Irati Labaka eta Mikel Maiz

uztarria.com1 2013ko eka. 11a, 21:00
Irati Labaka eta Mikel Maiz
Joan den martxoan sortu zen Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundea, Zukgua prozesu eratzailearen ostean. Azpeitian ere osatu dute taldea, eta zuek egindako galderei erantzuten Uztarrian izango dira Labaka eta Maiz Ernaiko kideak.

1. Iepa! Ernai Euskal Herriko antolakudea izanda, Azpeitian zehazki nola jardungo duzue? Hau da, nola antolatuko zarete? Animo
Anonimus

Azpeitira begira, gure helburu nagusia gazte mugimendua indartzea dela behin eta berriz esan izan dugu. Horretarako, hainbat eragilerekin harremanetan jarri gara, eta jarriko gara. Gure helburua ez da, Ernaik ahalik eta kide gehien izatea, guk nahi duguna, Azpeitiko gazteria aktiboa eta kritikoa izatea da. Horrela, ustelduta dagoen sistema patriarkal kapitalistarekin amaitu eta bizi eredu berri bat eraikitzeko.

2. Zein die zuen helburu nagusiyek? Azalduko al zenituzkete.
JoxeRipiau

Herri mailan zein helburu dauzkagun aipatu dugu lehenago. Euskal Herriari dagokionean, berriz, argi dugu Euskal Herri euskaldun, independiente, sozialista eta feminista bat eraikitzeko bidean egingo dugula borroka. Sistema kapitalista patriarkalak ezartzen dizkigun genero, klase eta hizkuntza zapalkuntza guztiekin amaitzeko.

3. Aupa! Nola ikusten duzue Azpeitiko gazteria? Krisiak nola eragin dio? Animo eta segi gogor lanean!
ieu

Azpeitiko gazte mugimendua indartsu ikusten dugu, borrokarako gogorik ez zaigu falta. Hala ere, asko dago hobetzeko oraindik eta gazte guztiak animatzen ditugu mugitzera. Sistemak egunero kolpatzen baikaitu (langabezia eta prekarietatea, unibertsitateko tasen igoera, publizitate sexista...) eta honi erantzuteko guztion lana beharrezkoa da.

Beti izan ditugu borrokarako arrazoiak, baina azken urteetako egoerak hauek areagotu egin dituzte: azken bi urteetan 17.000 gaztek jo behar izan dute atzerrira lan bila; langabezia tasa %27.8koa da, eta egun dauden lan kontratuen %68a, gainera, aldi batekoak dira; hezkuntzara bideratutako dirua aurreko urtean baino %14.5 gutxiago izango da, eta honen eraginez, zenbait arlotan %40ra arteko murrizketak pairatu beharko ditugu.

Eskerrikasko, ieu, zure animoengatik!

4. Nola ikusten duzue, Eranitik, herriko gazte mugimendua? Oso ondo ai zeate, ta segi lanien!
Gaztie

Aurreko galderan erantzun dugulakoan gaude.
Eskerrikasko zuri ere animoengatik!

5. Gaur egungo krisi egoerak, gazteei eragiten aldie?
irrintzi

Kaixo Irrintzi. Galdera hau ere aurrekoan erantzun dugulakoan gaude. Hala ere, eskerik asko galderagatik.

6. Nolatan edo zergaitik sortu duzue gazte antolakunde berri bat?
azaburu

Iazko udan, Euskal Herrian hutsune nabari bat bazela konturatu ginen hainbat gazte. Ezkertiar eta abertzale sentitzen ginen gazteok antolatu beharra geneukala konturatu ginen. Horren ondorioz,ikasturte hasieran ezkertiarra eta abertzalea izango zen gazte erakunde bat sortzeko prozesuari hasiera eman genion.

Nola ez, Azpeitian ere eman dugu prozesu hau, eta arrakasta itzela izan duelakoan gaude, 40 gaztek baino gehiagok hartu baitute parte bertan.

Prozesu horren izena ZukGua izan zen, eta bertan emandako eztabaiden ondoren, Ernai gazte antolakundea sortu zen Martxoaren 2an.

7. Uste dut, denok ikusi genituela fruten kartelak. Zer izan zen, omngi azaltzerik izango al zenukete?
ZukGua

Aurrekoan aipatu dugu ZukGua prozesua gainetik. ZukGuak prozesu fresko eta dinamiko bat izan nahi zuen, eta gure ustez, lortu genuen hori. Gazteriaren parte handi batek bere egitea nahi izan genuen, eta esan bezala, Azpeitian, behintzat, 40 gaztek baino gehiagok hartu zuten parte bertan.

Hainbat gai landu genituen; munduko egoera orokorretik hasi, eta herriko errealitateraino. Bertan kapitalismoari alternatibak badaudela ikusi, eta Euskal Herrian posible direla ikasi genuen. Asko ikasita eta gogotsu amaitu dugu ZukGua prozesua.

Orain, ikasitakoa praktikan jarrita, lanean gogotsu gabiltza.

8. Iep!!! Oin dala aste batzuk mural bat pintau zenduen Erdi Kalien. Nolatan egin zenuten?Zer esan nahi du?
Erdi kalie

ZukGua prozesua amaituta, herian sortu genuen Ernai. Maiatzaren 4an egin genuen aurrenengo batzarra edo bilgunea. Taldearen eraketaz eta aurrera begirako erronken inguruan hitz egin genuen.

Behin hori amaituta, Erdi Kalera joan ginen hain ezagun egin den murala marraztera. Bide batez, kalearen itxura hobetu dugulakoan gaude. Gure ideiak islatzen dituen irudia izan nahi du. Ikus daitekeen bezala, Herri Harresia irudikatu dugu (horrek adierazten duen guztiarekin), baita borroka feminista ere. Ameslari bat ere badago hor erdian; ameslariak baikagara. Amestu gabe, ezingo baitugu gure etorkizuna irudikatu. Gazteon borrokaren balioa ere aldarrikatzen duelakoan gaude.

Horren bideoa ikusi nahi baldin baduzue, hona hemen, lotura:
http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=wMtj_0o_LI4

9. Kaixo. Momentu honetan, nola zabiltzate herrian? Zer egiten ari zarete herrian? Ze asmo dauzkatzue?
Anonimoa

Gure helburu nagusia, gainontzeko eragile eta herri mugimenduekin batera, herriko gazte mugimendua indartsu mantentzea eta areagotzea da. Horretarako, zenbait eragilerekin elkartu gara dagoeneko. Orain, gainera, norbanakoekin hitz egiten eta biltze hasi gara.

Guztiok gara garrantzitsuak sistema honekin amaitzeko, eta ez ahaztu, Ernai tresna da; gu gara aldaketak eman behar ditugunak.

Guztion artean eta guztiok batera Euskal Herri berri bat eraikiko dugu! Lan egiteko prestutasuna duzuen guztiok animatu! Gonbidatuta zaudete!

10. herriyekin nola erlazionatze zeate?
gaztebat

Lehen erantzun diogu galdera honi.

11. Segi ez bezela, Ernai feminista bezela definitzea, ze iruitze zatzue erabaki hau, ta zertan iruitze zatzue aldaukoula honek antolakundien jardune ta izaerie? eskerrik asko!!
Iraitz

Lehen aipatu ez dugun arren, ZukGua prozesuan emandako eztabaiden ondorioetako bat izan da Ernai feminista izendatzea. Egunero jasaten dugu gizarte patriarkalaren zapalkuntza (ez ahaztu, hau sistema kapitalistaren oinarrietako bat dela) eta honi buelta ematea oso garrantzitsutzat jotzen dugu.

Formakuntzari dagokionez, alor honetan hutsune nabarmena dagoenaren jakitun gara. Hala ere, hori ez da aitzakia gaia alde batera uzteko. Horregatik, gaian sakondu eta formakuntza ikastaroak emateko asmoa daukagu.

Helburu bezala feminismoa jartzeak, gainera; bertako partaide guztiak feministak izatea edo feminismora gerturatzea ekarriko duela uste dugu. Geure egunerokotasunean betaurreko moreak jantziz.

12. Gazteen iritzien monopolioa izan da zuena azken urteetan, eta horren ondorioz, gazte askok beldur dute veste iritzirik azaltzeko. Gauzak aldatuko direla uste al duzue? Sorte on hasitako bide berrian.
nineu

Gu orain dela hilabete batzuk sorturiko erakundea gara; eta beraz, ez dakigu nola eduki izan dezakegun aipatzen duzun azken urteetako monopolio hori (ez baikinen existizen).

Agian Segi erakundeaz ariko zara, baina ez dugu uste honek ere iritzia monopolizatzen zuenik; Euskal Herriko gazte mugimendua anitza baita eta horretarako herriko adibideak ikusi besterik ez daukagu.

Are gehiago, gazteek beldurra izatea eta beraien iritzia libreki adierazi ezin izatea ekarri duena azken urteetako (eta oraindik indarrean dirauen) errepresioa izan dela uste dugu.

Ernaiko kideok ere jasaten ari gara errepresio hau (web orria itxi digute, bozeramaileak inputatu...). Herriko bi gazte ere identifikatu zituzten ertzainek grebarako deia egiten zuten Ernaiko kartel batzuk itsasteagatik.

Baina argi dugu neurri hauek diguten beldurraren adierazle baino ez direla. Beraien amesgaizto bihurtzen ari garela, alegia.

13. Kaixo! Azken hilabeteetan borroka mota berri bat ezautu deu, herri harresiyena ta aske guniena. Nola baloratzezue Donostin eta Ondarrun indana? Aurrera beira, atxiloketa politikuek eteteko bidie hortik al dao? Bueno ba, segi burrukan!
zast

Euskal Herriak garai politiko berri bat bizi du; eta honen adibide da herritarrek egin dugun desobedientzia zibilaren hautua.

Donostiako eta Ondarruko askeguneak izan ziren honen adibide. Bertan ikusi ahal izan genuen, nola herritarrak batuz gero, indar errepresiboei aurre egin zitzaiela. Eta Euskal Herrian zein nazioartean indar errepresiboak deslegitimizatu ziren (Aske gunearen berriak Errusiako telebistaraino iritsi ziren, beste askoren artea).

Indar metaketa honek beldurra eragin zuen agintarien artean. Eta honen ondorio izan zen atxiloketa egiteko modua; kolpeak, irainak... etengabekoak izan ziren Ez dezagun ahaztu atxiloketa hauek Ertzaintzak egin zituela (hau PNVren agindupean dago), eta Urtza Alkorta ere Ertzain hauen eskuetan torturatua izan zela, eta tortura hauek izan zirela bera inkulpatzeko zuten froga bakarrak.

Gaur arte PNVren jarrera nabarmena izan da, ez zaio burutik pasatu ere egin Espainiaren atxilotze aginduari uko egitea. Orain berari dagokio Espainaren eskutik jarraitzea eta Euskal Herritarrak atxilotu eta egurtzen jarraitzea. Edo herritarrekin batera Euskal Herri libre baten alde lanean hastea.

Agurra

Eskerrik asko galderak idatzi dituzuen guztioi. Ahal den ondoen erantzuten saiatu gara. Amaitzeko, Euskal Herri euskaldun, ezkertiar eta parekide bat lortu nahi duen gazte oro gonbidatuta zaudete.

ZukGua-ren ideia ekarri nahiko genuke gogora. Norbanakotik kolektibora aldatuko dugu gizarte hau. Norbanako bakoitzak formatzen eta kritiko izaten ikasten badugu, denon artean lortuko dugu herri hau aldatzea eta askatzea. Edozein arlotatik egin daiteke ekarpena. Bakoitzak ahal duena emanez, fruituak jasoko ditugu, uste baino lehenago.