Arantzazu Aranburu

uztarria.com1 2004ko mai. 28a, 20:00
Arantzazu Aranburu
Larunbat honetan Elkartasun Eguna ospatuko da Azpeitian. Euskal Presoak Euskal Herrira! plataformak antolatzen du presoen aldeko eguna. Aukera hau aprobetxatuz, Arantzazu Aranburu on-line izango da diren zalantzei-eta erantzuteko.

1. Udaletxearen aldetik izaten aldezute laguntzeik, egun haundi hau ospatzeko???
Azpeitiar bat

Aurtengoan ere, Udalari egun hau antolatzeko ezinbestekoak zaizkigun bitarteko material eta ekonomikoak eskatu dizkiogu. Beste urtetan baino oztopo gutxiago jarri dizkigute, eskatu zaiena erraztuz. Beraz, galderari bai erantzungo genuke. Hala ere, azpeitiko udalak presoen eskubideen defentsan abian den dinamikari babes politikoa eskeini gabe jarraitzen du.

2. ERANTZUTEN OTE DEGU AZPEITIARROK HERRIKO PRESOEN EGOERAREN AURREAN?
LIRSE

Euskal preso politikoen egoera oso larria da. Egoera horren aurrean, arazoa konpontzeko pausoak ematen dituztenak asko gara. Hala ere, bada oraindik presoen egoerari bizkar ematen dioten jende ugari. Horien artean, hainbat alderdi eta sindikatu abertzale aurki ditzakegu. Modu honetan presoen egoerak berdinean jarrai dezan errazten dute. Guztion ardura da egoera honi buelta ematea, beraz guztiok gara beharrezko. Biharkoan ere badugu aukera pauso berri bat emateko.

3. Sokamuturra nola egingo da?
Jokin Alberdi

Gure asmoa, ohi bezala, Erdi kaletik soka haundiarekin ateratzekoa zen. Baina Plazan eszenatokia jarrita egongo da. Hori ikusita, sokamutilek zezena plazara iristean, sokarekin arazoak izan zitzaketenaren beldurra azaldu ziguten. Beraz, plazan aterako da zezena, arratsaleko 4:30etan eta soka motzarekin. Plaza hesitua egongo da eta segurtasun handiagoz ikusi nahi duenak berdura plaza gainera igotzeko aukera ere izango du.

4. Presuek dauzkeben bezela eukita, ezer in eztun jende mordue kartzelan eonda ta azken fiƱien daon egoera larriye eonda, ze esangoziyozuke Elkartasun Egune eztun apoiako gure alkate Eizmendi jaunari????????
Xabier Zendoia

Aurreko erantzun batean aipatu bezala, Udaletik egun hau antolatzeko beharrezko genituen bitartekoak erraztu zaizkigu. Hala ere, presoen eskubideen aldeko borrokak ez du Udalaren babes politikorik. Herriko zenbait preso politiko egoerarik larrienean egon direnean ere (gotzon isolamenduan adibidez), zerbait eskatzera joan eta bizkar eman ziguten. Bizkarra eman zieten presoei. Eta hori da egunerokotasunean Udalean dauden alderdiek erakusten duten jarrera. Hitzez bestelakorik badiote ere, ez dute presoen egoerari buelta emateko borondate politikorik agertzen. Gauzak honela, Eizmendi jaunari, duen kargua eta jarrera ikusita, presoen egoeraren arduradun zuzena dela esango genioke. Eta badela garaia modu horretako jarrerekin amaitzeko.

5. Kroseko ibilbidea aldatu egin duzuela entzun dut. Zergatik? Zein izango da ibilbide berria?
Jon

Aurreko urtean bidegurutze arriskutsu batzuk egoteaz gain kale batzuetan kontrako norabidean ere pasa ginen. Hori ikusita, ibilbidea egokitzeko apustua egin dugu. Eta ibildea antzekoa den arren, aurtengoan Sanjuandegi auzunean buelta luzeago bat egingo da.

6. Aldarrikapena baino gehiago, ez al da festa gaur egun Elkartasun Eguna?
Pello

Jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen eguna antolatu nahi izan dugu. Izan ere, presoekiko elkartasuna adierazten dugunok asko garela ospatu nahi dugu. Urtean zehar, jende eta talde desberdinak azaldutako konpromezua isladatuko duen egun bat izan nahi du biharkoak. Antolaketan ere jende desberdin askok hartu du parte eta zorionez egun hau zabaltasun handia hartzen ari da. Jaiak bai, borroka ere bai! Amnistia da etorkizuna!!!!!

7. Hurrengo egunean Xoxoteko egune da. Ez al dezu uste Elkartasun egune (festa, parranda...) bezperan jartzea, Xoxoteko egune antolatzen dutenekiko errespetu falta denik?
Mari Karmen

Ez, ez dugu uste. Elkartasun egunaren antolaketan mendizaletako kide batzuk ere hartzen dute parte. Eta orain arte ez dugu antzeko kexarik jaso. Hala ere, beste talde askorekin bezala mendizaleekin ere baditugu harremanak eta kexaren bat balute hitzegin eta eguna aldatzeko prest egongo ginateke.
Erreferentzia handia lortuko duen ekimena izan nahi du elkartasun egunak eta horretarako beharrezko deritzogu urtero data berean edo antzekoan egitea. Laugarren urtez ospatuko da bihar. Eta aipatu nahi dugu bi aldiz gutxienez data aldatu beharra izan dugula beste ekimen batzuekin batera ez tokatzeko.

8. Kaixo. Ikasle bat naun eta kiston penie zakenat holako egun baten ezin detelako parte hartu azterketak diela ta. Datorren urteako ezin al da beste garai baten jarri?
ikaslea

Beste erantzun batean aipatu ditugu dataren kontuak. Ezinezkoa da herritar guztiei egoki datorkien eguna aukeratzea. Beraz, eskertzen dugu elkartasun egunean parte hartzeko gogoa izatea. Eta ikasle zaren aldetik, ikasle mugimendutik presoen eskubideen defentsan egiten dituzuen ekintzak ere aipatu nahiko genituzke tarte honetan. Besterik gabe, ondo egin azterketak eta hurrengo batean beharko du.

9. Zergatik jarri duzue sokamuturra?
Ni

Herriko talde guztiei edo gehienei eskatu izan diegu presoen eskubideen defentsan pausoak emateko. Beste talde askok bezala, sokamutilek ere jarrera ona erakutsi izan dute. Elkartasun egunari begira beraien ekarpena sokamuturra ipintzea izan da.

10. Elkartasun eguna egiten duzuen laugarren aldia da. Zergaitik egiten da urtero? Ze helburu dituzue?
Pello

Orain lau urte, presoen eskubideen defentsan pausoak ematen ari ziren taldeak asko ziren, eta borroka hau zabaltasun handia lortzen ari zen. Baina bagenuen zabaltasun hori ongi kaleratzen ez genuenaren sentsazioa. Bestalde behar ekonomikoak ere handia ziren. Beraz, jende desberdinaren laguntzaz antolatuko zen eta zabaltasun hori isladatuko zuen egun baten inguruan buruari bueltak ematen hasi ginen. Eta hortik sortu zen elkartasun eguna. Zabaltasun horren erakusle gero eta arrakasta handiagoa du egun honek. Aurtengoan modu batean edo bestean antolaketan parte hartuko dutenak ehun lagun baino gehiago izango direla.

11. Urteak aurrera doazen einean,gero eta egitarau zabalagoa izaten da "elkartasun egunean".Jende askok hartzen al du parte antolaketan?nola lortzen duzue jendeak egun honekin bat egin dezan?
Mikel

Urtean zehar ekimen desberdin asko antolatzen ditugu presoen eskubideen defentsan. Ekimen horien oinarria gehienetan talde desberdinen parte-hartzea da. Eta horretarako harreman etengabean gaude talde eta jende desberdin askorekin. Horrek errazten digu egun honen antolaketan jende guzti horrek parte hartzea. Eta antolaketa bera zabaltasunez egiteak da gure ustez elkartasun egunaren arrakastaren arrazoi nagusia.

12. Pentsatzen dut,egun honen antolaketarako Udalarekin harremanak izango dituzuela.Nolakoa da beren jarrera?Baimena ematera bakarrik mugatzen al dira?ez al luke udalak egun honetan (ere) euskal presoen eskubideen alde zerbait (gehiago) egin beharko?
Araitz

Aurrerago ere antzeko galdera bati erantzun diot, eta galdera hau erantzunda dagoelakoan nago.

13. Kaixo. Lagun Onak mendizaleetako bazkidea naiz eta ez zait ondo iruditzen zuek Elkartasun eguna Xoxotekoaren bezperan jartzea. Zergatik jartzen dezue?
Mikel

Gaur izan dugu lehengo aldiz modu honetako iritzien berri. Aurrez aipatu bezala, mendi elkarteko kide batzuk ere hartzen dute parte egun honen antolaketan. Gainera badakigu asko direla bi egunetan parte hartzen dutenak ere, eta ez dugu inolako kexarik jaso.
Hala ere, Lagun Onak mendi elkartekoekin harremanetan jarriko garela zihurtatzen dizut, hitzegin eta arazoa konpontzeko.

14. Oso ondo pentsatzen jat holako egunak eta presuekiko elkartasuna adierazteko beste ekintza danak, ta espero dot presuek be jasoko dabela animo pixkat holakuetatik, Azpeitin originalak zate, krosa, sokamuturra... bueno luzatzeke,uste dozu epe labur baten Euskal Herrira ekartzia posible izango dala? Amnistia lortzia posible izango da noizbaitx? Burruka hau luze doia esperantzia ez dala galtzen esaten da, baina... zela ikusten dozu? eskerrik asko ta aupa zuek!
ni neu

Euskal presoen eskubideen defentsan euskal gizarteak eginiko lanaren ondorioz, gobernu espainiarra politika penitentziarioan mugimenduak egitera behartu genuen. Horrek demostratzen du posible dela hori eta gehiago ere lortzea.
Gaur egun Euskal Herriaren aurkako erasoaldia dela eta, espetxeetako egoera jasangaitza da. Eta egoera horri buelta emateko sekretua, borondatea, konpromezua eta eguneroko lana dira.
Euskal presoak euskal herriaren alde modu desberdinez borroka egiteagatik daude preso. Beraz, preso poltikoak dira. Gatazka politiko eta armatua gainditu eta bakean bizitzeko ezinbestekoa da, gatazkaren onodoriozko diren preso ta iheslari guztien etxeratzea. Amnistia osoa lortzea alegia. Hori eta gehiago zor diegu kanpotarrek bahitu zituzten herritarrei. Beraz, animo eta eutsi goiari. Amnisitia da etorkizuna!!!!!!!!!

Agurra

Azkenien ordubete baino geiyo ber izen det galedera guztiyei erantzuteko. Akaso makal xamar ibiliko nitzen. Halare esan, gustoa eindako lana izen dala. Elkartasun egunek sortzen ditun, sentsaziyo, iritzi ta galdera asko trukatzeko aukerie izen deu. Zuen galderak erantzunda daudelakuen, biyer Elkartasun Egunien eta aurrerantzien presuen eskubidien aldeko ekimenetan parte hartzeko gonbidapena eginez agurtzen naiz.