Iñaki Errazkin

uztarria.com1 2007ko mai. 21a, 18:00
Iñaki Errazkin
Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako alkategaiei elkarrizketa on-line egiteko eta bideoan mezua helarazteko aukera emango die uztarria.com-ek, denei. EAE-ANV alderdiko zerrendaburua, Iñaki Errazkin da. EAE-ANVk herrirako dituen asmoez eta proposamenez galdetzeko aukera duzu orain uztarria.com-en.

1. Aurrekoan egin zenuten agerraldian mahai-inguru batetarako gonbita luzatu zenioten gainontzeko alderdiei. Proposamen ausarta benetan, honekin gauzak mahaian jarri eta eztabaidatzeko arrazoi sendoak dituzuela eta beldurrik ez duzuela nabarmen da. Zer erantzun dute beste alderdiek?
Igor Altuna

Kaixo Igor.28. galdera ere berdina da (Mikel). Gaur gaurkoz ez dugu erantzunik jaso, ez zuzenean beraien bitartez ezta publikoki ere. Ez dakigu zergatik ez duten erantzun oraindik. Niretzako interesgarria da honelako eztabaida bat ematea, herritarrek eskertuko dutela uste dut.Oraindik denbora badago eta ia posible den mahai inguru publiko bat egitea.Beraien esku dago.

2. Apa Errazkin, nere galderie EAE eta EA artien hauteskunde ondoren EAJai alkatetzie kentzeko posibilitatien hire ikuspuntue nahi nike jakitie. Alde batetik etxebizitza kontuen zuen eta EAn artien etzeok antz haundik, hortik hasita zaile ikusteiat koaliziyo bat, baino ez eman ezkeo eta EAJ alkatetzan jarri ezkeo mayori gabe geo berriz e ikusteiat EA geyenetan EAJkin ados jartzen eta ezkerreko botuek bi hauen erabakiyek ezeztatzeko bakarrik erabiltzen. Ze esateiek? Ta hemendik ezkerreko jende guztiye botatzea animatzeiat bitartez!
Harkaitz

Aupa Harkaitz. Nere ikuspuntua dek lehenik eta behin herri honentzako interesgarria litzatekela inork ez ateratzea gehiengo absolutorik.Hortik aurrera,gure helburua dek aldaketa ematea udaletxean. Eta EAkin batera hori egitea aukera posible bat dek.Gure aldetik saiatuko gaituk adosten akordio bat aldaketa hori aurrera eramateko.Orain, hik esan bezala EA eta gure artean iritzi deberdinak bazeudek.Akordio bat egiteko malgutasuna izango diagu,baita gure printzipioetan tinkotasuna ere.Hortik aurrera ikusi egin behar.Lehen ere eman zitzaion aukera EAri PNV alkatetzatik kentzeko.Ezetz esan zuten.Ikusiko diagu oraingoan.

3. Zer planteatzen duzue Azpeitian euskararen normalizaioa eman dadin? Ze aurrerapauso eman beharko litezkeela uste duzu?
Ane Lopategi

Kaixo Ane.Gure apustua Azpeitian euskararen inguruan erabateko normalizazioa ematea da.Horretarako ausardia eta borondatea behar da.Hasteko,euskararen alde lanean diharduten taldeekin elkarlan zintzoa eman behar da,normalkuntzaren protagonistak denok izan behar dugulako.Horretarako Kontseiluatik bultzatutako filosofia berreskuratu behar da.Beste apustu garrantzitsu bat UEMAn sartzea da.Azpeitiak udalerri euskaldunen mankomunitatean sartzeko baldintzak betetzen ditu.Guzti honekin eta gehiagorekin plan integral eta ausart bat garatzeko aukerak izango genituzke.

4. Lenengoz, zorionak irtetea lortu duzuelako. Herrian denok ezagutzen gara eta azkenean ezker abertzalea udalean egongo da. - Barajaseko atentatua gertatu zenean, ze sentitu zenuen? - Noiz neurtuko dituzue alde guztietako biktimak neurri bedinaz? (eta ez erantzun gaitzespenak ez dutela ezer konpontzen, presoen egoera gaitzesten duzue eta)
Eikari

Kaixo Eikari.Zintzoki erantzungo dizut,Barajaseko atentatua gertatu zenean samina sentitu nuen,batipat bi langile ekuadortar hil zirelako bertan.Orduan Habeako zinegotzi nintzen eta udalean ere halaxe esan nuen.Gure lehentasuna izan behar du egoera hauek gainditzea berriro ez gertatzeko.Alde guztietakoak.Eta alderdion ardura da honetan aurrerapausoak ematea bake prozesu bat abia dadin behingoz herri honetan.Bestalde,biktimak neurtzeko neurriaz,bakoitzak bere ingurukoak sentitzen ditu gehien,humanoa da sentipen hori.Baina arrazoia duzu erakunde publikoei dagokienean.Biktima guztiak kontutan hartuko dituen errekonozimendu lan bat egin behar da. Euskalduna jauregian lehendakariak akats hori egin zuen,nere ustez.Egia eta justizian oinarritutako prozesu bat eman behar da.Baita ere adibidez Otaegi,Kurro eta Pelitxorekin ere.

5. Egunen baten alkate izatea lortzen baduk, zirikatuko al diok Altuna Y Uria ,enpresa txikitzaileari, larren dauzkan lurrak askatzeko? Oraingo alkate honekin ematen dik lur horiek ukiezinak direla!badakik, aberatsak esne mamitan eduki behar izaten dizkik!! Animo hauteskundeetan! Zuentzat nere botoa.
Josu Alberdi

Kaixo Josu.Udalean kudeaketaren ardura dutenek oinarri batekin egin behar ditek lana.Lur hori norena den begiratu gabe,interes orokorrari begiratu behar zaio.Eta Larreko kasuan,kontua duk lur horiek urteak daramatzatela horretarako prestatuak.Herrian lur horien beharra badago,askatzen saiatu behar duk, eta gehiago lur horiekin espekulatu nahi bada.Beraz, nire ahalegin guztia jarriko diat lur horiek industriarako aska daitezen lehenbailehen, alkate izan edo izan gabe ere.Eta eskerrik asko animoengatik.

6. Loiola bidien etxeik eztezuela nahi esatezue ta Martxilen herri erditk aldeitea dijuela ta hor etxiek itie eongoala. Hori hola da baino Azpeitiyen gazte asko gaude beste 8 urte ezin deunak eon etxetik aldeiteko. Etxebiden apuntauta gauden azpeitiar gaztie ze irtenbide planteatzeiguzue epe motzea?
Ane Garmendia

Kaixo Ane.Lehenik esan Martxieleneko lur horiek askatzeko ez dagola beste 8 urte egon beharrik.Noski,beste 4 urte ezer lotu gabe pasatzen baditugu horrela izango da.Epe motzera begira gure ustez hainbat ekimen egin behar dira.Hasteko etxe hutsak (Azpeitian mila etxe baino gehiago dira)alokairura merkaturatzeko plan bat.Bestetik berriz,datozen 8 urtetan Loiolabide kontutan hartu gabe leku urbanoan 600 etxebizitza egitea planteatzen da arauetan.Etxebizitza hauek eredu deberdinetakoak izan behar dira.Alokairu publikokoak, sozialak eta babes ofizialekoak.Hasteko alokairu publikokoak 100 bat egiteko aukera dago eta gainontzeko ahal den gehienak sozialak eta babes ofizialekoak izan behar dira.Tasatutakoei dagokionez,araudia aldatzea planteatzen dugu,udalaren eskumena delako.Honela tasatutakoei babes ofizialekoen prezioak jarri nahi dizkiogu.Pentsatu 35 miloitik 20 miloitara jaitsiko litzatekela hauen prezioa, eta alokairuzkoetan berdin.Guk uste dugu 8 urtetara begira, eta Martxielgoa azeleratuz,nahiko oinarri badagoela Loiola guztia etxez josi gabe.Etxebizitza politika berri bat egitean datza gakoa.

7. ANV-ko estatutotan biolentziye gaitseztea. Hurrengo hilebetetan ETAk atentau bat eingo baluke Azpeitiko ANVk gaitsetziko al luke? Madrileko T4ko atentauei buruz zer esatezue?
Amaia Odriozola

Kaixo Amaia. ETAren atentatu baten aurreko jarrerari dagokionez,gure lana aurretikoa izan behar du.Esan nahi dizut,kontua ez da horrelako gertaera bat itxaroten egotea zer esango dugun pentsatuz,baizik ez gertatzeko lan egitea.Herri honetan bizi dugun gatazka politiko eta armatua konpontzeko aukera historikoa zabalik dago gaur.Eta guk dakigunez,ETA erakundeak su eten iraunkorra mantentzen du.Horrela,alderdion lana izan behar du elkarrizketa prozesu bati ekitea,akordio politiko batetara iritsi ahal izateko.Hori da bermerik egokiena hau konpontzeko.Barajaseko atentatuari buruz Eikariri esandakoa errepikatzen dizut.Gaitzesteari buruz berriz,kuriosoa da.ANVk bere estatutoetan biolentzia gaitzesten duela diozu eta hala ere hauteskundeotan gure zerrenden erdiak baino gehiago atzera bota dituzte.Ez al zuen ba hitz magiko horrek dena konpontzen?Hemen hitzetaz haratago konpromiso sendoak hartzea da garrantzizkoa.

8. Azpeitian gero eta etorkin gehiago gaude. Zein da zure iritzia gai honi buruz?. Zer duzue egiteko? Badakizu zein diren gure beharrak?
Mhamadu Al-Jari

Kaixo Mhamadu.Azpeitian etorkin mota desberdinak daude.Alde batetik XX. mende erdi aldera estatu Espainiarretik etorkin ugari jaso zuen Azpeitiak.Denborarekin etorkin hauek herrian txertatu dira besteak bezala.Gainera askok euskara ikasi eta euskal herritar sentitzen dira.Beti ere noski,bere erroak eta ohiturak mantenduz.Azken aldian berriz mundu zabaleko hainbat etorkin zaudete Azpeitian.Lehenik eta behin elkar ezagutu behar dugu.Bakoitzaren bizimoduetaz eta ohituretaz ikasi.Beharrezkoa da baita ere etorkinon eskubide sozial,zibil eta politikoak bermatzea.Horretarako migrazio eta aniztasunaren mahai bat osatzea proposatzen dugu udaletxean.Zuek hemen egotea beharrezkoa izango da zuen beharrak zuzenean ezagutzeko.Bertan ikusiko garelakoan, agur bat.

9. Herrian poza nagusitu da, azken berria_entzutean. Berriro ere gure ezkerra izango bait da_udalean. Konta ezazu mesedez orain, pentsatu ta bapatean. zer egingo du ANVek, larunbaten mesedean.
Festazale

Kaixo festazale.Pentsatzen dut larunbateko giroa hobetzeko galdetzen duzula.Nire ustez eskaintza da biderkatu behar dena larunbat eta gainontzeko festetan.Aukera eta mota desberdinetako ekimenak eta ekitaldiak antolatzea adibidez.Larunbatetan herriari bizia eta giroa emango diotenak.Ekimen kultural irekiak eta parte hartzaileak.Hala ere, udaletaz haratago, herritarrok izan behar duzue protagonista eta antolatzaile.Guk bidea errazteko laguntza emango dugu, herri kulturaren alde.

10. Egin zure kiniela: zenbat zinegotzi lortuko ditu alderdi bakoitzak?
andoni

Aupa Andoni.Umiltasun guztiarekin baina anbizioa ere badugunez guk 5 ateratzea ez da abiapuntu txarra, ez horixe.6 ateratzea ere izan daiteke,ez da batere erraza izango baina.Gainontzekoei buruz bakoitzak eman ditzala bere iritziak.Hala ere garrantzizkoena PNVk eta PSOEk (zinegotzia ateratzen badu) gehiengo absolutorik ez ateratzea da.Hortik aurrera bakoitzak joka dezala bere kartekin.

11. Alkatetza lortzen baduzue, EArekin akordioa eginda edo, geldituko al dituzue Loiolako obrak, hura etxez betetzearen aurka zaudetelako? Eta zer egingo duzue hango babespeko etxeetarako apuntatu diren ehundaka lagunekin? Mertzi
lourdes

Kaixo Lourdes.Loiolako etxeen obrak geratzea ez dago borondate politikoaren arabera.Legediak ezarritako prozedurak oso konplikatuak izaten dira kasu hauetan.Bestalde Etxebeltz-Izarrako kasuan epaitegietan dago auzia.Ikusi beharko da zer ateratzen den.Gure asmoa ez da babestutako etxetarako apuntatu direnak kale gorrian uztea,ez horixe.Guretzako egokiagoa da leku urbanoan egitea etxe hauek, 600 egiteko aukera dago eta!Eta mila etxe hutsetik gora! Horrekin batera inguru berdeak ahalik eta gehien babestea nahi dugu.Hortik aurrera gure lehentasuna izango da apuntatuta dauden guztiei lehenbaileen aukerak ematea.Zeren kontutan hartu ezazu Etxebeltz-Izarrako proiektuarekin bakarrik ez zaiela emango guztiei irtenbidea.Gakoa eskaintza zabal eta aukera desberdinetakoak egitean datza.

12. EArekin bat egin eta EAJ-PNV oposiziora bidaltzeko prest egongo al zinateke?
Ander Soraluze

Kaixo Ander.Lehen esan bezala aukera posible bat da.Ni prest nago saiatzeko.Akordio bat ixteko aukera baldin badago oinarrizko helburuen baitan,noski baietz!Hori bai,kosta ala kosta ez dugu egingo.Garrantzizkoena gure proiektua aurrera ateratzea da,gobernuan edo oposizioan.

13. Ze iritzi Loiolabideko etxe hoiei buruz? Zuek alkatetza atera ez gero, obre gelditzeko asmorik bai?
Aran Larrabeitia

Kaixo Aran.Uste dut Lourdesi erantzundakoak balioko dizula.

14. Azpeititik Azkoitira 3-4 enpresa joan dira ( Zubiola...), multinazionalak ari dira sartzen. Beraz, egoera ez da onena. Industria mailan zerbait proposatzen al duzute?
Joxe Arregi

Kaixo Joxe.Gai horren inguruan hainbat lan egin behar da.Alde batetik enpresek ez aldegiteko, prestatuta dauden lurrak lehenbailehen bideratu behar dira.Gainera,enpresa berriak sortzerako orduan kalitatezko lanpostuak sortzea izan behar dugu helburu.Etortzen diren enpresa berriekin akordioak egiten saiatu behar dugu lan finkoak izan daitezen eta deslokalizazioa eman ez dadin.Azkenik,gure ustez hausnarketa garrantzitsu bat egin behar dugu,estrategikoa.Bertako kooperatiba eta enpresekin sare bat osatu behar dugu etorkizuneko erronkak aurreikusi eta indartsu egon daitezen multinazionalen esperoan egon gabe.Lan hori klabea izango da.

15. Kiroldegia eta igerilekuaren ordutegia murritza delako sarri kexatu gara kirola egiten dugunok. Zer planteatzen duzue kirol instalazioen inguruan?
ainhoa iparragirre

Kaixo Ainhoa.Egia da ordutegien inguruan hainbat kexa egon direla.Astegunetan 21ak arte egoten dira irekiak, eta igande arratsaldetan itxita egoten dira.Zerbitzua zabaltzeko apustua egin behar da beraz,horretarako inbertsioak eginez.Kirol instalazioen inguruan berriz kirol gunearen barruan kirol talde eta kirolarien topagune bat egitea proposatzen dugu.Garmendiko futbol zelaiko harmail atzean adibidez.Gazteek,helduek,edota kultur mundukoek bezala,kirolariek ere bere esparru amankomuna behar dute.Azpeitian landu beharreko beharrak bideratuko litzatezke hemendik.

16. EAE-ANV talde berria da, askorentzat, eta dirudienez bere estatutuetan indarkerianren kontra azaltzen da, zer nola ikusten duzu egoera lasai zaude taldearen barruan edo tapadera bat besterik ezta egoera kosta ala kosta? Beste alderdi batzueri ere leporatu egiten zaio diruatik dabiltzala udalean egoteak, ez da hau izango zuen kasua ezta..........'
jon

Kaixo Jon. Ez dut uste jende askok pentsatzen duenik gu EAE-ANVtik aurkezten garela diruagatik.Ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari den gure zerrendekin.Hala ere, horren kezka baduzu hona proposamen bat.Gure aldetik datorren legealdian, udaleko politikarien soldatak jaistea bultzatuko dugu.Guri badagokigu behintzat neurri hori hartuko dugu.Estatutoetan agertzen den indarkeriaren kontra egotearena berriz oso sinplea da.Gu beti egon gara indarkeriaren kontra eta bake eta konponbidearen alde.Guk ez dugu indarkeria atsegin,norbaitek hori pentsatzen badu ere.Hori bai,bakeak justizian eta askatasunean oinarritu behar du,bestela ez da egoten benetako bakerik.Munduko leku guztietan bezala, Euskal Herrian baita ere.

17. Uztarria.comen irakurri nuenez ANVk 1977an lau boto lortu zitun Azpeitian. Ordun bakarrik aurkeztu izen da ANV. Ezagutzen al dituzue botante haiek?
Txomin

Kaixo Txomin.Nik orduan bi urte betetzeko nituen,beraz zaila zait jende hori ezagutzea.EAE-ANVko jendea aspalditik ezagutzen dut halere.Eta esango dizut jende zintzo eta ezkertiarra dela.Horrelako oinarri eta historiarekin ez dugu dudarik izan EAE-ANVko zerrendetan joateko.

18. 'Zikina' al haiz?
Miel

Kaixo Miel.Ba badirudi batzuentzako baietz.Halere esango dizut espainiar faxistek niri horrela deitzeak ez nauela batere mintzen.Alderantziz,kezkatzekoa faxistek niri "lorak" botatzea izango zen.Badakizu,garai batean masoiak,"rojo-separatistas",barbaroak...orain berriz "zikinak".Batzuek lehengo lepotik burua.

19. Zeatik ez du izen ezker abertzaliek Azpeitiyen behin'e lider fuerte karismatiko bat?
Ana

Kaixo Ana.Azpeitiyen urteetako lan gogorra egin da lan taldean.Hori da garrantzitsuena.Edozein mugimenduren oinarria da lan taldea eta oinarri soziala.Hori da Azpeitin egin dana.Gero lider fuerte karismatikoak izatea edo ez bakoitzaren iritziaren arabera doa.Akaso ez da lider publiko ezagunik izan, baina Azpeitin egon diren eta dauden militanteak beste edozeinek adina edo gehiago balio dutela zalantzarik ez daukat.

20. Nabarmen aldatu dezu zure jazkera, zenbateko da "itxura ofizialaren" garrantzia politika arloan? Zenbat bozka gehiago lortzea espero dezu aldaketa hori medio? Indianoa
Xabier Etxeberria

Aupa Indiano.Ze moduz zabiltza munduan zehar?Bueno,janzkera aldatu dudanarena...egia da txandalarekin ez naizela agertzen elkarrizketetan,baina hortik janzkera aldatzera,ez dut uste.Pixka bat "kurioso" egotea jendearekiko errespetua agertzeko modu bat izan daiteke,edo ez,hori bakoitzaren arabera,lanera,festa edo ezkontza batetara joatean bezalaxe."Itxura ofizialaz" berriz egia da gero eta garrantzia gehiago ematen zaiola.Irudiaren gizartean bizi gara eta honek bere alde txarrak ere baditu.Programari kaso egingo ote diote behintzat, ze ez dut uste nire itxuragatik bozka gehiago lortuko dugunik!! Agur bat.

21. aurre ikusten da zuek gutxienez 5 zinegotzi izango dituzutela, alkatea aukerratzekoan gai izango al zarete bat egiteko, EAJ, alkatetzatik kentzeko. Ia posible den beste alkatea bat izatea igandetik aurre.
beltza

Kaixo Beltza.Lehen esan bezala ikusiko dugu bakoitzaren jarrera nolakoa izango den.Gure aldetik saiatuko gara.Halere herriak hitz egin behar du lehenik.

22. Bastida Pentsuak-ek botatzenduen usain pestea galerazteko, zer neurri eskeintzen dezue. Zergaitik herri osoak sufritu behar du usei tzar hau.Zergaitik orain harte proposamenik ez dezue egin ?
Pelix

Kaixo Pelix.Arrazoi duzu enpresa hortatik usain txarra botatzen dela esatean.Gure aldetik saiatuko gara ahal den neurri gehienak hartzen usain txarra alboratzeko.Zergatiak aztertu,legedia ikusi, enpresarekin elkarrizketatu,hainbat gauza egin daitezke.Eta egia da orain arte ez dugula honen inguruan proposamenik egin,baina kontutan hartuko dugu.

23. Azpeitian etxebizitza arazoa dela eta.Zer proposatzen duzue etxe hutsekin?.
Ion

Kaixo Jon.Pozten naiz galdera honengatik.Gure ustez etxebizitza politika baten oinarria etxe hutsen inguruan abiatu behar da.Etxebizitza eskubidea izan beharrean,espekulaziorako eta aurrezteko erabiltzen da askotan,eta bitartean etxe huts pila batekin aurkitzen gara herrian.Gainera 1200 etxebizitza berri egin nahiean batzuk.Lehenik etxe huts mota desberdinak sailkatu.Zergatiak aztertu.Interlokuzioa eman jabeekin alokairura atera ditzaten.Etxeak konponketak edo birgaitzea behar badu,kasu alde zaharrean,laguntzak eman beti ere merkaturatzeko konpromisoarekin,eta azkenik neurriak ere hartu behar dira fiskalitateari dagokionez.Espekulatzea nahi duenak gehiago ordaintzea hain zuzen.

24. Sahiesbidea ere egitekotan dira. Ezker abertzalea sahiesbidearen aurka agertu da. Zergatik? Ezetz esatea ondo dago baina trafiko arazoa nola konpontzen da? ba al duzue alternatibarik?
Markel

Kaixo Markel.Gu ez gaude sahiesbidearen aurka.Kontua da zein sahiesbide behar duen herriak.PNVk eta EAk planteatzen duten sahiesbideak ez du zentzurik guretzako.Azpeititik Azkoitiraino joango den sahiesbidea.Oñatz,Sanjuandegi eta Loiolako inguru berde pila bat izorratuko duena,tartean Sistiaga eta Munategi erreketako ekosistema aberatsa.12 miloi eurotik gora kostatuko den proiektua.Eta zertarako?Herri kanpokoa den trafikoaren %13 horrentzako.Ez dauka logikarik.Azpeitiko trafikoaren arazo nagusia herri barrukoa edo Azpeiti-Azkoitikoa da batipat.Horrela guk planteatzen duguna beste sahiesbide bat da.Garmendi gainean errotonda berri bat (Etxeberria dendaren aurrean),ondoren Garmenditik Loiolako estaziora doan bidea hobetzea eta zabaltzea.Egibar baserria (ingurugiro etxea)pasatutakoan zubi batekin Loiolabideko "abenidarekin" lotu errotonda baten bitartez eta Azkoitirako bidearekin lotu.Honekin batera Kiruri aurrean oinezkoentzako azpiko pasabidea egin hor dauden semaforoak kendu ahal izateko.Guretzako sahiesbide hau askoz egokiagoa da bai beharrei erantzuteko orduan,zein ingurugiroarekiko,zein ekonomikoki ere.Honez gain,sahiesbidean gastatu nahi den dirutzarekin garraio publiko moderno bat ezarri eta etorkizunerako Eusko Jaurlaritzatik dioten moduan Urolako trenaren berreskurapenerako urratsak eman behar dira.

25. Faxismoaren biktima izaten ari zarete, beste hainbat herritar bezala. Bake prozesu baten oztopo nagusi bilakatu dena ere. PNV k ere bultzaturikoa, jakin izan denez. Naiz globalki pentsatu, zuen lehendabiziko ekintza lokala ez al luke izan behar partidu hori boteretik kentzea, kosta ala kosta, herri hau eta bake prozesua ere neurri batean faxismoaren atzaparretatik askatzeko?
Itziar Larrañaga

Kaixo Itziar.Bake prozesua bultzatzeko modurik eraginkorrena alderdi guztiak mahaian jarri eta akordiora iritsi daitezen herri presioa egitean datza nire ustez.Herritarrok ez baduzue presionatzen ezezkoan jarraituko dute.Halere,egia da hauteskundeetan ezezkoan daudenei babesa kentzeak lagunduko duela,baiezkoan dagoenaren inguruan ahalik eta bozka gehien biltzea ere klabea izango da.Ondoren noski gu saiatuko gara PNVri ahalik eta kosturik gehiena egiten jarrera aldatu dezan.Eta ez horregatik bakarrik,guk proiektu politiko oso bat dugu eta udalean ere hori garatu nahi dugu.Beraz saiatuko gara diozun hori aurrera ateratzen.

26. Eskuinak, PNV-PSO-PP bat egiten du inolako oztoporik gabe,aise. Noiz ikusi behar dugu ezkerra elkarturik? Ez ote da ordua oraindik ere? Zergatik hainbeste ezinikusi ahulgarri?
Iñigo Alberdi

Kaixo Iñigo.Nahiko genduke bai.Kontua da PNV-PSOE-PP bezalako alderdiak erraz batzen badira ere,EAk,IUk edo Aralarrek ere oso erraz egiten dutela bat eskuinarekin. Gasteizen,Diputazioan,Azpeitian...askotan gainera Ezker Abertzalea baztertzeko,apartheidaren kasua adibide.Halere,guk ez daukagu inolako arazorik alderdi hauekin hitz egin eta akordioetara iristeko.Guk adinako gogorik ez dauka inork behingoz eskubia boteretik kentzeko.Hori oinarri sendoekin eta elkar errespetuz egiten badugu lehenak izango gara lan horretan.

27. Larria da demokrazia eza hauteskunde hauetan. Ez al litzake oraindik larriagoa hauteskunde demokratikorik nahi ez duenak agintzea Azpeitian?
Asier Olabe

Kaixo Asier.Bai,larria da bai zuk diozuna,eta egia da gainera zoritxarrez.Horregatik saiatu behar dugu jendeak jarrera honen berri izan dezan,hauteskundeetan ahalik eta indar gehien biltzen hauteskunde eta prozesu demokratiko baten alde,eta ondoren gu saiatuko gara hauek agintetik kentzen.

28. Hainbeste etxe, hainbeste obra, konstruktora batzuk aberasten... Kanpainan zehar modan jarri den korrupziorik ba al da Azpeitian?
Txikia

Kaixo Txikia.Ez da atera Marbella edo Irunen bezalako kasu ezagunik.Guk garbi daukagu obra,konstruktora horien atzean interes asko mugitzen dela.Hauek agintzen dute Azpeitian,hauek erabakitzen dute herria nolakoa izango den.Udaletxean berriz guzti hau laguntzen da.Guzti hori aldatu beharra dago bai.Izan ere zaila da gertatzen diren horien inguruan informazio zehatza ateratzea.Are zailago udalean baztertua zaudenean.Gardentasuna oinarri oinarrizkoa da.Guk kolore berri hori eman nahi diogu udalari.

29. Ba al duzue udala eskuratzeko anbiziorik? Ari al zarete horretarako beharrezko diren koalizoak lantzen?
uztarria.com1

Kaixo.Anbizioa badugu bai,bestela ez ginateke aurkeztuko.Guk gobernuan egon nahi dugu ezkerreko proiektu bat dugulako Azpeitiarentzat.Halere, goiz da oraindik koalizioak lantzen hasteko.Lehenik gure indarrak neurtu nahi ditugu.Ondoren aukera badugu saiatuko gara aldaketa eman dadin.

30. Faxismoaren biktima izan zarete lau urtez, hainbat herritar izango dira datozen lau urtetan. Nola ekidin dezakezuen pentsatu al duzue?
uztarria.com1

Kaixo.Faxismoari erantzuteko modurik onena herri bezala erantzutea da.Alderdi interesak alde batetara utziz, oinarrizko eskubide demokratikoen defentsa artikulatu behar da.Garrantzizkoena halere herri honetan bake eta konponbidera eramango gaituen prozesu demokratiko eta elkarrizketatu bat abiatzea da.Guztion artean.Udalak ere asko egin dezake horren inguruan.Gu behintzat saiatuko gara.

31. BALDAKAZUE ESPERANTZAIK LEHEN INDARRA IZATEKO AZPEITIAN?
Hi nausi!!

Kaixo.Zaila izango dek hori baino saiatu,saiatuko gaituk.PNVri gehiengo absolutoa kentzeko tresna izatea behintzat espero diagu.Eta eskerrik asko baina nik ez diat inoren nausi izan nahi!!Agur bat.

32. Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz?
Kontseilua

Kaixo.Guk udala kudeatzeko aukera baldin badugu zerbitzu guztiak euskaraz emateko normalkuntza plana bultzatuko dugu. Eta ez udaleko zerbitzuei dagokienez bakarrik.Gainontzeko arloetan ere euskarazko zerbitzua emateko saiakera garbia egingo dugu.UEMAn sartzea da horretarako tresna eraginkor bat.Alderdiaren lanari dagokionez guk euskaraz egiten ditugu gure harremanak eta herritarrentzako komunikazioa lantzerako orduan ere euskara erabiltzen dugu.

33. Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako?
Kontseilua

Kaixo. Gure aldetik aurrekontuaren %2a erabiltzea proposatzen dugu.

34. Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu?
Kontseilua

Kaixo.Udalak legealdi honetan atera du euskararen aldeko ordentza bat.Auzitegiek baliogabetu dutena hain zuzen.Gure aldetik,nahiz baliogabetzea eman,ordenantza horren helburuak aurrera ateratzeko esfortzua egingo dugu.

35. Kaixo Iñaki, EAJ eta EAko hautagaiei mahai-inguru batean parte hartzeko gonbitea luzate zenien. Izan al duzu erantzunik?
Azpeitiar bat (Begola Elias)

Kaixo Begoña.Lehen esan bezala oraindik ez behintzat.Haber animatzen diren!

36. Yo mando y yo ordeno, kexatzen da EA, alkatearen jarreraz. Zuek hauteskundetatik kanpo uzteko eskatu zuen PNV k. Ez ote zerate gai izango elkarrekin agintzeko?
uztarria.com1

Kaixo.Egoera ez da erraza ez.Kontutan hartu bi alderdi hauek ez dutela ezer egin gure bazterketaren aurrean.Kontrakoa,aprobetxatu egin dira.Halere,aldaketaren bidean saiatuko gara elkar ulertzera bidean.Hori gure ardura bezala ulertzen dugu.Gauzak konpontzeko gaude berez,ez gehiago okertzeko.

37. Pako Aristik politika gurutzatua eskatzen zuen urgentziaz, gurutzada politika honen aurrean, bere artikulu batean. Zer iritzi diozu?
uztarria.com1

Kaixo.Politika gurutzatua eguneroko ogi izan beharko luke gure artean.Arazoak arazo,elkarren arteko zubiak mantentzen eta lantzen saiatu behar dugu.Bestela ez dago arazorik konpontzerik.Gehienez luzatu,Euskal Herrian gertatzen den bezala.Horretarako abilezia, malgutasuna eta askotan esaten den bezala "lasaitasun iraultzailea" landu beharko ditugu.Horrek ez du esan nahi elkarri kritika politikorik ezin diogunik egin.Orekan datza kontua.

38. Zer esango zenioke, zure muturren aurrean, zurekin udalkide den baten etxeari koktela botatzera doan bati?
zigor

Kaixo Zigor.Ez dut uste nik esandako ezerk aldatuko lukeenik bere jarrera.Kontua da lehen esan bezala, alderdion aldetik horrelakorik gertatu ez dadin,hain zuzen herri honetan ematen diren bortizkeria guztiak (alde guztietakoak) gainditu ahal izateko oinarriak jartzea, baldintza berriak ezartzea.Herri honen erabakitzeko eskubidea helburu izango duen prozesu demokratikoa behar beharrezkoa da gure herrian.Prozesu hori garatzeko abilezia izango bagenu,nik uste horrelako erabakiak hartu dituztenak konbentzitzeko aukera izango genukela.Gaur gaurkoz,ze argumentu ditut nik (presoen aurkako neurri bortitz berriak,ilegalizazioak,hauteskunde antidemokratikoak,tortura kasu berriak,adierazpen askatasunari erasoak,herri honen erabakitzeko eskubideari ezezkoa...)pertsona hori konbentzitzeko?
Guztiontzako bake egoera batetara iristeko,justizian oinarritu behar gara,baina benetako justizian, ez Espainiako Justizian.Hori izango da gure lehentasuna.

39. Herritik enpresak alde egiten ari dira, herriko bizia ere galtzen ari da pixkanaka. Zein dara zuen programan herria ekonomikoki berpizteko ardatzak?
Igor

Kaixo Igor.Guretzako sektore desberdinen oreka eta bultzada beharrezkoak dira.Bai nekazaritzan,industrian,zein zerbitzuetan etorkizunerako apustuak egin behar dira.Baserri txiki eta familiarren defentsan,industria lurrak prestatuz, kalitatezko lanpostuak bultzatuz,komertzio txikia sustatuz...Etorkizuneko erronkak aurreikusi behar ditugu,neoliberalismoaren garaiotan herriko ekonomia eta baliabideak mantentzeko eta hobetzeko erronka itzela dugularik.Guk udaletxean behintzat guzti honen inguruko dinamika eta sektoreen arteko elkarlana bultzatuko dugu.

40. ZE PROPOSATZEN DUZUE HERRIKO HEZKUNTZA ALORREAN.
ENERITZ URANGA AROTZENA

Kaixo Eneritz.Hezkuntzaren inguruan erronka asko ditugu.Gure aldetik euskal curriculuma sustatu,euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana,auzoetako haur eskolak babestu,hezkidetza landu balore aurrerakoi, parte hartzaile eta berdinzaleekin....Honekin batera,Azpeitian dauden ikastetxe guztientzako trataera berdina emango dugu baliabide eta laguntzei dagokienean.Horretarako ikastetxe guztiekin akordio eta elkarlan berriak egin nahi ditugu.

41. 2000 bototik gora bai?
ander

Kaixo Ander.Espero dugu baietz.Horrelako gauzekin diskretoa izatea hobe izaten bada ere,uste dugu Azpeitiko ezkertiar eta abertzaleen proiektuak oinarri sendoak dituela urtetako lanaren ondorioz.Hortik aurrera herriak du hitza.

Agurra

Beno,a ze txapak sartu dizkizuedan.Halere eskerrik asko hainbeste galdera egiteagatik.Gehiegi aspertu ez bazaituztet,gaitzerdi.Besteik gabe,agur bero bat danoi eta batipat Azpeiti berri bat ikustie nahi dezuten guztiyoi.Animo eta ondo izan.