Hamarkada: 1930

  • 1934-8-14. Urrestillako plazari 'Aita Antxieta' izena jartzea erabaki zuten.
  • 1934-8-12. Indar publikoek Kontzertu Ekonomikoa eta Herri Autonomiarako Batzordea osatzeko ordezkariak aukeratzeko udaletxean hauteskundeak egitea debekatuko zuten eta, beraz, Harzubiako 4. eta 5. zenbakia zuten etxeetan bildu ziren, aktan jaso zenez. Ondoren, herriko idazkariak gobernadore zibilak emandako agindua irakurriko zuen. Bertan, legez kontrakotzat hartzen zen egin zitekeen aukeraketa.
  • 1934-8-7. Hilaren 4an Buletin Ofizialean agertu zen gobernadore zibilaren ofizioa irakurri zuten. Bertan, Kontzertu Ekonomikoaren Batzordea izendatzeko hauteskundeak debekatu zituzten, eta horretarako egindako bilera guztiak legez kanpokoak zirela adierazi zuten. Ondoren, Donostiako alkateak hilaren 12an hauteskundeak egiteko gutuna irakurri zuten.
  • 1934-7-30. 'Sabino Arana Goiri' deitura zuten bi plaka ordaintzea erabaki zuten, Plaza Txikian jartzeko.
  • 1934-7-17. Miguel Zendoiaren eskaerari erantzunez, Udalak zezen-plazan herriak antolatzen zituen ekintza guztietarako ordaindu gabeko sarrerak errukietxean zirenei eskaintzea erabaki zuen.
  • 1934-7-3. Donostiako alkateak hilaren 5ean Bilboko Udaletxean egingo zen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko udalen asanbladarako egindako deialdiaren berri adierazi zuten. Bertan, euskal probintzietan ardoaren estatutua martxan jartzeko eta Kontzertu Ekonomikoaz erabakiak hartu nahi zituzten. Ziriako Agirre, alkatearen lehen tenientea, izendatu zuten herriko ordezkari bezala asanblada horretara joateko.
  • 1934-7-1. Juan Manuel Azpiroz 'Aiako Txikia' eta Lorentzo San Julian 'Azpeitiko Ijito Txikia' neurtu ziren Azpeitiko zezen-plazan. Lehenenak irabazi zuen lehia, bigarrenak abantaila baldin bazuen ere.
  • 1934-6-17. Klemente Arrue eta Nikolas Arregi 'Maiorta' neurtu ziren zezen-plazan zortzi mila metrotan. Biek 18 urte zituzten. Arruek irabazi zuen, 28.36an.
  • 1934-6-5. Olaizola zinegotziak proposatu zuen Kontseju plaza edo plaza Txikiari 'Sabino Arana' eta 'Goiriren Plaza' deitzea. Aho batez onartu zuten proposamena.
  • 1934-5-15. Aratz-errekarako errepidea egiteko behar ziren langileetatik %70 herritar langabetuak izatea onartu zuten, momentuko langabezia kontuan harturik.
  • 1934-3-20. Aratz-Erreka auzora egin behar zen errepideari sei metroko zabalera ematea erabaki zuten, baita bertan lana egingo zuten langileen %40 herritarrak izatea ere.
  • 1934-2-6. Ziriako Agirre zinegotziaren eskaerari erantzunez, herriko artxiboan burdin atea jartzea erabaki zuten.
  • 1934-1-23. Eskaerari erantzunez eta urtean 350 pezeta ordainduz, Enparan kaleko 1. zenbakia zuen etxeko bigarren solairua Emakume Abertzale Batza elkarteari alokatzea erabaki zuten.
  • 1934-1-16. Nuarbe auzora autoarekin eguneroko zerbitzua egiten zuen Pablo Azkueri Udalak 500 pezetako laguntza ordaindu zion.
  • 1934-1-8. Izarraitz Txoko Elkartea sortu zuten.
  • 1933-12-26. Tadeo Aztiria osasun inspektoreak emandako iritzia kontuan izanik, Martzial Uzini etxebizitza egiteko baimena eman zioten. Raimundo Alberdi arkitektuak eginiko planoan agertzen zen eran egin beharko zuen.
  • 1933-12-19. Marzial Uzinek Foruen pasealekuan zeukan lantegiaren gainean etxebizitza egiteko baimena eskatu zuen. Udalak kontu hori Osasun inspektorearen eskuetan uztea erabaki zuen, honen iritzia jakin ahal izateko.
  • 1933-12-5. Urrestillatik Aratz-errekara egin nahi zuten errepidearen proiektua aho batez onartu zuten.
  • 1933-11-28. Zezen-plazan apustuak zeudela-eta, herriaren aldetik zenbat kobratu behar zen erabaki zuten: bostehun pezeta bitarteko sarrera izatean, %20; hortik mila pezeta bitartean, %15; eta milatik 1.500 pezeta bitartekoa izatean, %10. Apustu berezia eta sarrera handiagoa izatean, horretarako izendaturik zegoen batzordeak erabakiko zuen.
  • 1933-11-21. Antonino Olaizola alkateordearen proposamena onartuz, Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteari telegrama bidaltzea erabaki zuten: "Gipuzku Buru Batzarra. Donostia. Azpeitiko nekazari eta abertzale zinegotziak udalan baturik jaiko gureuda izugarria gatik, zorionik biotzekoenak bialtzen dizkitzue. Gora Jaungoikoa eta lege zarra. Endorea".
  • 1933-11-7. Domingo Lizarralderi lantegiko pabilioiak berritzeko baimena eman zioten. Irailaren 11n izandako suteak kalte handiak sortu zituen han.
  • 1933-11-7. Martzial Uzini Foruen pasealekuaren atzeko lantegian handitze lanak egiteko baimena eman zioten.
  • 1933-11-5. Joxe Antonio Oiarzabal alkateak, Hego Euskal Herriko Estatutuari buruz egun horretan bertan egindako plebizitoari buruz esan zuen Azpeitian %98 Estatutuaren alde agertu zirela eta bakar bat ere ez aurka. Telefonoz jakin zuenez, beharreko %66 gainditu zuten Araban eta Bizkaian ere. Emaitza horiek ospatzeko, Musika Banda kaleratzea erabaki zuten eta udaletxeko balkoian, Espainiako bandera ez ezik, ikurrina zintzilikatzea ere bai.
  • 1933-10-31. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluko presidenteak emandako agindu bat betez, Ziriako Agirre alkateordeak batzar berezirako deialdia egin zuela adierazi zuen, beste hainbat gauzen artean euskal udalei ahalmena ematen zietelako azaroaren 5ean plebizitu hauteskundeetan mahaietako ikuskatzaileak izendatzeko. Horretarako aho batez aukeratu zituen Udalak Joxe Mari Sorazabal, Joxe Mari Aramendi, Luis Goenaga, Ziriako Agirre, Antonino Olaizola, Emeterio Alberdi, Manuel Olazabal eta Demetrio Egiguren.
  • 1933-10-30. Ziriako Agirre alkateordeak deitutako batzarrean, berak adierazi zuen Euskal Estatutuari buruz azaroaren 5ean egin nahi zuten plebizitua atzeratzeko gestioak egiten ari zirela Madrilen. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluko presidenteari gestio horiek egin izana protestatuz telegrama bidaltzea onartu zuten.
  • 1933-10-24. Aho batez erabaki zuten protesta egitea Espainiako gobernuburuari, 1839ko urriaren 25ean emandako legea indarrean zelako, Euskal Herriaren aurkakoa, eta, halaber, erabaki zuten hurrengo egunez balkoian bandera erdizka zintzilikatzea udaletxean.
  • 1933-9-11. Domingo Lizarralderen lantegiko pabilioietan sutea gertatu zen.
  • 1933-8-27. Herrian Guraso Kultur Elkartea sortu zuten, 323 partaiderekin.
  • 1933-8-8. Alkateak Inozentxio Larrañaga EAJko herriko Juntako buruak hilaren 7an sinatutako gutun bat irakurri zuen. Bertan, abuztuaren 1ean Loiolan Sabino Arana eta Goirik sortutako 'Iñaki Deuna' ereserkia kantatzea debekatu zela adierazi zen. Eta euskal hizkuntzari begirunerik gabe kaltea egin eta herriko apaizek euskal giroarentzat zuten gorrotoa agertzeaz gain, abertzaleen sentimenduak ukitu eta euskara kolpatu zutela ere esaten zen. Emandako iritziarekin bat egiteko eta protestaren berri apezpikutzara eramateko ordezkari bat izendatzeko eskatu zioten Udalari. Azpeitiko Udalak aho batez protestarekin bat egitea erabaki zuen, eta alkatea izendatu zuten osatu nahi zen batzorderako.
  • 1933-7-30. Elizkizun handiak ospatu zituzten parrokian, 1932ko martxoaren 26an izandako sutearen hondamenak zuzenduta baitziren. Mateo Mujika Gasteizko apezpikua han izan zen, eta Julian Barrenetxea organoan eta Lazaro Larreak zuzenduta herriko abesbatzak L. Refficeren meza kantatu zuen.
  • 1933-7-24. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioetako Gestora Batzordeek hiru probintzietako udalek Gasteizen abuztuaren 6an biltzeko egindako deialdiaren berri eman zuten. Hiru probintzietarako estatutu bakar baten proiektua aztertuko zuten bileran, eta herriak Joxe Antonio Oiarzabal alkatea ordezkari izendatzea erabaki zuen.
  • 1933-7-11. Alejandro Orbegozori Enparan kaleko 24. zenbakiko etxearen atzean abarketa tailer bat jartzeko pabilioia egiteko baimena eman zioten.
  • 1933-7-4. Pablo Azkueri Loiola bidean altzari fabrika eta erakustoki bat egiteko baimena eman zioten.
  • 1933-7-4. Herriko elkarte eta talde politikoek aurreko urteetan San Inazio jaietan dantza, zirko eta jolaslekuetan moraltasunaren aurka egindako gehiegikeriez adierazitako kexa kontuan hartzea erabaki zuen Udalak.
  • 1933-6-6. Nazario Aizpitarte eta beste batzuk ez ezik, herriko Euskal Langileen Alkartasunako lehendakariak eginiko eskaerak irakurri zituzten. Eskaera horretan langabezian ziren langileentzat udal obrak martxan jartzeko eskatu zuten, eta ikerketa egitea erabaki zuen herriak.
  • 1933-5-30. Eliz kaleko 2. eta 4. zenbakiak zituzten etxeen azpian labe biratzailea jartzeko baimena eman zioten Frantzisko Bikendiri.
  • 1933-5-30. Loiolako errepidea egiten jarrai zezan Diputazioari eskaera egitea erabaki zuten. Izarra Hotelera bitartean egina zegoen, eta inguruko errepidearekin bat egitean bihurgune arriskutsua zegoen.
  • 1933-5-30. Txalintxo inguruan, Azkoitiko herriaren lurrak mugatzen zituen hiru harri kendu zirela adierazi zuen zinegotzi batek. Lehengo tokietan harriak jartzea erabaki zuten.
  • 1933-5-16. Bilboko Udalaren akordioarekin bat eginik, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia lurraldeetako Gestora Batzordeei Autonomia Estatutua ahalik eta azkarren prestatzeko eskatzea erabaki zuten, udalek onartzeko.
  • 1933-2-13. Herriko Euskal Langileen Elkarteak eginiko lan eskaera ikusita, Udalak Amu baserri ingurutik Gazte bitartean pasealekua egitea erabaki zuen. Bi astez hogei lagunek egin zuten lan. Gerora begira, Lazaretorako bidea egitea pentsatu zuten. Gauzak ahal zen azkarren egiteko, ordea, lehenik langabezian zirenen zerrenda osatzea erabaki zuten.
  • 1933-2-6. Union Republicana elkarteko presidente Joxe Valverdek eginiko eskaera onartu eta herriko enparantza Nagusiari 'Errepublika Enparantza Nagusia' izena ematea erabaki zuten.
  • 1933-1-23. Loiolan, Bixente Guibert eta Juan Etxezarretak kioskoak zituzten tokia, sei urterako (urtean 50 pezeta ordainduz) ematea erabaki zuen herriak.
  • 1933-1-23. Odria auzoko eskola eraikitzeko planoa eta aurrekontua onartu zituzten.
  • 1932-11-28. Gestora Batzordeak, Aratz-errekarako errepidea egiteko 59.500 pezeta ematea erabaki zuela jakinarazi zuen. Diputazioari eskaera zuzentzea erabaki zuten, ahal zen azkarren hasiera emateko esanez eta, horrela, langabezian zeuden herritar langileei lana eskaintzeko; horiei zerrenda bidali zieten.
  • 1932-11-14. Alkateak herri hilerriei buruzko legea irakurri zuen, eta agindu zuten hilerriaren jabetzarik ez zeukaten herriek urtebeteren buruan egin beharko zituztela. Hurrengo urteko otsailaren 6an amaituko zen epea; bestela, elizaren hilerriak ordainduz eta bereganatuz prestatu beharko zituzten. Azpeitian elizaren bi hilerri izanik -herrikoa bat eta Urrestilla eta Aratz-errekakoa bestea-, bata eta bestea erostea erabaki zuten, erretoreekin harremanetan jarrita.
  • 1932-9-28. Madrazo zinegotziak eginiko proposamena ontzat harturik, ikurrina erostea erabaki zuten, Espainiako banderarekin batera udaletxeko balkoian zintzilikatzeko.
  • 1932-9-18. Madrazo zinegotziak proposatu zuen udaletxeko balkoian Espainiako banderarekin batera zintzilikatzeko ikurrina erostea, baina ez zuten erabakirik hartu.
  • 1932-9-12. Gobernadore zibilak idatzitako gutuna irakurri zuten eta, agindu zuenez, udaletxeko areto nagusian Espainiako Errepublikaren sinboloak jarri behar ziren, orduan zeudenak kenduta -tartean, Loiolako Inazioren erretratua eta Gernikako arbolaren koadroa-. Alkatearen mozioa ontzat harturik, Udalak erabaki zuen gobernadorearen jakinean jartzea hilaren 4an herrian ospatutako Errepublikaren aldeko mitinean zer eratan jokatu zuten herriko agintariek, eta guztien aldetik egokitzat hartu zuten alkatearen ekimen hori.
  • 1932-8-20. Parrokian izandako sutearen ondoren osatutako batzordeak Julio Beobide eskultorearekin harremanetan jartzea erabaki zuen, aldare nagusirako San Sebastianen irudi bat egiteko.
  • 1932-8-2. III. Euskal-Nafar Txirrindulari Txapelketa ospatu zuten herrian. Jesus Garcia 'Fanfa' larri zauritu eta gauean hil zen. Federiko Ezkerrak irabazi zuen proba, Eusebio Bastidaren aurretik.
  • 1932-6-27. Udaletxerako ordulari bat erosi zioten Lezea eta Murua etxeari.
  • 1932-5-23. Udaletxean kanpotik jartzeko ordularia erostea erabaki zuten.
  • 1932-5-13. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Diputazioetako Gestora Batzordeek bidalitako gutuna irakurri ondoren, alkatea izendatu zuten udal guztietako ordezkariekin hilaren 22an Iruñean Gaiarre Antzokian egingo zen Asanblada Nagusira joateko. Euskal-Nafarroa Estatutuaren proiektuari buruz hitz egin zuten bileran, eta Estatutuaren proiektua ontzat hartu, aho batez.
  • 1932-5-13. Inazio Beltran Oiarzabalek tratua egin zuen Ostienseko San Gregorio elizan zegoen Domingo Martinez de Moratin kaperauarekin, 1685eko ekainaren 17an. Zilarrezko bi erreal eskaini zizkion limosna bezala, eta urte bakoitzeko maiatzaren 9an, santuaren eguna ospatzean, ura jasotzeko norbait bidaltzeko eskubidea izango zuen. Aldi bakoitzean limosnatxo bat eskaini zioten.
  • 1932-4-25. Suhiltzaile eta mekaniko posturako bi eskaera zeuden herrian -motobonba zaintzeko eta erabiltzeko-, eta Joxe Inazio Aizpuru aukeratu zuten lan horietarako.
  • 1932-4-18. 11 lagunez osaturiko suhiltzaileen zerrenda onartu zuten, kabo Pedro Segurola zela.
  • 1932-4-4. Herriko suhiltzaileentzat Pablo Weberek Magirus etxeak eskaintzen zuen Liliput motobonba erostea erabaki zuten. 12.943,60 pezeta ordaindu zituzten.
  • 1932-4-4. Suhiltzaile mekaniko bat izendatzeko lehiaketa antolatzea erabaki zuten, urtean 365 pezeta eskainiz, eta 25 urtetik 50era bitartekoentzat izanik postua.
  • 1932-4-4. Parrokiko erretaula nagusian suteak eginiko kalteei aurre egiteko batzorde bat izendatu zuten, Kasiano Garaialde erretorea presidente zela eta honokoekin osatuz: Julian Elorza, Damaso Azkue, Modesto Goenaga, Ildefonso Gurrutxaga, Kruz Mari Etxeberria eta Gregorio Otamendi.
  • 1932-3-26. Parrokiko aldare nagusian sute batek kalteak sortu zituen.
  • 1932-3-14. Herriko Txistularien Bandarako, Basilio Lizaso izendatu zuten silbote bezala.
  • 1932-2-29. Euskaltzaleak Elkarteari urtean 750 pezetako diru laguntza ematea erabaki zuen Udalak.
  • 1932-2-29. Elkarteko kideei zegokionez, edonor izan zitekeela esaten zen, urtean 3,65 pezeta ordainduz, baina gizonezkoek bakarrik izango zuten aukera Elkarteko Zirkuluko kide izateko, Juntak erabakitzen zuena ordainduz hilean. Urteko ordainketa egin eta hemezortzi urte zituen kideak eskubidea zeukan batzar nagusian bere botoa emateko. Umeentzako, eta inolako ordainketa gabe, beste talde bat osatu zuten.
  • 1932-2-29. Batzar nagusian aukeratutako Juntak zuzenduko zuen Euskaltzaleak Elkartea eta batzordeak izendatuko zituen zenbait langintza aurrera eramateko, horien artean Euskara Eguna, Euskaldun Umearen Eguna, Olerki Eguna eta abar antolatzeko, Udalari eskatuz eskola munizipaletan euskara indartzea eta zabaltzea...
  • 1932-1-25. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Estatutu bakarraren aldeko aho batezko botoa erabaki zuen Azpeitiko Udalak; ordezkari, Kasto Orbegozo izendatu zuen.
  • 1932-1-25. Espainiako Ministroen Kontseiluko presidenteari telegrama bat bidali zioten, Jesusen Lagundiaren desegiteagatik protestatuz.
  • 1932-1-24. Jesusen Lagundia ezerezean uzten zuen dekretuaren aurka manifestaldia egin zuten.
  • 1931-11-30. Gestora Batzordeak langabezi zerga berezia sortzea proposatu zuen. Deitura bereko egun bat ere antolatzea eskatu zuen, lanik gabe zirenentzat diru bilketa egiteko. Eta, batez ere, Udalaren aldetik lana eskaintzea eskatu zuen. Alkateak esan zuen derrigorrezkoa egiten zitzaiola herriari bere gain hartzea langabeziaren arazoa eta egokia zela Diputazioari baimena eskatzea zer bat sortzeko. Aho batez onartu zuten alkatearen proposamena.
  • 1931-11-23. Urrestilla eta Nuarbe auzoko biztanle batzuek eskatu zuten herriak egunean hiru bidaia autoan eskaintzen zituen Pablo Azkueri urtean bostehun pezetako laguntza ematen jarraitzea. Horrela erabaki zuten, baina alkateari behar zen tokian gestioak egitea eskatu zioten, zerbitzu hori egiteko Azkuek zeukan esklusibitatea ezerezean uzteko.
  • 1931-11-23. Lopetegi zinegotziak eskatu zuen sagardoaren zergarik ez ziela kobratu behar etxeko sagarrarekin eta etxerako egiten zuten baserritarrei. Agintarien artean era guztietako iritziak agertu ziren. Alkatea eta Alejandro Orbegozo haserretu egin ziren azkenean eta, erabakia hartzeko betarik gabe, ezerezean gelditu zen batzarra.
  • 1931-11-16. Gestora Batzordeak, langabeziaren zerga berezia eta deitura bereko egun bat sortzeko proiektuaren berri eman zuen, langabezian ziren langileentzat dirua biltzeko. Zinegotzien aldetik azterketa egitekotan gelditu ziren, unean beste erabakirik hartu gabe.
  • 1931-11-9. Nuarbetar batzuk eginiko eskaeraren berri emanez, bertako kale bakarrari 'Ebangelina Aitzondoa' deitura jartzea egokia zela esan zuten, auzoak Frantzisko Arozena eta haren emazte Ebangelinagandik mesede handiak jaso zituela-eta. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1931-10-19. Miguel Ramosi herriko kale eta enparantzen deituren euskarazko plakak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1931-10-19. Udalak protesta agertzea erabaki zuen, 1839ko urriaren 25ean sinatutako legearen urteurrena betetzean -Euskal Herriaren foruak eta askatasuna kendu zituzten-. Zinta beltzeko bandera balkoian zintzilikatu zuten.
  • 1931-9-7. Herria egiten ari zen obretan lana herritar langileei bakarrik ematea erabaki zuten, asko zirelako langabezian une hartan.
  • 1931-9-7. Musika Bandaren arautegian aldaketa batzuk egitea erabaki zuten, eta horretarako batzordea izendatu zuten.
  • 1931-9-7. Kale, enparantza eta herri eraikin guztietan euskarazko deiturak jartzea erabaki zuten, eta horretarako Olaizola eta Otamendi zinegotziak izendatu zituzten.
  • 1931-8-24. Alkateak, Bilbon Nafar-Euskal Estatutuari buruz lau probintzietako alkateen batzordeak ospatutako bileraren berri jakinarazi zuen. Lizarrako Estatutuarekin bat egindako udaletako alkateak Madrilera joan eta Espainiako Errepublikako Gobernu Probisionalaren aurrean agertzeko tren berezia jarri zela ere esan zuen. Alkatea bera hara joatea eta bidaia eta gastu guztiak herriak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1931-7-22. Alkateei abuztuaren lehen egunerako egindako gonbiteaz hitz egin zuten. Joaten zirenei bazkaririk ez ematea itxuragabekoa iruditu zitzaien, eta bozketa baten ondoren erabaki zuten guztiak ez gonbidatzea.
  • 1931-7-20. Lizarran Euskal-Nafar Udalen Batzarrean izandako herriko ordezkariek adierazi zuten hil honen 14an Euskal Estatutua onartu zela. Udalak, irakurri ondoren, aho batez gauza bera egin zuen.
  • 1931-7-7. Bertako ura kutsatuta zelako Iturritxikiko iturria estaltzea erabaki zuten.
  • 1931-6-8. Eusko Ikaskuntza Elkarteak prestatutako Euskal Estatutuaren aurreproiektua jaso zuten, Zangoza, Getxo, Laudio eta Azpeitiko alkateek sinatutako gutunarekin batera. Aurreproiektu horren inguruko azterketa egin behar zuten, eta Iruñean hilaren 14an ospatuko zen Udal Asanbladarako deia ere jaso zuten. Gonbitea onartzea erabaki zuten eta bertara joateko Kasto Orbegozo alkatea eta Silbestre Madrazo zinegotzia izendatu zituzten herriko ordezkari gisa.
  • 1931-6-8. Diputazioko Gestora Batzordeak bidalitako deialdiaren berri eman zuten: Udala hil honen 14rako eta probintziako jauregian egingo zen asanbladara ez joatea erabaki zuten.
  • 1931-6-7. Bitor Zabala Arteondo eta Juan Kortajarena Ondartza neurtu ziren zortziko zilindroarekin, hamar minutuko hiru ekitalditan. Arteondok 151 jasoaldi egin zituen eta Ondartzak 140.
  • 1931-5-25. Mateo Mujika apezpikua atzerriratzea salatu zuen herriak.
  • 1931-5-12. Batzorde Iraunkorrak 1925eko azaroaren 9an eta Udalak urte bereko abenduaren 9an hartutako erabakiak kontuan izanik, Karmelo Etxegarairen memoria iraunarazi nahirik, hartutako erabakia ontzat jo zuten. Herriko enparantza edo kale batean jartzeko irudi bat egin eta kokatzearen aurrekontua prestatzea eskatu zioten alkateari.
  • 1931-5-12. Herriko alkateari eta Bergara eta Andoaingoen eskaerari erantzunez, Gipuzkoako Autonomia Estatutua ez ezik, Euskal Herrikoa idaztea udalek bakarrik egin beharrekoa zela ikusirik, honako puntuak onartu ziren: 1. Gipuzkoako Udal Asanbladarekin bat egitea, Gipuzkoako Autonomi Estatutua bertan osatu eta onartuko zenez. 2. Euskal Herriko Udal Asanblada Nagusiarekin bat egitea, gortean aurkeztu behar zen Estatutua bertan osatu eta onartuko zenez. 3. Alkateen Batzordearekin bat egitea, hasierako lanak egiteko, ofizialtasuneko Batzorde Iraunkor bat osatu bitartean. 4. Bai Gipuzkoako Junta Nagusirako eta bai Udal Asanblada Nagusirako, herriaren prokuradore bezala, Kasto Orbegozo izendatzea.
  • 1931-4-27. Alkateak esan zuen 'Alfonso XIII.a' deituriko pasealekua izenik gabe zegoela eta 'Foruen Ibilbidea' jartzea proposatu zuen, deitura horrek euskal talde politiko guztiak bat egiten zituela-eta. Silbestre Madrazo zinegotziak 'Euskadi' pasealekua proposatu zuen, eta erabakia beste batean hartzekotan geratu ziren.
  • 1931-4-27. Suhiltzaileen arautegi bat prestatzea erabaki zuten, derrigorrezkoa ikusi baitzen.
  • 1931-4-27. Espainiako Gobernuko Heziketa Publikoko ministroari Euskal Herriko ikastetxeetan eta eskoletan elebitasuna agintzeko eskatuz telegrama bidaltzea erabaki zuten, euskaldun guztien nahia zelakoan elebitasuna.
  • 1931-4-20. Alejandro Orbegozo zinegotziak egindako proposamena onartu eta Bermeoko alkateari telegrama bidaltzea erabaki zuten. Bertan, Azpeitiko Udalak foruak berrezartzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoak debekatzen zituzten legeak bertan behera uzteko egiten ziren gestioekin bat egiten zuela adierazi zuten.
  • 1931-4-20. Alejandro Orbegozo zinegotziak proposatu zuen Euskara Eguna herrian ospatuko zenez euskaraz idatzitako errotuluak jartzea kaleetan eta udal eraikinetan. Aho batez erabaki zuen Udalak euskaraz eta gaztelaniaz idatzitakoak jartzea.
  • 1931-4-17. Azpeitiko Udalak, aho batez, euskal errepublika bat eskatu zuen.
  • 1931-4-17. Kasto Orbegozo alkate zela, udal berria osatu zuten. Aurreko legegintzaldiko Udalak hartutako erabakiaren berri eman zuten, eta aho batez berarekin bat egitea erabaki zen.
  • 1931-4-17. Urrestillan, Nuarbe eta Araz-rrrekarekin mugan, Olatxo eta Antxieta-Olalde errotak 110 anega gari eta 1.100 arto anega ehotzi zituzten. Hala ere, urtean zehar 7.960 abega ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Aratz-errekan, Olaberri, Bikundia eta Olajaungoa errotak, 90 anega gari eta 1.100 anega arto ehotzi zituzten. Hala ere, guztira urte osoan zehar 5.000 anega ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Errezil ibaian, Barrenola, Urbieta eta Orendandi errotak, 1.000 anega gari eta 3.400 anega arto ehotzi zituzten. Guztira urtean zehar 11.000 anega ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Errezil eta Urrestilla errekak bat eginik zirela-eta, Enparan errotak 5.840 anega gari eta beste hainbeste arto ehotzi zituen. Hala eta guztiz ere, guztira urtean 22.000 anegatik gora ehotzeko gai zen.
  • 1931-4-17. Urola ibaian, Soreasu errotak, 5.600 anega gari eta beste hainbeste arto ehotzi zituen. Hala ere, guztira urtean zehar 22.000 anega ehotzeko gai zen.
  • 1931-4-17. Elorriaga menditik jaisten zen Ubero errekan, Larrañaga errotak 40 anega gari eta 1.600 arto ehotzi zituen, guztira urtean 2.600 anega ehotzeko gai bazen ere; Garagartza errota, bestalde, une hartan geldirik zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan