Mikel Aranburu

uztarria.com1 2004ko mar. 23a, 18:00
Mikel Aranburu
Mikel Aranburuk Europan zehar jokatzeko aukera izan du aurten. Realarekin kontratua berritu du. Gauzak ondo dihoazkio beraz.

1. Espainiako selekzioak deituko balizu, edo deitu bazaitu zein izan da zure erantzuna? Egia al da nahiko isun gogorra dagoela ezetz esan ezkero?
maijo

Ez dut uste deituko nautenik, hori hasteko. Baina argi daukat jokatu nahiko nukeen selekzioa Euskal Selekzioa dela. Momentuz urtean behin bakarrik jokatzeko aukera izaten dugu baino momentu horretan esaten den bezala, aukeratzeko modua izatea nahi dugu norekin jokau nahi dugun. Txarrean jarriz gero, nik uste isunen bat jartzeko aukera izngo luketeela, izan ere Espainiako Federazioaren barruan gaude. Hala ere, ez dakit garbi esanez gero ez dugula eurekin jokatu nahi zer nolako erantzuna emango liguketen, edo zenbat interesatzen zaien gogoz kontra euren selekzioarekin jokatzera derrigortzea jokalari bat.

2. Askotan, Xabi Alonso bere formaik onenien ez zeonien'e bai, aulkiyen lagatze hinduan Denoueix-ek, naiz ta erakutsi Alkiza ta hire artien partida hobiek eite zenituztela (Alonso-Alkiza eo Alonso-heu baino). Zer esango huke honi buruz ta entrenadoriek aldaketak iye partida bukaeran (geyenien beranduegi) eitiei buruz? Eutsi goyei, ta eman egurre, nik lagundukoiat al detan moduen Anoetako gradatatik!! P.D.: barkau, hika eiteko konfiantzie hartu diat.
saturdei jirou

Azken finean, entrenatzaileak hamaikako bat atera behar duenean taldearen onerako saiatzen da erabakiak hartzen. Hainbeste zaleturen artean ez dago denak gustora uzterik. Beti pentsa izan dut entrenatzaile honek erabaki bat hartzen duenean beti taldean pentsatuz egiten duela.

3. Aurten zure aportazio eskasa ikusi ondoren, hau da, Bittor Alkizak tokia kendu eta zu hainbat partidutan ordezkoen aulkian egon beharrak, eman al dizu aukerearik beste talderen batera joatea edo pentsatzeko? Besterik gabe agur
Zaletu bat

Ez. Orain dela gutxi luzatu dut kontratua hiru urtetarako eta gustora nago hemen, nahiz eta momentu batzutan norberak nahi duen baino minutu gutxiago jokatu.

4. kaixo ARANBURU: lehen mailan jokatzeko aukera izan dek eta gainera 2.postuan ezagutu dek Nolako esperientzia izan dek hori guztia eta txanpion norgehiagokoan parte hartzea?.Zorionak.
ion bastida

Esperientzia oso ona izan da. Aurreko urtean partida asko irabazi ondoren bigarren postua lortzeko aukera izan genuen, baina aurten berriz ere ikusten ari gara zer nolako berdintasuna dagoen taldeen artean eta urte batetik bestera gauzak zenbat aldatzen diren. Txanpionsen jokatzea esperientzi oso polita izan da eta agian hemendik urte batzuetara balio gehiago emango diogu lortu genuenari.

5. iepa mikel: hire ustez, aurten realien zer pasa dek?? nere ustez, eztezue ekipo bat bezela jokatzen, lengo urtien beste "koneksiyo" bat ikuste huan taldien. bueltie emango al diyozue egoriei?? eskerrikasko ta surte ona izen.
ander

Alde batetik, jokalari batzuk aurreko urtean eman zuten maila oso altu hori ez dute ematerik izan, adibidez, bi jokalariren artean 40 goletik gora sartzea ez zen normala, eta aurten ezagutu ere hobeto egiten gaituzte eta gure jokoa nola gelditu asmatzen ari dira. Hemendik bukaerara arte lehenbailehen mailari eutsi eta hortik aurrera ahal den posturik hoberena lortzen saiatuko gara.

6. Ze egoeratan dago euskera errealean? Zeuen artea hitzegiten al duzute euskeraz, entranmenduetan, pardiduetan...?
Aitor Bereziartua Egiguren

Ni lehenengo taldean nagoenetik jokalari euskaldun gehiena oraintxe dago. Dezente gaude normalean beti euskeraz hitz egiten dugunak, baina hori bai, atzerritarrak asko daudenez eurekin erdaraz hitz egiten dugu derrigorrean.

7. Iaz egundoko denboraldia egin eta gero, dezepzionatuta al hago denboraldi honekin? Denoeuixek ez dik eman segidan jokatzeko aukera handirik.
Txomin

Dezepzionatuta ez. Bina garbi ari gara ikusten aurreko denboraldia oso ona izan zela eta berriro ere horrelako denboraldi bat errepikatzea zaila izango dela. Nik aurreko urtean baino partida gutxiago jokatu ditut baina beste taldekideek ere jokatzeko entrenatzen dute eta ez dago ezer gehiago esaterik.

8. iruitze zitek ona haizela, baino erdikanpotik aurrea ez haiz atrebitzen gauzek intentatzen, zeatik?
azkottar bat

Ez da ez naizela atrebitzen. Aurreko taldeak ere jokatu egiten du eta haiek uzten duten eran egoten da aurrera joateko aukera.

9. Mikel, zer iruditzen zaizu errealak atzerriko jokalariak fitxatzeari buruz, ez zaizu iruditzen kanterako jokalariak zeharo baztertuak dituela? Eta beste galdera bat, Athleticetik oferta bat izan ezkero, joango zinake? Eskerrikasko,
Erreal zale bat

Gai zaila da, futbola orain dagoen bezala emaitzak oso epe motzean eskatzen dira eta jokalari gazteek justu behar dutena beraiekin pazientzia izatea da. Emaitzak onak direnean, aurreko denboraldian bezala, Europan ongi ibiltzeko jendeak fitxaketak eskatzen ditu eta taldea gaizki dabilenean atzerritarran kopurua gutxitzea ere ez du ongi ikusten. Azkenean klubak garbi badu kanterako jokalari askorekin osatu nahi duela taldea, erabaki ausarta hartzeko gai izan behar du, nahiz eta jakin askotan zaila izaten dela.
Orain dela gutxi luzatu dut kontratua hiru urtetarako eta momentu honetan ez nintzateke joango.

10. Galdera zaila zuretzat, Espainiako autatzaileak deitu ezkero joango al zinake selekziora?
Maite Aranguren

Garbi dut zein selekziorekin jokatu nahi dudan eta hori Euskal Selakzioa da. Ahal bada ofizialki gainera.

11. de pedrokin ze pasatzea????
eƱaut eizagirre

Jende asko ari zait berdina galdetzen baina nik behintzat kanpora begira esan den hortatik aparte, ez dut uste beste ezer berezirik dagoenik kontratua ez luzatzeko. Badakit jendeak ez duela sinetsiko baina horrela da.

12. Neska lagunik ba al duzu?
Zure jarraitzailea

Ez!!!!

13. Aupa hi! Gaur goizean bertan izan ditek epaiketa azpeitiko 9 gaztek Gazte Lokalaren kontua zela eta orain bi urte ihauterietan izandako aferagatik. Hi ere azpeitiar gazte bat izanik nola ikusten duk gertaera hau?
Xanti Ezkiaga

Gertutik jarraitu dut gai hau, gertuko jendea tokatu zaidalako saltsa honetan. Gainera hasiera batean eskatzen zutena baino zigor gogorragoa eskatu du fiskalak eta epaiketa atzeratzea eskatu du. Espero dut denak aske geratuko direla eta gertakarietan inplikatua zeudenak hitz eginez konpondu direnez, fiskalen edo epaileen erabakien ondorioz gauzak ez okertzea.

14. zein da errealetik ongien konpontzen zaren jokalari onena ?
neska Donostiarra

Igor Jauregi.

15. Ceditutako jokalariekin ematen al zara ?
Zestuar neska

Bai. Gehienbat Mikel Labakarekin hitz egiten dut eta hortik aparte Gurrutxagarekin ere sarri hitz egiten dut. Ea lehenbailehen itzultzen diren realera eta aldageletan batera egoten garen berriz ere.

16. Kaixo Mikel, Aurten gaizki hasi zineten baina badirudi buelta eman eta jaitsierako postuetatik erraz aterako zaretela. Iaz ondo denboraldi osoan, baina aurreko bietan osta-osta libratu zen erreala. Etorkizunari begira..., zein urterako aurreikusten duzu bigarren mailarako jaitsiera? Ez dirudi urte asko pasatuko direla, bizpahiru asko jota. Ordurako zure burua errealean ikusten duzu oraindik? edo talde hobeago batera jotzeko asmoa duzu?
Athletic zalea

Azkenengo urteetan, aurreko denboraldia kenduta, kostatzen ari zaigu lehenengo mailan mantentzea baina hori ez zaio realari bakarrik pasatzen eta aurrean egoten diren lau edo bost talde kenduta, beste edozein taldek zailtasunak izan ditzake, bai aurten baita hurrengo urteetan ere. Espero dut reala bigarren mailan ez ikustea , ez jokalari bezala ez eta zaletu bezla ere.

17. uste al duzu 14.postutik gorantza egingo duzuenik? zure ustez zergatik aurreko denboraldian ibili zineten hain ondo? aurtengoan zer gertatzen da horrenbestetan partiduak galtzeko? nork du errua? AUPA ERREALA! EA GUTXIENEZ 10. POSTUAN GELDITZEN ZARETEN!
azpeitiko realzale bat

Errua gauzak gaizki doazenean, neurri batean denona da. Neurri handi batean jokalariena dudarik gabe. Aurreko urteko ia jokalari berdinak egon da taldean ez da erraza hainbesteko aldaketa hau azaltzea baina ez zaigu guri bakarrik pasatu, adibidez, Celta gu baino egoera okerragoan dago. Futbolean logikak ez du ezertarako balio eta agian jendeari horregatik gustatzen zaio hainbeste. saiatuko gara 14. postutik gora egiten baina lehenengo lana azkenengo hiru postuetatik hurruntzea da.

18. Aupa "tokallo"! Hasteko zorionak zure ibilbideagatik eta animo aurrera jarraitzeko talante berean. Bestetik, jakingo duzunez Gipuzkoan azken urte hauetan Kirolanitzean (Multideporte) oinarritutako "Eskola Kirol" programa bat garatu du Aldundiak. Presio ezberdinak direla medio (nagusiena "Real Sociedad S.A.D."-k egindakoa) programa hori aldatu egin da haurren kirol espezializazioari dagokionean (urte bete arinago hasi daitezke klubekin jolasten). Zure esperientzian oinarrituta, zer deritzozu? kirol enpresa pribatu batek baldintzatu al dezake gipuzkoar haurren kirol antolaketa? Aurrez eskerrik asko!
Mikel Uralde

Gai hauek ahal den jende gehienaren parte hartzearekin eztabaidatuta eman behar dira aurrera, nire ustetan. Realak egin duen presioa ez dakit zenbaterainokoa izan den, baina beti Gipuzkoa osoko gazteengan pentsatuz hartu behar ditu postura batzuek edo besteak; reala ez delako Gipuzkoako beste edozein klub bezalakoa.

19. fubolistan preparaziyue goorra dekela uste aldek?? asko sakrifikau ta zaituberra izete al dezue?? eskerrikasko
ba laur 2de, ela potero 7

Momentu batzutan bai, normala den bezala. Gaur dagoen berdintasunarekin arlo guztietan bezala fisikoki ongi egotea ere oso garrantzitsua da.

20. Zein izan da zaletuen inguruan gertatu zaizun gertaerarik bitxiena?
Ander Gorostidi

Gertaerarik bitxiena momentuz ez zait burura etortzen, baina emozionanteena, aurreko urteko Vigoko partida izan zen. Partida bukatu eta autobusean sartutakoan jendea kanpoan negarrez guri txaloka ikustea, beti buruan izango dudan gauza bat izango da.

21. aupa Mikel, ta Erreala! Galdera hau egin nahi nizuke: zer gertatzen zaizue lengo urteko maila zoragarri hura eman eta aurten horren oker ibiltzeko? Ez da izango Denoix-en errua bakarrik...
realzale 1

Dudarik ez, neurri handienean gure errua izango dela. Denouexen lana lehengo urtetik hona ez da asko aldatu eta zelaira, onerako eta txarrerako, guk irtetzen dugu.

22. Aupa Mikel. Ze mouzko jokalaye iruitze zaizu Markel Bergara?Etorkizun haundiye ikuste al diyozu?
Elgoibar

Jokalari oso ona da. Oraindik 17 urte besterik ez ditu eta etorkizunean espero dut bere maila realean erakusteko aukera izango duela. Presarik gabe, baina beste Sanseko jokalari batzuekin batera, realean jokatzeko maila duen jokalari bat dela ziur nago.

23. Atzalde on, ze iritzi daukek Anoetako proiektu berri horri buruz?
Zaletu bat

Realeko jokalari bezala futbol zelaia ederra da baina eztabaida zabal baten ondoren aurrera eraman beharreko proiektua dela ikusten dut. Gipuzkoan nahiz eta futbol zale asko dagoen, futbol zaleak ez diren asko ere badaude eta denen iritziak hartu behar dira kontuan, gehienbat gipuzkoar denon diruarekin aurrera eraman nahi den proiektua baldin bada.

24. Aupa Mikel, Realaren barruan zein jokalari dituzu lagunenak, esan nahi det, batzuekin kontaktu gehiago edukiko duzula alegia,nor dira?
Erreal sale bat

Gehienbat bertako jokalari gazteekin konpontzen naiz ondoen. Denbora gehiago pasatzen dut eurekin jokalari atzerritarrak, normalean, familiarekin etortzen direlako eta futboletik aparte gutxiago egoten garelako. Hala ere, orokorrean, atzerritarrak ere jende jatorra dira eta ez pentsatu gaizki konpontzen geranik, eta eurek ahal dutenean denok elkartzen gara. Bertakoen artean Jauregi, Gabilondo, Rekarte... gara kontaktua gehien mantentzen dugunak.

25. Mikel, Zestoan zuudenean, nongoa zerala esaten dezu?, Azpeitiarra?, hala Zestoarra?
Kuxkuxera bat

Aizarnakoa!!!

26. Errealeko aldizkariko argazkiak (zureak) gustatu zitzaizkizun? Neri asko...
fan bat

Tarteka erridikulu pixkat egin beharra izaten da eta argazki horiek ateratzeko egunean egin nuen pixkat. Pozten naiz gustatu baldin bazitzaizkizun.

Agurra

Eskerrik asko galderak egin dituzuen guztioi eta segi uztarria.com-en sartzen.