da ikaragarri. Hau da, herriare erdigunea ez dago Alde Zaharrean.
Alde Zaharrean erakargarria egiteko hainbat motor jarri behar ditugu. Denon gune komunitario bezala indartuaz.
Kulturaren motorra hor dugu, SanAgustinekin. Kultur eragileen eskutik eta beraiekin batera, Soreasuren ingurua landuaz. Aparkalekua indartzen ari gara eta bide horretan sakondu behar dugu. Bestetik, herriko enparantza eta berdura plaza motorra izateko bidean ditugu. Udalak dituen zerbitzuak pixkanaka bertara ekartzen ari da, Uren ofizina, sindikatu zaharrean zerbitzu ekonomikoak, mankomunitatea...
Turismoa beste motorra da, Trenaren museoa eta Alde Zaharreko ondarea erakargarria egiten jarraitu, bisita gidatuak, ondorea errekuperatu. Bertako komertzioa laguntzen jarraitu behar dugu, laguntzen bidetik. Eta bizitzeko leku egokia izan behar du, adibidez alokairu laguntzekin gazte batzuek etorri dira bizitzera.
Krisi ekonomikoak ere eragin handia izan du, beste egoera batek kontsumoak aktibatuko du.
Egitasmo diferenteekin bideratu behar dugu egin behar dugu aurrera.

28. Aupa Eneko; Zestoan eta Azkoitian %80ko berziklatze mailara igo direla ikusita, Azpeitian %35etik behera egoteak ez al dik lotsarik ematen? Eske neuri bai...
Xabier

Kaixo Xabier,
Hondakinak geuk sortzen ditugu eta guztion arazoa dira. Lotsa gauza askok ematen didate. %70 jasotze birziklapen tasa iristeko helburua dugu eta helburu horretara iristeko sistema bat proposatzen dugu, hauteskunde hauetan hori ere erabakiko da. Krispazioarik gabe eta lasaitasunez abordatu behar den gaia da nire ustetan.

29. Kaixo, Basuran kontuen 4 utien ezerrez eztezue ein, ta gauziek berdin berdin segitzeik azpetiyen. Noiz alleauko egune azpeitin zeoze eingozuena, reziklaje altu bat lortzeko??
aitor

Kaixo Aitor,
aurrekoari erantzun diot. Guk gobernatzeko aukera ematen badigute herritarrak, hurrengo legealdian dudarik egin gabe.

30. - Azpeitiko lantegi erreferenteak itxi dira azken urteotan. Langabezia arazo larria da. Gero eta jende gehiagok egiten du lan herritik kanpo. Zer nolako erabakiak hartuko dituzue Udaletik "azpeitian bizi eta lan" egin dezagun? - Azkoitian industria gune berria egina daukate. Azpeitian industria gunea eraikitzea aurreikustun al duzue? - Azpeitia Urola-Kosta eskualdean kokatua dago. Kostan turismoa ekonomiako sektore indartsua da. Horrek, ez al du aukera bat eskaintzen barnealdeko herrientzat eta Azpeitiarentzat? Behar besteko pisua emanten al zaio turismoari? Behar beste indar jartzen al da turismoan? - Azoka plaza berritzeko lanak egiten ari dira. Baina zertarako erabiliko da gune berritua? - Zailtasun ekonomikoak eta pobrezia larrian dauden herritarrak babesteko neurririk hartuko al duzue?
nekane

kaixo Nekane,
Azpeitian arazoei etorkizun eta ikuspuntu estrategiko bat egiteko
Azpeitiko 2025 plan estrategikoa egin genuen herritarrek, eragileek, udal-langileek eta beste talde politikoek parte hartu Enplegua sortzea lehentasuna izan da. Une honetan, 983 langabetu daude Azpeitian, %13,4koa da tasa. Jaisten doa eta horretan jarraitzea da gure erronka. Horretarako bitarteko guztiak aktibatuko ditugu. Kezka sortzen digu lanpostuen kalitateak.

Azpeitiak duin bizitzeko toki bat izan behar du, behar sozialak ase behar ditugu: laguntzekin, hezkuntza finantzatzeko bideekin, osasun zerbitzuekin?

Gure apustua lehentasunak ikuspuntu integral batetik lantzea da. Guk ez ditugu lehentasunak zatika-zatika puzzle bat bezala lantzen. Esate baterako, turismoa lantzean, ondarea, aktibazio ekonomikoa, kultura, hizkuntza, sortzailetasuna? lantzen ditugu. Lana horrela egin behar da, sinplekerietan erori gabe. Kirola lantzen duzunean ere, enplegua sor dezakezu, parekidetasuna edo hizkuntza sustatzeko aukera ematen dizu; kirol frogen bidez, turismoa ere landu dezakezu. Garapena ez da enpresa sortze soilik, esandako guztia da garapena.

- Industria guneak, lur publikoa, inportantea da. Badakit, estetikoki ondo geratzen dela kriston pabelloi pila egitea baina, gure ustetan, arazoa edukietan dago. Zementoa izan dezakegu baino edukia dago lana egin beharra. Eta gainera, lur publiko berria egin aurretik zaharra, abandonatuta geratu dena, errekuperatzea izan behar du lehentasuna. Eta, tamalez, eremu asko ditugu.

- Turismoa aukera handia da, azken urteotan aktibatu dugula iruditzen zait. Barnekaldeak baditu bere aukera, gu ere praktikan Kosta gara (euskal kosta), eta guk baditugu eskaintzeko leku oso esanguratzuak. Eta hilabetez hilabete bisitari kopurua gora doa. Egitasmoak ezagunak dira: bost geltoki, urola gustgarri, euskadi gastronomika, inaziotar bidea, Madalena ..Orain arte ez ziren turistak Azpeitiko kaleetan ikusten, orain ikusten ditugu. Ofizina berria irekitzera goaz Azpeitian. Hala ere, beti dago gehiago egiteko.

- Berdura plazaren zati bat Mankomunitatearen bulegoentzako izango da, eta beste zatia berdura plaza izatearen aldeko apustua egitea aldekoak gara, eragileekin adostuta, baserritarrekin, postuak herritarrekin diseinatzeko bileretan ari da udala. Motorra beharko luke Alde zaharra eta herriarentzat. - Udalak pobrezia azterketa egin berri du eta, noski, bere lehentasuna da inor atzean ez uztea. Horregatik, aprobetxatzea nahiko nuke egoera horitetan dagoen edozein Udalera gerturatzeko.

31. Nondik etorri zen alokairu laguntzena?
Libe

Aupa Libe,
Etxebizitza politika berri bat abian jartzen saiatzen ari gara. Etxe berriak egin beharrean etxe zaharrak ongi erabiltzearen eta alokairuan aldeko apustua. Etxe bat egingo bagenuke 150.000 ? kostatuko litzaiguke, laguntzen bidetik askoz herritar gehiago lagundu genezake, gainera eremu batzuek bereziki laguntzen ditugu, esaterako Alde Zaharra. Udalak ordainketak egin beharra ziurtatzen du eta gainera alokairu prezioa mugatu, horrela jabeak segurantzia du eta prezioen inflaziorik ez dago. Gainera, jabeak ez badu alokatzen eta etxea hutsa badu errekargoa ordaindu behar du. Ekonomia aktibatzen da. Azken deialdian gainera gazteez gain, banatu , edadetu eta elbarriei ireki diegu. Eta errentaren araberako laguntzak izango dira.

32. Egunkaria auziari buruz zer dezu esateko
Joseba

kaixo Joseba,
injustizia handi bat, ezin den ahaztu injustizia bat. Ondorioak oraindik guztiz mingarriak dira, eta sufrimendu ikaragarria sortu duena.
Ruper Ordorikak abesti hau idatzi zuen, Egunkariaz:
https://www.youtube.com/watch?v=ZRUzk6shcyk

33. Aupa Eneko; Politiko guztiak berdinak direla eta EAJ eta Bilduren artean diferentziarik ez dagoela diotenei, zer esango zenieke?
Eidet

Kaixo Eidet,
berak jakingo du esaten duena, gure ustetan badaude diferentzia nabarmenak. Bestela gogoratu ze partehartze, ze galdeketa ordenantza, ze aurrekontu bilera, ze eragileentzako mahai, ze auzo bilera, ze auzo-alkate, ze informazio zegoen udalari buruz interneten ... egin ariketa; ondo kudeatu behar da edozein egoeretan baino gure balioak eta herritarren egiten diogun planteamendua guztiz diferenteak dira. Eta gu, kontradizio guztiekin ere, nitidoak gara gure planteamenduetan.

34. Kaixo Eneko! Bestelako politika eredu baten lemapean diarduzue lanean, zure iritziz zertan aldatu da Azpeiti eta azpeitiarron egoera azken lau urteotan? zein izan dira zuek udal gobernuan egon izanaren diferentzia nagusiak?
Amaia

Kaixo Amaia,
Aurreko galderari ere erantzun diot, guk uste dugu bi ereduak diferenteak direla. Begiratu herritarrekin elkarlana. Udal gobernu honek erabakiak hartu ditu, etengabe begi bistan den moduan, baina egiteko moduak oso diferenteak izan dira: elkarlanean, informazioa eskainiz eta ikuspegi estrategikotik. orain estrategia bat dugu, eta aurrera egiteko ekimenak, arlo ia guztietan. Eta uste dut Udalak abian jarri dituen egitasmoak, egoera oso oso zail batean, herritarren bizi kalitatea hobetzea izan dutela helburu.

35. Arratsaldeon Eneko. Duela aste gutxi aurkeztu da Azpeitiko bizikidetza taldea. Albiste eta ekimen ederra eta beharrezkoa da. Ildo honetan, ba al duzue asmorik bizikidetza lantzeko baliabide eta egitasmoak martxan jartzeko? Gutxi batzuek egin duten hori herritar ororengana zabaltzea litzateke ideala, ezta? Eskerrik asko ta segi ondo!
Ainara

kaixo Ainara,
eskerrik asko. Benetan gure lehentasunetako izan da eremu hau, uste dut Azpeitiak sekulako saltoa egin duela gai honetan, eta beste hainbat herrirentzako eredu bilakatzen ari dela. Eta, noski, aurrera egitea planteatzen dugu lan ikaragarria dagoelako oraindik egiteko, baliabideak jartzen ari gara (2015ko aurrekontuetan badaude), eta herritarrak guri konfiandatza ematen baditugu jartzen jarraituko dugu elkarbitzitza azpeitiar denontzat iristeko.

36. kaixo alkategai: urolako trena bear bearrezkoa ikusten det, izan ere, zestuan ere, aparkatzeko arazo larriye zegok, zestuko amabirjinetan, kiroldegi atzien, belardietan eta hortz kliknika edo arocena hotel parien espaloi gañien aparkatzen da. Azpeitin, urtziko espaloi gañien, burnibideko bus geltokiyen, enfin, komunsorora eskubiyen iraurgi ikastetxien bidean ere, hesia dagoen tokian. anbulategi parien bi aldeetan.Zer deritzozu urolako trena bear bearrezkoa dela? ondartza sasoian busak txerrien antzera busak beteta doaz bai azkoiti-zarautz, era berean, zumarraga-zumaia jendez gañezka doazte. Izan ere, urolako trenari nai adiña bagoi geitu daitezke.Geiegi gabe, eskerrik asko alkate.
asier

kaixo Asier,
gai honen inguruan iritzia eman izan dut,
Guri, Urola bailaran, trena gustatzen zaigu gehien. Herritarrak eta merkantziak komunikatzeko modu seguruena izateaz gain, energia kontsumo ikuspuntutik efizienteena da. Horrez gain, hainbat abantaila du: ingurugiroan egiten duen txikizioa txikiagoa da, lur okupazioa eta zarata gutxiago, errepideek, autobiek, autopistek edo abiadura handiko trenek egiten duten suntsiketarik ez du eragiten.

Gainera, gure bailarak bazuen trena. Urola izena zuen. Norbaitzuk (ezetz asmatu nortzuk?) kendu egin zuten, ez naiz gogoratzen zeinen izenean, baina seguru diru kontuak izango zirela medio. Gero gobernuan egon diren urte luzeetan elkarri pilota botatzen pasa dute denbora, inongo irtenbiderik eman gabe.

Trena kendu zuten berdinek, lotsa gutxirekin, bailara komunikatzeko errepide erraldoi bat egitea proposatu dute Zumarragara!? (hemerotekak begiratzea besterik ez dago, Azpeitiak bazuen beste proiektu bat... Horretan jarriko bagina, ez al dugu hobe Zestoatik Donostiarako bidea hobetzea?).

Guk trena behar dugu nagusiki, kotxe trafikoa gutxitu eta bailara ondo komunikatzeko, eta ditugun errepideetan hobekuntzak ere bai. Gure ongizatea hobetuko du, lurralde kohesioa lortuko dugu eta sostengarria da.

Eta Eusko Jaurlaritzari dagokio gure bailarako trena egitea. Zumarragarekin eta Zumaiarekin ongi komunikatuko gaituena. Gertuko trena. Gure bailara behingoz bailara izateko (orain, Urola-Kosta, Urola-Erdia eta Urola-Garaia eskualdetan sakabanatuta gaude). Gu aspalditik ari gara eskatzen. Baina, beste bailara edo proiektu batzuek izango dira lehentasuna.

Urolako tren publiko, azkar, seguru, efiziente, kalitatezko eta edonork ordaintzeko modukoaren aldeko apustua egin ordez, Abiadura Handiko ezinezko tren proiektu garestiegiaren (termino guztietan) alde egin du Jaurlaritzak. Gure bailara alde batera utziaz. Guk gertuko trena defendatuko dugu, gurea, herrikoa, Urolakoa... aldrebeskeriak egiteko ez dezatela gurekin kontatu.

37. Aupa! Nik galdera bea daket biyontzat. Azken urtietan euskerazko prentsai ta telebistai dirulaguntzak eman dixkozue. Jakin laike zuek ze prentsa mota kontsumitzezuten? ZE PERIODIKO EROSTEZU EGUNERO? Ze telebista kate dituzu guatukunak? Estrategikuek die eo ekintza sinbolikue da zuentzat?
Jone Larrañaga

Kaixo Jone,
Berriako harpideduna naiz. Euskal hedabediei lotuta egin izan dut lana. Telebista gutxi kontsumitzen dut, gehiago internetez. Guztiz estrategikoak dira guretzat.

38. Iep! Zer emaitza espero dituzu maiatzan 24ko hauteskundetan? Zer gertakoa Azpeitin? Bipartidismue ikusiko al deu?
Karkar

kaixo Karkar,
herritarrak jarriko gaituzte bakoitza bere lekuan. Ez dago epaile zorrotzagorik.

39. Kaixo, Ez al zaizu iruditzen plaza berritzearen galdeketa gaizki egin zela? Kiosko MANTENTZEA esan zen eta orain zer eta bota egin duzue berria egiteko, badakit gaizki zegoela kioskoa, baino hori hasieratik zenekiten eta ez dakit zergaitik ez zenuten esan garbi kiosko berriegingo zela. Honek agian, emaitza baldintzatu zezakeen. Bestalde zergaitik daude galdirik plaza berdurako lanak?? Agur,
aitor

kaixo Aitor,
galdera hau uste dut erantzun dudala, asko dago hobetzeko eta kritikoak gara. Halare, guk hasieratik esan genuen kiosko eraberritu behar zela eta funtzionala behar zela, ezin zela eszenatokia montatzen ibili zituen kostuentzat. Eta kiosko zaharra eraberritu behar zela. Hemerotekak hor daude. Berdura plazan barruko instalazioekin ari dira eta une honetan beste fase bat adjudikatzen.

40. Arana Kaletik anbulategira doan zubia aldatzeko proiekturik ba al duzue?? Urteak daramatzagu auzokideok zubi honen inguruan kexu, Askotan presaka zeharkatzen dugu, autobusera, eskolara edota medikuarengana berandu goazelako. Gainera, duen gorabehera horrek oztopo handia suposatzen du edadetuentzat, eta behin baino gehiagotan erori izan da norbait bertan. Eskerrikasko
arana

kaixo Arana,
zure ekarpena jasota geratzen da. Aztertuko dugu gaia. Egia da zubiaren diseinua ez dela egokia baina suposatzen dut UR AGENTZIAk behartutako izango dela eta zaila izango dela aldatzea. Begiratuko dugu ze aukera ematen dituen.
mila esker,

41. Kultur azpiegiturai dagokiyonez, Sanagustin martxan jarri da eta ikusi da martxa onien dabilela gainea. Herrira eundoko ekarpena ein dula. Baino Soreasu hor dao eta behin eta berriz aitu diyou PNVei abandonaute auki dezutela... Zertan dao hori, zerbait aurreau dezute??
Saioa

kaixo Saioa,
Soreasuz hitzegiteaz gutxienez 4 gauzetaz hitzegin behar dugu. 1.- Auzoa; auzoa guztiz abandonatua zegoen, ez zuen espaloirik ere, eta buelta bat eman dezakezu zenbat urbanizazio obra egin diren, auzotarrak eskatuta. 2.- Aparkalekua; ez zen erabiltzen, sustatu egin da eta hainbat ordutan dohainik jarri, auzotarrei 12 orduz, alokairu merkatu. Hau da, erabilpena indartu. 3.- Soreasu erakina: SanAgustin kooperatibaren esku dago, hau da, kultur mahaiaren esku eta indartu egin da, antzerkia, herri-proiktuak, zinea...4.- Lokalen egokitzapena, kultur eragileekin egindako azterketan barne ibili da Udala, eta kultura eragileekin abordatu nahi dira egokitzapenak. Hala ere, zati bat egokitzatu da: banda, koroa, elkarrekinek lokala du. Kontuan izan behar duzu egokitzapen osoa 5/6 miloi kostatzen dela eta hobe pixkanaka joatea eta batez ere Soreasun protagonista izan behar duten kultur eragileekin batera.

42. Plan urbanistikoarekin epaiekin ze pasatu zen?
Jon Berasategi Bastida

kaixo Jon,
Epaiak plana anulatu zuten 2007 urtean eta ondoren 2012 urtean Auzitegi Goreneko epai batek berritsi egin zuen aurreko plan urbanistikoak ez zuela balio, ez zela egokitasunez egin. Epai mordozka zeuden, adib. etxebeltz eremuan. Epaia ia guztiak bertan behera geratu ziren. Plan berriak epai guzti haiek indarrik gabe utzi zituen. Hala ere, epai zahar bat dago bizirik, Azautza eremuko epaia. Guztiz itxi gabe dago. Epaia bere bertan ezin delako bete, 1999 urteko epaiak Auzautzako etxeak botatzea erabaki zuen, eztabaidatzen ari da epaitegian. Eta ez betetzearen ondorioak zeintzuk izan daitezken. Hala ere, gure ustetan plan berriak garantia legala ematen digu epai honen aurrean.

43. Kaixo! Legealdi hontan zer utzi dezue eiteko edo eiteke?
zenbat

Kaixo Zenbat,
Dudarik gabe gauza asko, azpeitiarren bizia hobetzeko arlo asko daude; ez da inoiz bukatuko. Lau urte herri batentzat ez dira ezer. Eta hartutako norabidean sakontzea.

Agurra

Mila esker denoi galderagatik, badakizue maiatzaren 24ean guztion esku egongo da udal gobernua aukeratzea, ez geratu etxean eta bozkatu bakoitzaren kontzientziaren eta iritziaren arabera. Ondo segi.