Xabier Borda

uztarria.com1 2004ko urr. 19a, 19:00

Xabier Borda
Xabier Borda azpeitiarrak *Birika Zatiak* liburua aurkeztuko du, Donostian, 23 urte soilekin. Bere aurreneko liburua poesiaz osatutakoa da. Azpeitian urriaren 23an aurkeztuko du III. Kulturaldiaren barruan.

1. Iepa Xabi! Zorionak! Ze gorputzaldi gerau zaik, kolpea komunikabide danak latan hasi zaxkikenien?
Pello

Komunikabide danak ere ez dituk etorri, baine bai, nahiko susto hartu diat. Liburue argitaratze bidien zeonin pentsatzen nian batemat etorriko zala galderak eiten, idea bat aurretik eiten dek, baino gero ez dek uste bezelakue. Ni benetan gustoa liburue dendatan ikusteakun gerau nauk.

2. Zergatik sinatu duk liburu Xabi Borda bezala, eta ez izen osoarekin?
Beste Xabier bat

Ba txiki-txikitatik etxien Xabi deitu izen dibelako. Gero lagun gehienek ere halaxe deitzen zibek.

3. Aupa Xabi! Lehenik eta behin zorionak hire lanagatik, asko gustatu zaidak; sakona eta egiazkoa. Hainbat poemetan hiztegi arazoak izan ditula ezin ukatu ordea, baina ez hire poesiarekin bakarrik, hainbat poeta euskaldunen lanak irakurtzean ere hiztegira jo beharra izaten diat. Hori bai, gustura, beti ikasten baitiagu zerbait. Eta nire galdera duk: zuek idazleok hiztegi hori dominatzen duzue edo hiztegira jotzen duzue poesia bat idazteko orduan?
Hiztegi kontuak....

Egia esango dizut, nik ere hiztegiak erabiltzen ditut. Batez ere sinonimoenak. Askotan poemaz poema hitzak errepikatzen arizarela konturatzen zara eta sinonimoen beharra ikusten duzu. Batzutan neuk dakizkidanekin nahikoa izaten dut, baina beste batzuetan...Eta ikasteko metodo hona da.

4. Uztarriak bere webgunean argitaratu zuen elkarrizketan, egungo mundu materialista isladatzea zela hire lanaren helburua esan huen. Zenbait poemetan garbi ikusi diat helburu horren fruitua, baina lana osoki hartuta "maitasun liburu" bat bezela definituko nikik. Benetako maitasuna eta maitasun materialaren arteko borroka behar bada?
Miren

Nik egin nahi nuena zen "ni" fisiko bat, eskuak, hankak, birikak dituen "ni" bat, materialez osatutako mundu baten aurrez aurre ipini. Eta honen bidez gure mundu honekiko ezinak azaldu. Maitasuna, edo elkarren ondora bildu beharra, izan daiteke ezin hauei aurre egiteko modu bat.

Nik ez dut era horretan ulertu borroka hau, benetako maitasuna eta maitasun materialaren artekoa bezala, baina poesiak duen aukeretako bat interpretazio desberdinen aukera da.

5. Gazte izateak sarri eduki du errebeldia puntu berarekin, eta literaturan ere kasu askotan nabaritu izan da hori. Oraindik ez dut zure liburua irakurri baina adibidez literatuztan atera dituzuen testu oso oso gutxitan landu da gizartean ditugun arazoen inguruko ezer. Ez dut injustiziaren aurkako mezu asko irakurri, ez gazteen arazoen ingurukorik ere.Literaturak historikoki izan du zapalkuntzari aurre egiteko, injustiziak salatzeko, aldarrikapenak egiteko funtzio bat nolabait esateko. Zergatik azpeitiko idazle gazte askok ez dute literatura modu honetan ulertzen edo erabiltzen? ez al da errebeldia puntu bat falta hor?
Maite

Nik uste dut egungo gazteok oraindik badugula errebeldia puntu bat, bestela ez genuke idatziko. Nire iritziz, literatura zapalkuntzari aurre egiteko eta injustiziak salatzeko erabiltzen jarraitzen da. Baina zenbait hitzek bere zentzua galdua dutela iruditzen zait: "demokrazia", "justizia", "herria" bezalako hitz potoloak hainbeste bider erabili dira, ahituak geratu direla, gasta-gasta eginda. Horregatik poesia egitean beste lenguaia bat hartzera behartuak gaude, gertukoagoa. "Ni" bat mundu baten aurrez aurre jartzeak berarekin badu errebeldia bat.

6. noiztik poesia munduarekiko grina??? maitemindu zinenetik? maitasuna eta poesiak idazte kontua elkarrekin doazela uste al duzu??
Malen Iparragirre

Egia esateko ez dut uste batera doazenik. Jendea berdin-berdin maitemintzen da poesia ez bada idazten ere. Hori bai, poesia idazten hasi aurretik uste dut zerbait bizi beharra dagoela, poesiak atzetik bizi bat behar duela. Eta bizitzak maitasuna.

7. Etxe Aizko giruk lagundu al dizu poesi hoxentzako inspirazixoako? Esan eixe bale? Zorionak asko balixo dezu ta.
azkottitik

Ba, tabernan lanin naon bitartin behine etzait inspirazioik etorri. Ez da astik eoten! Hori bai, barrin bestaldetik gauza asko ikusten die, eta hurrengo egunien beharbada poemaren bat irtetzen da hortik.

8. Ze sentiu huan hire lelengo liburue eskutan hartu huanien?
Maite

Ba, oso gustoa. Poz ematen du urte betean landutako proiektue burututa ikustie.

9. Nola jun haiz liburue osatzen?
Xuban

Aurreko urteko udaran esan zidaten liburua osatzen banuen argitaratu eingo zidatela. Orduan 30 bat poema nituen. Gero urte betean beste hainbeste eiten jun nintzen. Martxoa aldera zuzenketak eta holakoa egiten ibili ginen eta azken emaitza ekainean utzi nuen eginda.

10. Hasteko, zorionak! Herrian azken aldian literaturaren (eta konkretuki poesiaren) berpizkunde bat egon dela iruditzen al zaik? Literatuzta-ren proiektuan ibili zaretenok horren adibide zaretela uste diat, eta orain arte ikusi ez den mugimendua zegokela argi zegok. Hik ere horrela ikusten al duk? Mila esker eta segi horrela
Antxon

Eskerrik asko. Bai, mugimendu polita dagoela iruditzen zait. Baina Azpeitian badaude aurrekariak, eta handiak gainera. Hor daude Jose Luis Otamendi, Xabier Aldai... Ez dut uste ezerezetik irten duenik egungo mugimenduak.

11. Zer erantzuten diek hire (eta beste askoren) poesian "tutik ulertzen ez dutela" esaten dutenei? Propio idazten al duzue horren "zail eta barroko"?
Lurdes

Zaila ez dakit, baina ez dut uste barroko idazten dugunik. Poesiak lan bat eskatzen du, denbora bat ausnarketarako. Eta horregaitik bereizten da beste generoetatik. Nik ulertzen dut batzuek esatea "tutik ulertzen ez dutela". Poesia irakurtzeko patxada ere behar da.

12. Zergaitik hain poemak laburrak? astunegia ez izatearren? esentziaren kontuagatik (hobe frasku txikian)?, inspirazio falta?
eneko

Alferrik berriketan ibiltzea gustatzen ez zaidalako agian. Esan behar dudana esan eta kitto. Zehaztasuna bilatutako zerbait da poema hauetan. Alferrik dauden hitzak kentzen ibili naiz.

13. Poesiarekin hasi den hainbat idazle, bizpahiru libururen ostean narratibara pasa da. Zer asmo dituzu gerorako?
Miren

Nik ez dut nire burua literaturaren munduan ikusten. Liburu hau barruak eskatuta hasi nintzen idazten. Gero argitaratzeko aukera etorri eta aprobetxatzea erabaki nuen. Orain aspaldian ez dut ezer idatzi. Barruak eskatutakoaren arabera ibiltzeko asmoa dut. Gustatuko litzaidakeena da, berriz zerbait egin ezkero argitaratzeko aukera izatea, baina denborak esango du.

14. Nori eginen zenioke itsaso berri bat?
uztarria.com1

Gutxi batzuei bakarrik. Lan asko eskatzen du ur baldekadez itsaso berri bat egiteak.

15. ez iezazkiozue bota / hondakinen artetik jaso dituzuen / harri horiek / jaurti egizkiogun / egonean eguzkitan sikatu diren / adreilu gorriztak. Hik ez al duk harririk inoiz bota? Non bilatzen dituk adreiluak? Animo, hi.
antonio

Bakarren bat bota diat, baina aspaldian adreiluak botatzeko gogoz nabilek. Adreiluak ez dituk bilatzen, adreiluak fabrikatu egin behar dituk. Landu.

16. Zer da zuretzako poesia eta literatura?
Irakurle bat

Bizitzeko modu bat. Plazer bat. Bilaketa... Gauza asko da literatura. Niri asko ematen dit eguneroko bizitzan. Beharrezko zerbait da. Eta poesia literaturan murgiltzeko bide bat, aukera bat.

Agurra

Eskerrik asko denoi. Galdera politek izen die ta gustoa eon naiz. Mila esker. Ea jende berria animatzen den 'Literatuzta'n idazteko. Besarkada bat guztioi.