Inaki Uribe

uztarria.com1 2011ko mai. 17a, 11:00
Inaki Uribe
Maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako alkategai guztiei elkarrizketa digitala egiteko aukera eskaini die Uztarria.com-ek. PSE-EEko zerrendaburua Iñaki Uribe da, eta PSE-EEk herrirako dituen asmoez-eta galdetzeko aukera duzu hemen.

1. Ze iruitze zazu pertsona bat azpeitiarra ez dena alkate izetie? Ezautuko aldu pertsona horrek ze egoera bizi deun benetan?
Azpeitiarra.

Ez naiz azpeitiarra, egia da. Baina hori ez da inolako eragozpen ni hemen aurkezteko. Nire atzean talde bat dago, indartsua, herriaren arazoak bertatik bertara ezagutzen dituena. Ni horien bozeramaile izango naiz. Dena den, badakit azpeitiarren egoera zein den, Euskadi osoko herritarren berbera delako: gazteentzat etxebizitzarik ez, industria maldan behera, ekintzaile berrientzat krediturik ez, gizarte ekintzetarako dirurik ez, eta abar. Kontu horietan guztietan Azpeitiak ez du berezitasunik.
Ez dugu ahaztu behar mundua azpeitiarrena dela eta Azpeitia munduarena dela. Edo ez?

2. Herriko gazteen artean droga gogorrek leku garrantzitsua hartu dute, hachis-a eta marihuana adiña prezentzia hartzen ari da kokaina, ketamina... Arazo sikologikoekin gero eta gazte gehiago ditugu, erreakzio txarrekin ingresoak ere bai... Zer neurri bultzatuko dituzue udaletxetik horri aurre egiteko?
Igor

Arazo larriak benetan. Etorkizunari begira itxaropenik ez izateak holako egoerak sortzen ditu. Udalak itxaropen hori berpiztu behar du, gazteentzat lanpostuak sortuz, etxebizitza duina lortzeko aukerak eskainiz, dibertsiorako beste ate batzuk irekiz... Eta batez ere, holako arazoetan adituak direnekin (psikologo, soziologo, eta aba) elkar lanean arituz. Udalak, aurreko bide horiek lantzeaz gain, ahalegin guztiak egin behar ditu, adituek diotena aurrera eramateko. Baina horretarako, kontuan izan behar dira, halaber, gazteen iritzi eta kezkak.

3. ETA-ren biolentziaren aurka zure alderdiak duen iritzia denok ezagutzen dugu. Bainan,zure iritzi pertsonala beste gai honetaz ere jakin gura dut, alegia, zure alderdikideek agindu, eta burutu zituzten ahinbat hilketaz (Ramuntxo, Peru, eta habar luze bat). Onartu al zinuzen bere garaian? Edo zalatu zinuzen? Lotsarik ez dizu ematen jende horien alderdi berekoa izatea? Etikoa iruditzen al zaizu jende hori oraindik ere agintean egotea, naiz eta epaituak eta kondenatuak izan? Zu ere izan al zinen Guadajaran txalo jo zuenetarikoa? Milesker erantzuteagaitik. Agian, nire bozka baldintzalezake...akaso.
Erramun

Biolentzia ekintza guztien kontra nago. Nire alderdikiren batek biolentziarik agindu edo burutu bazuen, ziur nago justiziak ordainari diola, ETAko asesino askori bezala. Baina aipatzen dituzun kasu horietan, esan behar dizut horiek gertatu zirenean, ni, ziur asko, zugandik ez negoela oso urruti. Ez, dit lotsarik ematen gurean ez dugulako beste batzuetan duzuen bezalako kriminalik. Gure alderdia ondo garbi dago egiten dituzun salaketetatik, horregatik nago alderdi honetan, garbia delako, bakearen alde egiten ari delako eta ildo horretan oinarri sendoak jartzen ari delako. Guk ez dugu biolentziarik erabiltzen, hitza baizik; demokrazia da gure bidea. Zuk eta zu bezalakoek, antza denez, egiten ez duzuen bezala.

4. Kaixo Iñaki. Nahiz eta nire bozka konstituzionalista ez izan, pozten naiz PSE-EEk euskaldun bat hautatu izana Azpeitirako. Zer erlazio duzu zuk gure herriarekin? Zenbateraino ezagutzen duzu?
Joxe Alberdi

Agur, Joxe. Euskaldun izatea ez da inolako bedenkaziorik alkate ona izateko. Hizkuntza ideien transmisioarako baliabide bat baino ez da, edo mutuak ez dira euskaldunak, adibidez? Gazteentzako alokairuko etxebizitzak egiteko ez premiazkoa euskalduna izatea, ez eta herriko adinduei eta ezinduei arreta berezia emateko ere. Kasualitate hutsa da ni euskalduna izatea; jaioterriaren kontua, alegia.
Azpeitiarekin dudan erlazioa, mundu guztiarekin dudana da. Eta pertsonalki herria askorik ezagutzen ez badut ere, nire taldeak badu eskarmentu nahikoa niri esateko nondik nora jo behar dudan.

5. Badakizu Azpeitia Lapurdiko zein herrirekin dagoen senidetua? Senidetze hau indartzeko burutapenik bai?
Joxe

Garbi eta argi esaten dizut, ez dakit Lapurdiko zein herrirekin dagoen senidetuta Azpeitia. Baina uste dut mugaz "honaindi" ere baduela zein herrirekin anaikidetu. Azpeitia, Euskadiko beste herri asko eta asko bezala, zorretan dago Espainiako herrialde askorekin, horietatik etorritakoek asko eman dutelako gure herriko industria jasotzeko bidean eta beste hainbat aldetan.

6. Uztarria herri aldizkarian azaldu duzunez, ez duzu Azpeitiaren inguruko informazio gehiegi. Ez duzu orain artean herria gehiegi ezagutu. Ez dakizu Udalaren orain arteko politikak zeintzuk izan diren. Baina ikasteko prest omen zaude. Herriaz zerbait jakinda ez al zenuke aurkeztu behar alkatetzara?
Yolanda

Ez, ez dut informazio handirik, baina lehen ere esan dudan bezala, oso talde garrantzitsua dago nire atzean, baina alderdia bera, bere aparato osoarekin, bai herriko semeak, eskarmentu handia dutenak. Alkatetzara aurkezten diren askok, ziurrenik, nik baina gutxiago dakite herri baten arazoez. Jakinarazi nahi dizut, nire taldearen esperientziaz gain, nik neuk ere badudala nolabaiteko eskarmentua udalerriko arazo eta egin beharrez.
Badirudi galderak egiten ari direnek ez dutela begi onez ikusten herrikoa ez den norbait herrian agertzea. Herritik kanpora atera diren guztiez pentsatzea eskatzen diet.

7. Zaborraren arazoak garrantzi ukaezina dauka gure herrian, ze ertenbide daukazue zuek hauentzat? Ze iruditzen zaizue zero zabor programa? Eta erraustegia?
ieu

Erraustegia premiazkoa da, urte asko daramatzeko adituek horretan ez ziurtaturik dago ez dagoela beste biderik. Bosgarren edukiontziak jartzea nahikoa izango litzateke.

8. Uztarriak hiri indako elkarrizketie irakurri nian aurrekun eta harrituta gerau nitxuan. Ezer eztakik gure herriyei buruz eta gure herriko zinegotzi izatie nahi dek? Horrek ze azalpen zaukek?
Jagoba Murua

Elkarrizketa hau irakurtzen baduzu, konturatuko zara zertan nabilen ni herri honetan: hemengo arazoak Euskadi osoko arazoak dira.
Uste dut galdera hau egiten ari direnei, holako xenofobia izpia dariela: "Azpeitian azpeitiarrak bakarrik", baina azpeitiarren gehiengoak ez du horrela pentsatzen, eta badakit onartuko nautela. Azpetiarren gehiengoak badaki, herritarren arazoak konpontzeko esperientzia behar dela eta nik esperientzia eta herriko talde sendo bat daukat atzean.

9. Uztarria aldizkariak dio bizkartzainekin zabiltzala oraindik. Zure alderdikide asko aspalditik dabiltza bizkartzainik gabe (Ramon Etxezarreta urrestildarra kasu), oraindik mehatxatuta sentitzen al zara? Zeinen beldur zara, ETA-k su etena eman zuela 5 hilabete pasatu direnean, eta bake prozesua aurrera eten gabe egiten duen honetan?
Laida

Ez nekin nire lagun Ramonek karguren batean jarraitzen duen. Zu, Urrestiletik hain hurbilekoa izanik, hemengo jendea eta ingurukoa nik baino hobeto ezagutzen duzula erakusten dit zure galderak. Beharbada, zuri eskatu beharko dizut aholkua Udalean lanean hasten naizenean.
Bai, badakigu ETAren su-etenak nolakoak diren, Frantziako poliziak eta azken atxilotzeek ondo erakusten dute.
Zer bake prozesu. Ni ez naiz enteratu oraindik. Badakit alderdi batzuk, nirea batez ere, horretan ari direla, baina oraindik ez dute lortu ETAk armak bertan behera uztea. Lagunduko al diguzu eginkizun horretan?

10. Noren ideiengandik sentitzen zara gertuago Patxi Lopezenetatik edo Jesus Egigurenenetatik?
Laura

Ni PSE-EEkoa militantea naiz eta ondorioz alderdiaren jarraitzaile. Niri Alderdiak gomendatzen dizkit jarduerak. Aipatzen dituzun horiek Alderdi barruan hartzen diren erabakien kudeatzaileak dira; biei egiten diet, beraz, kasu

11. Udalek oro har, eta Azpeitikoak bereziki, nork bere udalerrian euskara bultzatzeko eskumenik ez dutela diote Espainiako epaitegiek. Zure alderdia ados azaldu zen Azpeitiko Udalaren kontrako epai horrekin, zu ere ados al zaude?
Juanito Martinez

Euskarari buruzko eskumen edo konpetentzia guztiak Euskadin daude. Espainiako Konstituzioak ez du zentzu horretan ezer eragozten. Beste kontu bat da, batzuek euskara bere helburuetarako arma gisa erabiltzea eta herritar batzuek eskubideak urratzea. Holako auziak konpontzeko epaitegi batzuk daude eta horiek erabaki behar dute.
Kontua, beraz, ez da euskararen kontra egitea, baizik euskara inori harrika erabiltzen dutenei zentzuz eta gizalegez jokatzeko eskatzea.

12. Orain arte Azpeitian euskara bultzatzeko egindako guztia egokia iruditzen al zaizu (ba al dakizu zer egin den?). Zuk zer egingo zenuke?
Juanito Martinez

Emaitzak ikusita (%90 euskaldun), egindako guztiak egokia dirudi, inolako zalantzarik gabe. Ondo dagoena ez dago zertan aldatu.

13. Pasaiako sarraskia argitzeko proposamenik ba aldaukezute?
isidoro gonzalez equis

Holako kontuak hobe dira epaitegien esku uztea. Ez al zaizu iruditzen?

14. Zergaitik heman behar diot nire botoa herriakoa ez den eta herria ezagutu ere egiten ez duen alkategai bati??
Mikel

Aurreko galderen erantzunak irakurtzen badituzu, aurkituko duzu zure "kezka larri"aren erantzuna. Ni, egia esan, herrian dauden beste arazo batzuek gehiago kezkatzen naute.

15. Azpeitian Euskal Herriko gatazka sufritu duen jende asko dago: Uriatarren familia, Txiki eta Otaegiren familiak, Presoen senideak..... Zer esango lioke PSOEko Azpeitiko hautagiak guzti hauei???
Mikel

Zer da Euskal Herriko gatazka hori? Nik uste nuen Euskal Herriko gatazka euskararen gatazka zela.
Sufrimendu guztiak zaku berean sartzea, nahaste-borrastea sortzea da. Aparkaleku, etxebizitza, krisi ekonomikoa, gazteria, eta holako arazoak konpontzera datorrenari holako galderak egitea ez da egokia.

16. Herrikue ez izenda zuk uste dezu gai izengo zeala bertako arazuek konpontzeko ? Momentu hontan nola ikustezu herriye?
herrikue

Aurreko galderen erantzunak irakurri eta pozik geldituko zara

17. Azpeitiko zure alderdikideekin (Ramon Etxezarreta, Manoli Uranga...) harremanik ba al duzu?
June

Horixe baietz. Ramon eta nik langai berekoak gara, alderdikideak izateaz gain. Manolirekin ere egona naiz hainbat aldiz alderdiko bilerak egiten ditugunean, gainera ni aholkatzen nauen taldekoa da; ezinbestekoa da niretzat bere laguntza.

18. Beatriz Etxeberriak guardia zibilek makila batekin bortxatu zutela salatu zuen duela pare bat hilabete. Indar polizialak barne ministerioaren (PSOEren) menpekoak izanik, zure alderdiak du gertaera horren ardura osoa. Zuk ze pentsatzen duzu horren aurrean? Ez diozu sinesgarritasunik ematen horrelako salaketa bati? Edo horrelako metodo zikinak erabiltzea ongi iruditzen zaizu?
gg

Ez, ez diot sinesgarritasun handirik ematen holako kontakizunei.

19. Dominique Gaston André Strauss-Kahn sionista sozialista F.M.I ko leendakari ohia zuen kolaboratzaile gorapaitua . Badirudi bortzatzaile amorratua bezala ari dela mundu guztian aurrean agertzen . Arritzen ahal zaizu olako personaiak torturak ez zalatzea zuk eta PNVkoak bezala?
joseba arregi

Ispilu baten aurrean zeure buruari bost minutuz begiratzen badiozu, hemen egiten dizkidazun galdera guztien erantzuna aurkituko duzu

20. Hola: Soy de Extremadura y hace 20 años que vivo en Azpeitia. El ayuntamiento de Azpeitia no nos a tenido en cuenta en 20 años a los que no sabemos el vasco, nos sentimos marginados y ciudadanos de segunda. Que va a hacer usted para cambiar esta situaciòn? Que le parece esta actitud que han tenido los diferentes gobiernos municipales de Azpeitia?
Enrique Murillo

El ayuntamiento de Azpeitia, como todos los ayuntamientos del mundo, tiene la obligación de atender a sus ciudadanos, sea en la lengua que sea. Nuestros ayuntamientos ofrecen información en todas las lenguas a lo inmigrantes que tienen necesidad de alguna asistencia. No comprendo el problema que usted plantea, pero le digo que el castellano es tan oficial como el euskara y el ayuntamiento tiene la obligación de atenderle en dicha lengua si usted, o quien sea, así lo requiere.
Puede estar usted seguro que haré todo lo posible para que una de las lenguas màs importantes del mundo, el español, esté presente en la atención a los ciudadanos que así lo deseen.

21. Ba ahal daukazau Azpeitiaren berri? zenbat aldiz izan zara Azpeitin? ezagutzen ahal dezu Azpeitiko historia? zenbat lagun Azpeitiar dituzu?
Haritz

Iñazio Loiolakoaren basilika ikustera etorri naizen bakoitzean izan naiz Azpeitian, hots, ezin konta ahala. Ez ahaztu Likonatarren herritik natorrela. Nire lagunak herritar guztiak dira. Agian zu ere izan zaitezke nire laguna, nik ez diot inori ateak ixten.

22. Guardia Zibil ugari dabil aspaldian Izarraitzen mendira doazen herritarrak identifikatzen eta kasu batzuetan iraintzen eta mehatxatzen. Zerbait egingo duzu honen aurrean?
Maite

Ni ere mendian asko ibiltzen naiz eta guardia zibilek ez didate beldurrik ematen, aitzik, ikusten ditudanean lasaitu egiten naiz, babestua sentitzen naizelako. Ez ditu sinesten irainen eta mehatxuen gezur horiek. Ez dut ezer egingo horren kontra.

23. Euskerai buruz, zein aldaketa edo berrikuntza proposatzeituzue. Gaur egungo egoerie ikusita, euskeriei behar dun laguntzie emango aldiyozue?
uztarria.com1

Lehen ere erantzun diot galdera honi. Ondo dagoena ez dago zertan lagundu, ondo segi dezan zaindu baino ez.
Euskararen kontrako jarrerak baztertu behar dira, adibidez, Sabino Aranaren ametsetako herri hura "eraiki"tzeko erabiltzen dutenenak.
Gehiago kezkatzen nau gaztelaniaren egoerak. Hain hizkuntza garrantzitsua gure artean izan eta "batzuek" egiten dioten mehatxua ez da bidezkoa.

Agurra

Bakea, anaikidetasuna, lana eta egonkortasuna, aukera berdintasuna eta itxaropena desiatzen diet azpeitiarrei; ondo egina dagoenari eustsi eta herriaren aldeko proposamenak bultzatu mundu guztiari zor zaion errespetuarekin. Denon arteko elkarrizketa eta herria beren amets partikularrekin zatitu nahi dutenei gaitzespena.