Josu Albero eta Ekaitz Martinez

uztarria.com1 2014ko mar. 27a, 19:00
Josu Albero eta Ekaitz Martinez
Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikak 'Eskutik eskura' erabakitzeko eskubidearen aldeko eguna antolatu du datorren ostiralerako (hilak 29). Hainbat ekimen izango da egun osoan zehar. Ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen giza-kate erraldoiari bultzada emateko asmoz antolatu dute eguna. Albero eta Martinez Uztarrian izango dira, Gure Esku Dago dinamikaren nondik norakoez hitz egiteko.

1. Aupa Josu ta Ekaitz. Ekainen 8ko giza kate hortan ikusiko diaun indarra ta gero, zein izengo dek hurrengo pausue??? Zeozer pentsaute ba aldao, o egun hortako erantzunen arabera finkako huke hurrengo pausue??? Zorionak "gure esku dago"ko danai eindako lanagatik. Animo !!!
Iñigo Ibarguren Urbieta

Aupa Iñigo!!!
Guk abian jarri dugun ekimen honek epe motzean erronka bat dauka. Ekainaren 8an ahalik eta jende gehien mobilizatzea, mugimendu honen indarra agerian uzteko. Beraz barne hausnarketa hasita dago eta ekainaren 8tik aurrera erabaki beharko dugu danon artean aurrera eman beharreko urratsak zeintzuk izan behar diren. Hau ekimen irekia ta anitza da eta bere indarra hortan datza. Eskerrik asko animoengatik Iñigo.

2. Kaixo, Azpeitiko zein eragile eta alderdi politikok eman dizuete euren babesa? Izango al dira larunbatean soreasun? Eskerrikasko!
nineu

Kaixo. Lehenengo eta behin herriko talde desberdin (kultura eta kirol arlokoak gehinbat) eta norbanakoekin izan ditugu harremanak. Bigarren fase baterako utzi ditugu, alderdi politiko eta sindikalaken egin beharrekoak. Hala ere, Gure Esku Dago taldeak goi mailako harremanak izan ditu Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuekin eta den denak PP eta PSE izan ezik gainontzeko guztiek haien sostengua eman digute.

3. Katalunian iezko Diadan egin zuten giza-katearen antzeko ekimena egitea pentsatu duzue. Estimatzekoa da hainbat jende erabakitzeko eskubidearen inguruan egiten ari zareten lana, eta ia dena ondo ateratzen den. Baina han eman den gizarte antolaketa eta bultzadaren neurrikorik ba al da gurean? Ez al da pixkat fortzatutako zerbait?
Joxpi

Kaixo. Kataluniarrak egiten ari diren prozesua gurea baino askoz aurreratuago dago, hori egia da. Zuk aipatzen duzun antolaketa eta bultzada orain ari gara gorpuzten. Guk herri honetan sinisten dugu eta konbetzituta gaude guk hemen gauzak ondo eginez gero, kataluniaren antzeko arrakasta eta ilusioa sortuko dugula. Guztion esku dago ilusio hau olatu erraldoi bat bilakatzea.
Eskerrik asko!!!

4. Kaixo pare! Nolakoa izango da zapatuko ekitaldia? Zenek hartuko dute parte? Eta, giza katerako izena ematerik izango da bertan? Eskerrik asko!
Kuxkuxerie

Kaixo. Mundiala!!! Oso polita izango dela espero dugu. Bertan jaia eta erabakitze eskubidearen aldeko kontzientziazioa uztartuko ditugu. Dantzariak, bertsolariak, abeslariak, katalunia ta eskoziako ordezkariak, herriko aurpegi ezagunak, etb. izango dira. Bukaeran gizakatean parte hartzeko eta izena emateko aukera izango da, horretarako prestatutako mahaietan.
Eskerrik asko eta larunbatean soreasun ikusiko gara.

5. Iepe! Ekainen 8ko giza katien noa jun berkobe azpeitiarrek? Zein tokitan egongo die, alegia? Eta, giza katerako izena nun eman ber da? Animo!
Bat

Gizakatea Azpeititik pasatzen ez denez, azpeitiarron kilometroak (45 eta 46) Zumarraga aldean daude. Beraz, egun horretan Azpeitiko jendea kotxez edo antolatuko diren autobusez Zumarragara joango da. Izena emateko, larunbatean, Soreasuko ekitaldiaren bukaeran aukera izango duzu. Bestela, 10 egun barru lokala izango dugu herrian...Uztarrian eta Hitzaren bidez lokal berri horren kokapena adieraziko dugu. Mila esker

6. Gure herrian antolatzen diren ekimenetan parte hartzea nahiko eskasa izan ohi da gehienetan: kontzertuak, hitzaldiak... Zuek nola ikusten duzue jendea Gure Esku Dago dinamikari begira? Jendea ondo erantzuten ari al da? Gehiago eskatuko zenukete? Zintzotasunez erantzun mesedez!! Amaitzeko, ZORIONAK egiten ari zareten lan bikainagatik ;)
herritar1

Kaixo. Guk orain arte 5 hitzaldi antolatu ditugu, eta oro har erantzun egokia izan dute (40-70 pertsona, bataz beste). Egia da gaur egun asko kostatzen dela jendea mugiaraztea. Herriko taldeekin eta eragileekin ere bilera-aurkezpenak izan ditugu, eta harrera ona izan dugu. Zapatu honetan Soreasu betetzeko erronka dugu....ziur gaude lortuko dugula. Uste dugu jendearen erantzuna aktibatzeko, ilusioa eta gogoa sortu behar dela, eta Gure Esku Dago saiatzen ari da jendearengan txinparta hori pizten. Asmatzen baldin badugu, ekainaren 8ko Gizakatean euskal herritarren sostengua izango dugu. Gu baikorrak gara, Herri honetan sinisten dugulako. Eskerrik asko.

Agurra

Eskerrik asko galderak bidali dituzuen guztiei. Zapatuan Soreasun ikusiko gara!!