Taldeak

Signakulum Virginitatis taldeko Asier Larrañaga, Igor Alberdi, Karlos Osorio, Aitor Egiguren, Ibon Odriozola eta Unai Frantzesena. 
Unai Frantzesena, 'Kaki' Arkarazo, Ibon Odriozola, Karlos Osorio, Nagore Azpiazu, Asier Larrañaga eta Aitor Egiguren, IZ estudioan. 
Signakulum Virginitatis, lokalean. 
Zikupa taldeko Ion Alberdi eta Petri, Aitor Bereziartua atzean dutela. 
Joseba Iribar, Ion Alberdi eta Aitor Bereziartua, Donostian, Bukoswky antzokian. 
Ion Alberdi eta Aitor Bereziartua, Donostian, Bukowsky aretoan. 
Standa taldeko Asier Gurrutxaga, Oier Etxeberria, Gorka Alberdi eta Iker Arrazola. 
Os Gallardos taldeko Pello Larrañaga. 
Pako Unanue 'Kinio', 'Luka' Martin, Os Gallardos taldekoak. 
Os Gallardoseko 'Giria' -hala deitzen diote, atzerritarra dela-eta; ingelesa- Jabier Goenaga 'Jazzman'. 
Karlos Otxoa, Xanti Alvarez eta Apeto, Sektor Mierda taldekoak. 
Asier Bereziartua, Eusebio Beloki, Eneko Iribar, Aitor Bereziartua eta Ibon Odriozola, Zilbor Hesteak taldeko kideak. 
Zilbor Hesteak-eko Eneko Iribar, Ibon Odriozola, Asier Bereziartua, Aitor Bereziartua eta Eusebio Beloki. 
Aitor Bereziartua, Eusebio Beloki, Eneko Iribar eta Asier Bereziartua, lokalean. 
L.S. Senghor taldeko Mikel Korta, Azpeitian, Eliz kaleko festetan, 
L.S. Senghorreko Iñaki Errazkin, Mikel Benitez eta Karlos Ibarmia, Azpeitian, Eliz Kalean. 
Iñaki Errazkin, Azkoitiko Gaztetxean. 
Iurgi Zabaleta, Iñigo Epelde eta Edorta Azkune, Azpeitian, Zubiolako erremolkean. 
Xabier Azkune, Haritz Gurrutxaga eta Iurgi Zabala, Eztuk taldearen azkeneko kontzertuan. 
Edorta Azkune, Azpeitiko plazan. 
Txomin Uribe, Pello Larrañaga eta Iosu Aranbarri, Piztiak taldeko kideak. 
Piztiak taldeko Txomin Uribe, Jesus Galan, Iosu Aranbarri eta Pello Larrañaga, taldearen Zero diskorako argazkian. 
Ion Iraeta, Ion Alberdi, Joxemai Larrañaga, Aitor Bengoetxea eta Joseba Iribar, Fundiziyue taldearen azkeneko egunetan 
Ion Iraeta eta Ion Alberdi, Fundiziyue taldearen sorreratan. 
Fundiziyue taldea. 
Oskar Aranbarri, Asier Sustaeta, Iñaki Arrieta eta Ion Aranguren, Ospa taldeko kideak. 
Oskar Aranbarri, Asier Sustaeta, Ion Aranguren eta Iñaki Arrieta, Azpeitan, Amaia tabernan, taldearen lehendabiziko kontzertuan. 
Ospa taldeko Oskar Aranberri, Ion Aranguren, Asier Sustaeta eta Iñaki Arrieta. 
12 tribu taldeko, Pello Uranga, Borja Eizagirre, Imanol Beobide (eserita), Asier Aranguren, Iñaki Olaizola (makurtuta), Ladis Rivas eta Mark Barber. 
Asier Aranguren, 12 Tribuko kidea. 
Zio Hitse taldeko Iker Amenabar, Aitor Bengoetxea eta Iosu Etxezarreta, Azpeitian, Korrale tabernan. 
KK. Zarra taldeko Haritz Guerra, Iñaki Galarraga, Eneko Mantzisidor eta Ismael Benitez. 
Nazkau ez! taldeko Aritz Amezua, Ion Aranguren, Asier Sustaeta eta Eneko Etxeberria. 
Nazkau ez! taldeko kideak. 
Aritz Amezua eta Eneko Etxeberria. 
Iban Amenabar, Oihan Amezua eta Oier Ezeiza Ezineaneko kideak, lokalean entseatzen. 
Oihan Amezua, Iban Amenabar eta Oier Ezeiza, Ezinean taldekoak. 
Aitor Bereziartua, Xuban Elortza, Asier Bereziartua eta Ibon Odriozola, Kilometroak'2000an. 
Aitor Bereziartua, Eusebio Beloki, Gorka Alberdi, Roberto Letona eta Asier Bereziartua. 
Aitor Bengoetxea 'Ondarru', T taldeko kidea. 
T taldeko Aitor Bereziartua eta Ion Iraeta. 
Imanol Beobide, Urrestillako edizio gelan. 
The jets taldeko kideak. 
Karlos Desastre, entseatzen. 
Dj Amsia, emanaldi batean. 
Txalapartariak, Azpeitian, 'Komuntzo' baserriaren atarian. 
Mikel Zendoia eta Oier Aramendi Dj Ulea, Azpeitian, VI. Triku Festan. 
Struktura taldeko Ion Alberdi eta Iosu Azkue, Azpeitian, Korrale tabernan. 
Pablo Ruiz eta Manuel Reyes, Dzart taldeko kideak. 

Talde asko pasatu dira Urrestillako lokaletik, eta gaur ere badabiltza. Gaurkoak, aurrenekoak baino baldintza hobeetan. Denak, musika gosez.

SIGNAKULUM VIRGINITATIS

Urrestillako lehen taldea izan zen Signakulum Virginitatis. 1987an taldeko kide batzuk, Kaka Flash irratiaren inguruan mugitzen ziren eta han sortu zitzaien taldea osatzeko ideia.

Karlos Osoriok herriko Musika Bandan tanborilero lanak egiten zituenez, garbi zuten hura izango zela taldeko baterijolea; Gorka Alberdik gitarra joko zuen, Ibon Odriozolarekin batera; eta Aitor Egigurenek baxua jotzen ikasiko zuen.

Taldea osatuta zeukaten, baina gutxik zekiten garai hartan musika talde batek dituen gora-beherez.

Oraindik ere gogoratzen dira lehen pausoez.

—‘Garai hartan, Perdillegi 2n elkartzen ginen lagunok eta han, norbaitek emandako gitarra espainola batekin, zerbait ikasi nahian saiatzen ginen’.— dio Aitor Egigurenek.

—‘Gainera, Aitorrek bazuen ez dakit noizko bandurria bat eta harekin jarduten genuen’.— dio Ibon Odriozolak.

Hilabete batzuetara hasi ziren iristen lehen musika instrumentuak: baxua, gitarra bere anplifikadorearekin (30w)... Karlos Osoriok bateria erosi zuenean, haren gurasoek zuten garajean hasi ziren, etxean ikasitako apurra partekatzen.

Baina musika jotzeaz ideia handirik ez zeukatenez, zarata ateratzen zuten eta azkar nazkatu ziren Karlosen gurasoak, hango bateri burrundaraz eta bizilagunen kexuez. Hortik hasi ziren Azpeitiko Udalarekin harremanak.

Soreasuko lokal batean sartu-irten bat egin ondoren, Urrestillako lokalera pasatu ziren. Udaltzaingoaren laguntzaz egin zituzten garraio lanak; 14-15 urte zituzten musikari berriek eta inork ez zeukan gidatzeko baimenik.

—‘Buruko ederrak hartu nituen bidaian Land Rover zahar hartan, bateri eta anplifikadore artean’.— dio Aitor Egigurenek hura gogoratzean.

Behin Urrestillako lokalean zeudela, beraien lehen kantak osatzeari ekin zioten. Hasieran amets handiak zituzten, Ibonek esaten duenez:

—‘Helburuak garai hartan? Sex Pistols baino ezagunagoak egitea, zer nahi duzu ba pentsatzea 14-15 urterekin? Gerora, gauzak hobeto ezagutzean, denbora-pasa bihurtu zitzaigun hasierako ilusio hura. Baina hasieran ez, hasieran Eskorbuto edo garaiko beste edozein talde bezain ezagunak izan nahi genuen’.

Ez zuten denbora askoan zain egon beharrik izan lehendabiziko kontzertua emateko. Azpeitiko Gaztetxearen urteurrena zela eta, kontzertua antolatu zuten bertakoek. 1989ko urtarrilaren 5a zen, eta herriko Frontoi Txikian izan zen, Los Bitxos, Los Raros eta Signakulum Virginitatisek berak osatzen zuten egitaraua.

Baina a zer-nolako ezustekoa izan zutena Signakulum-eko taldekideek! Frontoira gerturatu ziren gaueko ekitaldirako soinu frogak egitera eta, bertara iritsi zirenean, frontoia huts-hutsik zegoen: ez eskenatokirik, ez soinu ekiporik; ezer ez zegoen han...

Gaztetxeko arduradunek emandako azalpenek ez zituzten inola ere aldatu gazteen nahigabe aurpegiak.

—‘Beste bi taldeek ezin izan ditek etorri eta, beraz, ez duk kontzerturik izango’.— esan zien antolatzaile batek.

—‘Zer arraio, jo ezazue zeuok gaztetxean! Fruit azkoitiarrari deituko zioagu eta kito!’— beste arduradun batek.

Eta horrelaxe. 1989ko urtarrilaren 5ean izan zen Signakulum Virginitatisen lehen taularatzea; Azpeitiko Gaztetxean.

Ez dute inola ere ahaztu taldekideek kontzertu hura. Ez lehengo kontzertua izan zelako bakarrik. Izan ere, horretaz gain, zaila egingo zitzaien berriro horrelako egoera batean aurkitzea: gaztetxea gainezka zegoen, lagun eta ezezagunez girotuta, eta han, jendartean, Signakulum Virginitatis.

Gaztetxean ez zegoen eskenatokirik, eta jendea gainera etortzen zitzaien, euren eta mikroen artean jarriz, Ibon eta Aitorren kasuan. Lepotik heldu eta animoak emanez Karlosen kasuan. Gorkak ere ez zuen batere erraza izan gitarra jotzea, baina zeukaten ilusioarekin, ez zuten eragozpen askorik topatu. Jo egin nahi zuten eta jo egin zuten.

Guztira, zortzi kanta zituzten: lau abestuak eta beste lauak instrumentalak. Baina kantak motzak izatean eta gaueko talde bakarra izatean, kanta guztiak bi aldiz jotzea erabaki zuten.

Aurrerantzean, hainbat kontzertu jotzeko aukera izan zuten: Azpeitian Landeta auzoan, Ordizian, Lasaon, Zestoan, Donostian, Arrasaten, Lekarozen (horkoa, adibidez, bertako ikastetxeak antolatutako kontzertua izan zen).

Taldean mugimenduak izan ziren. Esaterako, Gorkak taldea uztea erabaki zuen proiektu berriei eusteko, eta haren ordezko bezala, Asier Larrañaga Ragazza azkoitiarra hasi zen. Igor Alberdi ere batu zitzaien; haize lanak egingo zituen. Unai Frantzesena ere batu zitzaien eta, hasieran teklatuari eman arren, bateria jotzen bukatu zuen.

Baina talde askotan gertatu ohi den bezala, hemen ere jende aldaketak taldea indartu beharrean, nahastu egin zuen azkenean.

Ikasketak zirela eta, Ibonek Londresera joan beharra izan zuen, eta nahiz eta hura itzultzean saiatu ziren taldeari eusten, ordurako gar gehienak itzalita zeuden. Signakulum Virginitatis taldea pixkanaka-pixkanaka bukatzen joan zen; proiektu bat bihurtu zen.

—‘Onak ez ginen behin ere izan, eta kontzertuetan gutxiago. Gainera, oso zaila zen garai haietan zuzeneko on bat egitea’.— dio Ibonek.

Signakulum Virginitatisek argitaratutako lanak:

.1991. urtean, Kaka Flash irratiak plazaratu zuen KK 91 maketarako hiru abesti prestatu zituzten.

.1993. urteko uztailean plazaratu zuten euren lan bakarra, Laister izenekoa, IZ estudioetan grabatua, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Taldearen apusturik garrantzitsuenetakoa izan zen. Garaiko 300.000 pezetako aurrekontua zuen, eta taldekide guztiak ikasleak izanik, nahiko lan izan zuten diru guztia pilatzen. Nola edo hala diru dena bildu eta bi egun luzeetan gauzatu zuten lan guztia. Banaketa, berriz, beraien eskutik egin zuten. Herriko eta inguruetako tabernetan ateratako ale guztiak laster batean saldu ondoren, hasieran inbertitutako dirua enpaztea lortu zuten.

Musika estilo ezberdinetako sei kantaz osatutako lana zen Laister:
Sunor.
87. zelda.
Usaina.
Laister.
In Nomine.
Cise Kiri.

Gaur egun, taldeko inork ez du musika munduari lotuta jarraitzen, hasierako laukote hartatik behintzat (Ibon, Karlos, Aitor eta Gorka).

Ibon gero, Zilbor Hesteak taldean aritu zen, eta geroago Tiobibo taldean beste urte eta erdian ibili zen, baina lan arazoak medio, utzi beharra izan zuen.

Karlos, berriz, Ospa taldean baxulari modura ibili zen, taldeak jotzeari utzi zion arte.

Gorkak taldea uztea erabaki zuenean, Standa sortu zuen, eta hori ere bukatzean, Azkoitian Matadeixen segitu zuen proiektu berriekin.

Unai Frantzesena, Ibonekin batera, Zilbor Hesteak taldean ibili zen denbora batean. Gaur egun, Kepa Junkeraren laguntzaile taldean dabil, txalapartari eta perkusiolari.

Ragazzak urte askoan musika alboratuta izan zuen arren, gaur Segabathor taldearekin jotzen du Zubi-zarreko lokaletan.

ZIKUPA

Urrestillako lokaletako lehen belaunaldiko taldea izan zen Zikupa; Standa eta Uztauek-in batera, Signakulum Virginitatisek estreinatu berria zuen lokalean sartzen aurrenetakoa. Taldea sortzeko ideia bera ere, Signakulumen aurreneko kontzertuan sortu zitzaien. Aspalditik buruari buelta asko ematen ari baziren ere, Azpeitiko Gaztetxeko kontzertu hark izugarrizko inbidia eman zien, eta orduan jaso zuten azkeneko bultzadatxoa. Ion Alberdik (Signakulumeko Gorkaren anaia zaharra), Joseba Iribar Irimo-k eta Aitor Bereziartua Atxuiya-k elkarri begiratu eta beraiek ez zirela gutxiago esanez ekin zioten taldea sortzeari.

Haiek ere aurretik, musika irratitik baino ez zuten ezagutzen eta, beraz, nahiko lan izan zuten hasiera aldean.

Alberdi saiatu zen anaiari kendutako paper batzuekin, baina azkenean Amaia Garmendiarengana jo zuen gitarra ikastaroak jasotzera. Ondoren, han ikasitakoa Irimori erakusten ahalegintzen zen.

Aitor Atxuiyak berak dioenez, gitarrak okupatuak ikustean eta bateria konplikatuegia zela pentsatuta, baxularia izatea erabaki zuen.

.1989. urteko udara zen eta Ion Alberdi udaleku batzuetan begirale lana egitera joan zen. Bertan ezagutuko zuen gero taldeko baterijolea izango zena: Petri andoaindarra.

Petrik ez zion taldera batzeko gonbiteari uko egin eta udalekuak bukatu orduko, astero-astero larunbatetan goizeko hamar eta erdietan han izaten zen entseatzeko prest Urrestillako lokaletan.

Taldea abian jarri eta lehenengo lana Kaka Flashen proiektuan parte hartzea izan zen. Horretarako, hiru kanta prestatu zituzten.

—‘Maketa hura gauzatuta ikusteak, taldeko partaideoi izugarrizko indarra eman zigun’.— dio Aitor Atxuiyak.

—‘Zikupa garaia, ikasteko garaia izan zen. Gu, ideiarik gabe hasi ginen eta Jotakie taldeko jendeari esker, instrumentuak jotzen ikasi eta maketak grabatzeko gai ginen. Garai haiek, norberak musikagatik zer nahi zuen eta zer ez jakiteko balio izan ziguten’.— esanez jarraitu du Atxuiyak.

Lehen kontzerturako ere ez zuten denbora askorik zain egon beharrik izan: urte bereko Santo Tomas jaietan Azpeitiko Institutuan antolatutako musika jaialdian, lokaleko beste talde guztiekin batera jo zuten (Signakulum Virginitatis, Standa eta Uztauek-ekin).

Lehenengo ekitaldia berezia izan zen, ez zeudelako taldekide guztiak. Atxuiyak, Arrasaten azterketa zuela eta, ezin izan zuen kontzertura azaldu eta, haren ordez, Signakulum taldeko Ibonek hartu zuen baxua. Aldaketaz ez zen inor ohartu; hala diote beraiek, behintzat.

Baina ez zen taldearen ekitaldi berezi bakarra izan. Esaterako, Iturengoa ere berezia izan zen, 1990eko urtarrilaren 5ean. Hasieran, istripu batengatik, gauzak oker hasi ziren arren, Iturenera iristean zuzendu ziren, bertan benetako izar sentitu ziren eta.

Izan ere, Nafarroako herri hartan antolatu zuten lehenengo rock kontzertua zen 1990eko hura eta Zikupakoekin Rolling Stones-ekoak balituzte bezala portatzen ziren. Iturendarren tratua bikaina izan zen kontzertuan baina bitxiena gero gertatu zen: afaltzen ari zirela, han agertu zitzaizkien hainbat iturendar autografoak eskatuz.

Karlos Osorio (Signakulum) laguntzaile joana zen Iturenera eta hark egin zituen manager lanak... Honela esaten zien jarraitzaileei bere euskara mugatuan:

—‘Orain ezin dute, afaltzen ari dira...’

Izugarrizko hotza egin arren, eskenatokira pijama jantzita igo ziren, baina ez zuten hotz handirik pasatu, barrutik ondo berotuta zeudelako... Ekitaldia, Kanka Lesakako taldearekin banatuta zuten.

Kontzertua bukatu, herrian parranda pixka bat egin eta bertan eskaini zieten ostatu batera erretiratu ziren, egun hartako historiari bukaera emanez.

Beste kontzertu bitxiren bat aipatzean, ezin ahaztu Azpeitiko zezen-plazan eskainitakoa. Bertan kontzertua eman duen talde bakarretakoa da Zikupa.

Kontzertua, DYAk antolatutako jai batean izan zen eta El Frente Espainiako taldearekin batera jo zuten. Espainia aldean asko entzuten zen El Frente eta Los 40 principales irratiko saioan arrakasta zuen. Hiru mila lagun espero zituzten zezen-plazan baina 40 sarrera baino ez ziren saldu, eta erdiak —guztiak ez esateagatik— Zikupako taldekideen lagunek eta adiskideek erositakoak; Zikuparen kontzertua bukatu ondoren, gainera, zezen-plazatik kalera irten zuten.

Bizitza osoan telebistan soilik ikusi ahal izan zuten soinu-ekipo ikaragarria zeukaten prestatuta Zikupakoek han, kamerino eta guzti. Gero, errealitatera itzultzean, 40 watioko anplifikagailuarekin topatzen ziren berriro.

Baina denborarekin, egoera hobetzen joan zen. Lokalean bertan, talde guztien laguntzarekin, material hobea inguratzen joan ziren, guztiek erabiltzeko.

Laster iritsi zen Zikupakoen lehendabiziko maketa, beti ere Jotakieko jendearen laguntzarekin. Lau pistako aparatu batekin grabatu zuten. Gaur egungo soinuarekin alderatzerik ez dagoen soinua zeukan, baina maketa hark taldeari suposatzen ziona ezin da erraz adierazi.

—‘Guretzat ikaragarria zen. Han egoten ginen autoan sartuta, irratian geure kantak entzun eta entzun. Ez genuen sinesten egiteko gai ginen guztia’.— dio Ion Alberdik.

Orduan Zikupako partaide batzuk bide berriak jorratzen hasi ziren. Aitor Atxuiyak, esaterako, baxua jotzea baztertu gabe, grabazio munduan muturra sartzeari ekin zion. Horrela, taldearen hurrengo lanak hark grabatu zituen.

Taldea sendotuta zegoen, bi maketatan parte hartuta eta beste pare bat bereak zituen. Horrez gain, kontzertuak ere nonahi zituen.

Baina Petrik, lan arazoak medio, taldea utzi beharra izan zuen. Aitor Atxuiyak ere, proiektu berriei eusteko, taldea uztea erabaki zuen.

Orduantxe deitu zieten Egin Txotx lehiaketatik. Aste batzuk lehenago bidali zuten beraien azken lana hara eta aukeratua izan zen. Bilbon izan zen ekitaldia eta hiru mila lagunen aurrean eman zioten taldeari merezi zuen bezalako bukaera.

Entsegu asko ordura arte, kontzertuak, eta pasadizoak ere bai. Alberdi ondo gogoratzen da haietako batez:

—‘Behin, hasiera aldera, 1992an hain zuzen, 'Egunkaria'-ko azken orrialderako elkarrizketa egin zidaten. Bertan erantzun nuen pare bat kortzertutan mikroa hortzekin jo eta hortza hautsi nuela bi aldiz, eta 'Egunkaria'-koek zer eta artikuluaren titular bezala horixe erabili zuten’.— Eta bi hortz berriak erakutsi ditu Alberdik.

—‘Benetako anekdota, ordea, urte batzuetara gertatu zen. 2000. urtean, neskaren etxean nengoela, neskaren ahizpa etorri zitzaidan, ikastolako testu liburu batean agertzen nintzela esanez! Euskarako testu liburu batean ageri zen 1992ko 'Egunkaria'-ko elkarrizketa hura, argazki eta guzti, alboan ariketak zituela...’

Aitor Atxuiya, berriz, hasierako garai haietan alboko etxean bizi zen familiaz gogoratzen da:

—‘Haiek beti gure alde irteten zuten. Udaletxeko langileak etortzen zirenean, arazo nagusia gure zaratak izaten omen ziren eta Urrestillako jendearen kexak zeudela zioten. Baina alboko bizilagunek hori ez zela horrela esatean, argudiorik gabe geratzen ziren udaletxekoak’.

Baina urte gutxira bizilagun haiek etxez aldatu zuten; horrek ere zerbait esan nahiko du...

Zikupak argitaratutako lanak:

.1991n Zikupak ere KK 91 maketan parte hartu zuen, eta bertarako hiru kanta prestatu zituen.

.1993an beste maketa konpartitu bat atera zuten: Irten-bidea.

Lan hori izan zen taldeak gehien zabaldu zuena, nahiz eta kopiak beraiek etxeko dorre musikaletan egin banan-banan.

.1994. urtean, beste bi lan prestatu zituzten. Aitor Atxuiyak berak, Urrestillako lokalerako erosi berria zuen grabatzaile batekin ahal zen moduan grabatua. Baina ez zituzten kanpora zabaldu, beraientzat gorde zituzten kopiatutako ale guztiak.

Guztira, 25 abesti inguru utzi zituzten, euren ibilbidea bukatu aurretik.

Maketaz gain, ordea, Zikupak badu bideoklip bat. Andoainen Irudia eta Soinua ikasten zebilen Izaskun Azpillaga eta bere azken proiekturako, Zikuparekin Sabin izeneko bideoklipa grabatu zuen. Zikuparen historian, azpimarratu beharrekoa da Jotakie taldekoek izan zuten jarrera irekia: zekiten guztia Zikupakoei eta Urrestillako lokaleko beste guztiei erakusten zieten.

Adibidez, KK 91 maketa, Luka Martin baxulariak grabatu zuen. Horretaz gain, lokalean hasiberriak ziren baxulari guztiei erakutsi zien baxua jotzen.

Zikupa taldearen Irtenbidea lana, berriz, Jotakieko Pello Larrañaga baterijoleak grabatu zuen. Sei pistako grabagailua zeukan eta, lan hori eta beste asko grabatzeaz gain, Aitor Atxuiyari honek hasiberria zuen ibilbidean asko lagundu zion, esperientzi guztia erakutsiz.

Manolo Aizbitarte gitarrajoleak KK 91 lanaren ondoren, talde berrien berri izan zuen, eta pare bat urtean musika alboratuta izan eta gero, Zikupa taldeko partaide batzuekin proiektu berriei heldu zien.

Bilbon kontzertu erraldoi hura eman ostean, Zikupa hiru talde ezberdinetan banandu zen. Alberdik eta Irimok Zikupa bukatzean, Fundiziyue sortu zuten eta 2004. urteko hasiera arte jarraitu zuten: Alberdik proiektu berriei heldu zien eta Irimok, musika jotzea utzi arren, Triku Musika Elkarteko diruzaintza hartu zuen.

Petrik ere urte batzuk geroago izan zuen beste talde bat Irun aldean, baina denbora-pasa bezala.

Aitor Atxuiyak, berriz, Zikupa taldea uztean, Fundiziyuen egonaldi bat egin ondoren, Manolorekin batera Messias Berriak taldea sortu zuen. Horretaz gain, Asier anaia gaztearekin Zilbor Hesteak taldea sortu zuen. Baina, lehen aipatu bezala, musika jotzeaz gain, grabatzeari ekin zion Aitorrek, pixkanaka material hobea eskuratuz.

STANDA

Oier Etxeberria Ministro-k eta Iker Arrazolak ere betidanik nahi izan zuten euren taldea edukitzea. Eta 1987. urtean erabaki zuten asmo horri gogoz heltzea.

—‘Ez ginen izan sekula taberna zaleak, eta musikak jendearekin harremanetan egoteko asko balio zuen’.— esaten du Ministrok.

Haiek ere, beste guztiek bezala, gogoa handiagoa zuten beste ezer baino gehiago, baina denbora gutxira hasierako hutsuneak betez joan ziren.

Arrazolak bateria joko zuen, Minik gitarra, eta baxulari beharrean zeudenez, Signakulum taldeko Gorkari proposatu zioten postu hori har zezan.

Hard core musika inork gutxik lantzen zuten garai haietan, eta aurrenetakoak izan ziren Standa taldekoak, nahiz eta hasieran punk doinuak lantzen zituzten.

—‘Orduantxe hasi ziren talde berriak sortzen hard core lantzen: BAP, Eskonbro, Anestesia eta horrelako taldeak. Guk ahal zen azkarren jotzen genuen, ahotsa ezin zela ulertu, inolako estribillo errazik gabe’.— dio Arrazolak.

Nahiz eta lehen pausoak Oierren gurasoen ganbaran egin zituzten, berehala inguratu ziren Urrestillara entsegu lokal bila, Singnakulum eta Zikupakoak ezagunak zituztelako.

Lokalean sartu eta berehala, beraiek ere gonbidatuak izan ziren Azpeitiko Institutuan antolatutako ekitaldira, lokaleko beste talde guztiekin batera.

‘Pikutara’ izena jarri nahi zioten taldeari baina beste talderen bat bazegoen izen horrekin eta Sobredosis de lentejas izenarekin duda izan ondoren, azkenean Standa jartzea erabaki zuten.

Lehen kontzertu hartan —eta ondorengo zenbaitetan— hirukote bezala aritu ziren arren, laster elkartu zitzaien taldera Asier Gurrutxaga Gurru abeslari bezala. Taldea osatuta gelditu zen.

Minik aipatu bezala, harreman ezberdinak sortzeko balio izan zien musikak Standa taldeko kideei. Batez ere, Euskal Herriko gaztetxeetan. Azpeitiko Gaztetxetik bertatik hasi, Azkoitikora ondoren eta horrela Euskal Herriko garaiko gaztetxe gehienetan izan ziren.

Aretxabaletakoa da horren adibide. Skanbila taldearekin eskaini zuten emanaldia eta horrela gogoratzen dute taldekideek bertan gertatutakoa:

—‘Gu han geunden bazter batean, lasai-lasai, eta hor azaldu ziren beste taldekoak egundoko itxura punkiarekin, gogor-gogor. Baina taula gainera igo ginenean aho zabalik laga genituen. Hau da, lasai egotetik egurra ematera pasatu ginela...’— dio Ministrok.

Taldeak 20 kontzertu inguru eman zituen bere ibilbidean. Urrutien, Nafarroan, Vianan, Uztauek taldearekin. Azkena, beharbada, Azkoitian.

‘Beharbada’, bai, taldekideak ez daudelako seguru noiz izan zen azken kontzertua, taldea ibilbidea eraldatuz joan zelako. Harreman estuak sortu ziren taldearen eta Azkoitiko Matadeixen artean eta pixkanaka taldea bertara egokitu zen; denborarekin, Akauzazte taldea sortu zuten.

Gaur egun, taldekideek ez dute galdu musikarako zaletasuna eta hor dihardute talde batzuetan.

Arrazolak ez dio inoiz bateria jotzeari utzi; Akauzazten aurrena eta gaur egun, Atanasia taldean.

Gorka Alberdi, Standan ez ezik, Sektor Mierda taldean aritzen zen. Urte batzuetan musika mundutik alboratuta izan bazen ere, 2004an Struktura taldearen sorreran parte hartu zuen, Ion anaia zaharrarekin batera.

Gurruk ere, taldea desegin ondoren, denbora asko egin zuen musikatik aparte, baina itzultzeko aukera izan zuen 2003an, Auzoko Preskuek taldeko abeslari bezala.

Minik beti segitu izan du gitarrari lotua, talde batean ez bada, bestean.

Standak argitaratutako lanak:

KK 91 maketan hiru kanta ipini zituzten.

Akauzazte taldearen lehen maketan ere Standaren hiru abesti sartu zituzten.

Beraien lanik argitaratu ez bazuten ere, badituzte grabatutako kanta batzuk; bai Urrestillan grabatuak, baita Matadeixen grabatuak ere.

OS GALLARDOS

Os Gallardos, Jotakieren inguruan sortutakoa da. Musika talde bat baino gehiago, musika maite duten lagun kuadrila da.

Jotakie taldearen Azautze baserriko musika lokalean hasi ziren beraien lehen bilerak egiten, baina hori bai, beti ere denbora-pasa gisa eta ondo pasatzearren.

Jotakieko Joxe Antonio Elortza, Pello, Luka eta Manolo, Pako Unanue Kinio eta honen anaia Juan Andres, Jabier Goenaga Jazzman, Juan Manuel Aparicio Makoke, Jesus Albizuri Txakos, Fraka italiarra... Garai hartan musika instrumenturen bat jotzen zekien edonork osatzen zuten Os Gallardos.

Rock & roll, jazz, blues eta beste musika mota guztietako bertsioak jotzen zituzten.

—‘Peret-en kantuetatik hasi eta Rare Heart-en kantak jotzeraino iritsi ginen’.— dio Kinio abeslariak.

—‘Bai, baina beti runbak jotzen bukatzen genuen’.— gehitu dio Jazzman gitarrajoleak.

Hasiera hartan, taberna batzuetan jotzeko aukera izan zuten. Berezitasun bezala, Albin Lee ezagunarekin emandako ekitaldiak aipatu behar dira. Gitarrajole ezagunaren managerrarekin topo egin ondoren, honek asteburu baterako bi ekitaldi eskaini zizkien Os Gallardosekoei. Ostiralean Nafarroan, Zarrakaztelun, eta larunbatean Itziarren, Txitxarro dantzalekuan.

Lehen harremanak, dena den, ez ziren izan beraiek nahi bezain onak. Izugarrizko ekipoa prestatuta bazuten ere, Albin Leeren taldekideak ez ziren gai izan Os Gallardosekoei beraien ekipoa uzteko.

Os Gallardoseko gitarrajoleak 30 watioko anplifikagailu txikia zuenez, hasiera batean nahikoa lan izan zuten entzuteko. Baina mahaiko teknikariak ondo portatu ziren eta gitarra zuzenean mahaira konektatu ondoren behintzat, besteena bezain ozen entzun ahal izan zen Os Gallardosen kontzertua.

Baina nolako ezustea hartu zuten ondoren: Albin Leeren taldea eskenatokira igo eta berehala, baterijoleari partxe bat hautsi zitzaion lehen kantaren erdian. Une horretan, haiek zeuden material beharrean, baina Pellok ez zuen zalantzarik izan bere bateriaren kaxa uzteko.

Bi ekitaldiak bukatzean, Albin Leek berak barkamena eskatu eta bere kamerinora gonbidatu zituen, benetako adiskide bezala portatuz.

Denbora batean, taldea pixka bat alboratuta izan bazuten ere, gerora Pellok berriro taldeari eustea erabaki zuen. Orduan, Urrestillako musika lokaletan hasi ziren eta blues talde baten itxura hartu zuten.

Hasierako jende pila hartatik, taldeko partaideak finkatuz joan ziren. Batzuk pixkanaka taldea uzten joan ziren, baina beste batzuek oraindik hor jarraitzen dute; Pellok, Pakok, Jazzmanek eta Lukak, hain zuzen.

Dena den, oraindik lokalean ikus daitezke taldeko partaide ohiak, musika zaletasuna ezin baztertuta beraien instrumentuei hautsak astintzen.

Taldearen bigarren zatian ere izan dituzte gogoratzeko kontzertu batzuk. Batzuk aipatzekotan, bat, Azpeitian Oñatz tabernan, Triku Festaren barruan, Karidadeko Bentak taldearekin emandako kontzertua; orduan Iosu Zubizarreta Galtxa gitarra-lagun izan zuten. Beste kontzertua, Azkoitiko plazakoa, Gari abeslari famatuarekin batera.

Pellok bere grabagailuarekin hainbat entsegu grabatu izan baditu ere, ez dute oraindik euren lanik kaleratu.

SEKTOR MIERDA

Azpeitiko Gaztetxeko kontzertuetan piztu zitzaien musikarako zaletasuna Sektor Mierda osatu zuten gazte taldekoei.

.80. hamarkada bukaeran, hamaika ekitaldi izaten ziren herriko Gaztetxean eta, pare bat aldiz inprobisatzera igo ondoren, euren taldea sortzea erabaki zuten.

Lokala eskuratu berria zen garaian, Alberto Aizpuru Apeto izan zen lokala eta talde berriaren arteko zubi lanak egin zituenak, lehendik Uztauek taldean aritzen zelako.

Apetok baxua, Justo Zuazolazigorragak bateria, Gorka Alberdik gitarra, eta Karlos Otxoak eta Xanti Alvarez Tutxo-k ahotsak. Hori izan zen taldearen egitura nagusia, nahiz eta gero aldaketaren bat egon; baterijolean, hain justu.

Urte haietan indar handia izan zuen punk mugimenduak eta Sektor Mierdakoek ere doinu zakarrak eta arazo sozialen inguruko hitzak erabiltzen zituzten euren kantetan.

Garaiko boom hark bultzatuta, Azpeitiko eta inguruetako gaztetxeetan, Sektor Mierda taldearen doinuak zabaldu zituzten.

Taldeak inolako lanik argitaratu ez bazuen ere, urte batzuen bueltan taldea elkartu egin zen berriro, garaiko kanta zaharrei heldu eta diskoa grabatzeko asmoz. Ez zuten atera.

ZILBOR HESTEAK

Zilbor Hesteak taldea 1994an sortu zuten, Urrestillan bertan. Aitor Atxuiyak Zikupa taldean baxua jotzen zuen eta gitarra jotzen ikasi nahi zuen. Aurretik beti jardun izan zuen Eneko Iribar Morgan-ekin talde bat sortzeko asmotan, eta horrela heldu zioten proiektu berriari, Zilbor Hesteak sortzeari. Morgan bera ere bateria jotzen ikasten hasia zen Urrestillako lokaletara joaten zen bakoitzean.

Bi lagunak euren instrumentuekin hasiberriak zirenez, Aitorren anaia Asierri (Atxuiya2) proposatu zioten ea baxua jotzen ikasi nahi al zuen, eta honek ez zion uko egin gonbiteari.

Abeslari bezala Eusebio Beloki hautatu zuten. Eusebioren betiko ametsa izan zen talde bateko partaide izatea eta hori ondo zekien Morganek.

Taldearen izena, Morganen ideia izan zen.

—‘Hor etorri zen Morgan, ‘Zilbor Hesteak‘ izena jarri behar geniola esanez, gure musika gure barnetik, gure zilbor hesteetatik irteten omen zela eta ez dakit zenbat paranoia. Guk ezin esan ezetz baina gerora ohartu ginen Donostialdean ere bazela izen bereko beste talde bat, eta noiz edo noiz nahasmena ere sortu izan zen bi taldeon artean’.— gogoratzen du Eusebiok.

Aurreneko asteetan bigarrengo gitarrajole bezala Abel aritu zen. Segituan, ordea, Iosu Galtxak ordezkatu zuen. Galtxak ere hilabete batzuetara taldea uztea erabaki zuen, baina. Izan ere, hari blues musika gehiago gustatzen zitzaion eta Zilbor Hesteak taldeak pop doinuak gehiago lantzen zituen.

—‘Beti musika zelebrea jorratu izan dugu eta jende askori ez zitzaion gustatzen. Beti konparaketaren bat egiten zuten; M-ak, Ama Sai eta horrelako taldeekin konparatzen gintuzten’.— dio Asier Atxuiya2k.

—‘Bai. Egia esan, barrutik irteten zitzaiguna jotzen genuen baina rock-pop edo indy-pop lantzea nahi izan arren, azkenean nahasketa ‘patatero‘ bat irteten zitzaigun eta ‘silo-pop’ deitzen genion gure musika motari’.— gehitu dio Eu-sebiok.

Iosu Galtxak taldea utzi eta denbora batera Ibon Odriozola (Signakulum taldekoa) elkartu zen taldera, hark utzitako postua betetzeko.

Zilbor Hesteak taldeak ez zeukan helburu zehatzik, beraiek diotenez. Garai haietan taldea izateak berak bakarrik asetzen zituen kideak, eta euren abestiak grabatu ahal izateak, gainera, morala ikaragarri altxatzen zien. Horretaz gain, urtean laupabost kontzertu emateko aukera izanez gero, mutilak zoratzen.

Horrela, haiei ere iritsi zitzaien lehen kontzertuak emateko aukera. Aurrena Legazpin, eta berehala Azpeitiko plazan, karnabaletan. Oraindik ondo gogoratzen da Eusebio Beloki egun horretaz: egun osoan tabernan lana egin zuen eta Erdi kalean gora plaza aldera leher eginda joan zen, kontzertua ematera.

—‘Nik ere ondo gogoratzen dut egun osoan parrandan pasatu ondoren nola iritsi ginen plazara. Zer eta nola jo genuen ez galdetu, askotan gertatzen zitzaigulako kontzertu bukaeran ez genekiela nola pasatu zen guztia’.— esaten du Asierrek.

Ez ziren, ordea, kontzertu guztiak horrelakoak. Taldeak ikusleak bereganatzen ere bazekien, eta horren adibide argiena, Durangokoa izan zen.

Inpresio ona utzi izango zuten Durangoko emanaldian. Izan ere, handik pare bat urtera, taldeak dagoeneko bere bidea bukatutzat joa zuenean, Eusebiok telefono dei bat jaso zuen. Deia Durangotik zetorren, beste jaialdi bat antolatzen ari zirela eta Zilbor Hesteak-en aurreko ekitaldiaz gogoratuta, ea berriro bertan joko al zuten.

Hainbat herritan ibili ziren emanaldiak eginez: Ormaiztegin, Donostian Bukowsky aretoan, Aretxabaletan, Urretxun, Zestoako Gaztetxean izugarrizko beroa egiten zuen udarako egun batean, eta beste hainbat lekutan.

Berezienetakoa, baina, Azkoitian Matadeixen eskainitakoa, Lin Toun Taun Zestoako taldearekin batera. Bereziena baino gehiago, bitxiena esan behar. Izan ere, taldekoek ekitaldia mozorrotuta eskaintzea erabaki zuten: bat behiz, bestea telebistako aurkezlez eta horrela guztiak; guztiak ez, Eusebio ez zetorrelako bat ideiarekin eta ez zelako mozorrotu. Ekitaldiak hasi behar zuenean, Eusebio eskenatokira igo beharrean jende artean gelditu zen, taldekideak lehen kanta jotzeko prest zeudela. Mikrofonora abeslaririk ez zela azaldu eta taldekideek galdetu zuten ea inor ausartzen al zen abesten, eta orduan agertu zen Eusebio; hori bai, mozorrotu gabe.

Eusebioren lan arazoak eta Ibonen ikasketak zirela eta, taldeak bere bidea bukatutzat jo beharra izan zuen. Azkeneko kontzertua Azpeitiko plazan eman zuten, 1997ko uztailaren 25ean, Santio egunez. Ekitaldi hartan, Zilbor Hesteak taldearekin batera, Messias Berriak aritu zen; Aitor Atxuiyak gau hartan bi taldeokin jo zuen.

Zilbor Hesteak-ek argitaratutako lanak:

Lokaleko beste hiru talderekin batera kaleratu zuten euren lan bakarra. Beraiek ekoiztua eta beraiek banatua. Lau abesti ipini zituzten.

Beste zenbait kanta ere grabatu zituzten baina ez zituzten inoiz kalera atera.

.L.S.SENGHOR

.1991 aldera eskolan zebiltzala etorri zitzaien taldea sortzeko gogoa. Mikel Benitez Beni eta Mikel Korta lagunek behin eta berriz hitz egin ondoren erabaki zuten lanean jartzea.

Beniren ganbaran hasi ziren lehen instrumentuak astintzen. Hark gitarra bat erosi zuen eta kaxa zahar batzuekin Kortak bateri lanak egingo zituen.

Karlos Ibarmia laguna ere berehala batu zitzaien. Bigarren gitarra bezala ariko zen hura baina taldeak baxularia behar zuen. Egoera hartan zeudela, postu hura betetzeko edonori proposatzea erabaki zuten eta orduantxe bertan Azpeitian Landeta auzoko jaiak zirenez, nahiko aukera izan zuten lagun egokia aukeratzeko. Bertan Iñaki Errazkinekin topo egin zuten. Ezaguna zuten bere anaiaren bitartez eta, musika zaletasunez hitz egin ondoren, taldeko baxularia izatea erabaki zuen Errazkinek.

Baina hasieratik argi zuten bezala, ezinezkoa zitzaien aurrera egitea, lokalik ez bazuten aurkitzen behintzat. Hala, taldea egituratuta zela, Urrestilla aldera jo zuten lokal bila.

Garaiko Urrestillak, ordea, ez zituen gaur egungo gune eta baldintza berak. Orduan lokalak beheko solairuko gela baino ez zuen egokituta, goiko solairuak barnetegiko ikasleentzat gordeta zeudelako. Udaletxera hainbat buelta egin ondoren, azkenean lortu zuten Udalaren baiezkoa goiko solairuak erabili ahal izateko, nahiz eta udara parterako gela hustu beharra izan.

Horrela izan ziren taldearen aurreneko harremanak lokalarekin.

Musika mota, berriz, zarata. Hori diote Errazkinek eta Kortak, garbi esan ere:

—‘Zarata. Guztiek hori esaten ziguten gu entzun ondoren, eta onartzen dugu’.

Karlosek, berriz, terapia modura deskribatzen du:

—‘Ez dakit zer motako musika landuko genuen baina seguru nago lauroi behintzat, terapia bezala lagundu zigula. Deskargatzeko balio zigun. Kontzertu eta entsegu guztietan leher eginda eta hustuta bukatzen genuen’.

Taldearen izena ere ikasle garaitik datorkie, Errazkinek dioen bezala:

—‘Izen baten bila genbiltzan eta orduantxe ikastetxean Gizarte klasean L.S. Senghor delako baten bizitza aztertzen ari ginen. Izen hark bazeukan erakargarri egiten zuen zerbait eta askoz gehiago pentsatu gabe horixe jartzea erabaki genuen’.

—‘Gerora tipo haren bizitza gehiago ezagutzeko aukera izan genuen eta, egia esan, ez zuen goraipatzeko ezer egin, baino ordurako denbora pixka bat bageneramanez, izen ho-rrekin segitzea erabaki genuen’.— gehitu dio Karlosek.

Laster heldu zitzaien lehen kontzertuak emateko aukera. Aurrena Urrestillan, eta gero Azpeitian, Eliz kaleko festetan.

Lehenengo kontzertu guztiak bezala, Eliz kalekoa ere berezia izan zen taldekideentzat. Izan ere, nahiz eta hasieran non jo zalantzan izan (Eliz kalean bertan edo ondoan, Gaztetxean) azkenean Azoka Plazatik mahai batzuk hartuta Eliz kalean jo zuten, Eztuk taldearekin batera.

Baina ez zuten ekipo egokirik eta, ahotsa entzuteko, aurretik aritu zen trikitilariari eskatu zioten. Auskalo zer ulertu ote zuen hark, baina utzi zien. Jotzen entzun arte. Tragoa hartzen zegoen tabernatik builaka irten zuen. Bere ‘anplia’ ez zela horrela erabiltzeko eta ea zer uste zuten. Besterik esan gabe, bere aparatua hartu eta ospa egin zuen trikitilariak. Gauzak horrela, L.S. Senghorrekoek mikrofonoa ahal zuten bezala zerbaiti konektatu eta nolabait bukatu ahal izan zuten lehen kontzertu hura.

Ezusteko hartaz aparte, benetan esperientzi positibotzat dute gau hura taldekideek.

Denbora batera, Aitor Atxuiyaren grabagailu berria zela-eta euren kantak grabatu ahal izan zituzten. Hain zuzen, lan hura Eztuk eta Salario Minimo taldeekin batera argitaratu zuten.

Haiek izan ziren taldearen garairik onenak; kontzertu gehienak orduan izan zituzten. Herritik kanpora ere jo izan zuten tarteka: Pasaian Moganbo areto ezagunean, Lesakan, Zestoan, Azkoitian... Azken hori, Azkoitiko Gaztetxean eskainitakoa, bereziki gogoratzen dutena da. Beste kontzertu gehienak edo denak bezala, hura ere Eztuk taldearekin batera eman zuten.

—‘Jende ugari inguratu zen Gaztetxera. Gu geuk ere ekitaldi bikaina eskaini genuen eta bukaerarako sinetsi egin genuen talde ona ginela’...— esaten du Karlos Ibarmiak, barre artean.

—‘Nik ere izugarrizko oroitzapen onak ditut. Bertako irudiak etortzen zaizkit burura eta eskenatokiko aurrealdean zer mugimendu izan zen gogoratzean, bua!’— gehitu dio Errazkinek.

Hala ere, pasadizoren bat aipatzean, Azkoitiko Profesionalean emandako kontzertua aipatzen dute.

Ikastetxeko jai eguna zela-eta Eztuk taldearekin batera jolaslekuan ipinitako eskenatokian aritzekoak ziren. Izugarrizko beroa zegoen egun hartan, bateriaren txapak ere erretzen zeuden, eta ez zen inor gai izan eskenatokiaren aurrean egoteko.

Horrela dio Errazkinek:

—‘Ikaragarria zen, itzalik gabeko jolasleku hartan ez zegoen egoterik. Beti Eztuk taldekoekin jotzen genuen eta, gutxienez, haiek beti egoten ziren gure ekitaldia ikusten baina egun hartan haiek ere ezin izan zuten jasan. Deshidratatuta bukatu genuen’.

Gerora bi taldeak taberna batean elkartu ziren, irabazitako diruarekin nolako ‘anplia’ erosiko zuten adosteko. Baina ez zuten leku egokia aukeratu horretarako; kontzertu egunean bezala, bero izugarria egiten zuen eta elkartuta zeuden bitartean, garagardo batzuk eskatu zituzten, gero beste batzuk, gero beste batzuk, eta horrelaxe, diru guztia bukatu zitzaien arte.

Kontzertu berezienak haiek izan baziren, azkena herriko plazan eskainitakoa izan zen, Su Ta Gar taldearekin batera.

Denbora batera, Beni lan arazoengatik ezin iritsita zebilen taldeko erritmora eta azkenerako albo batera utzi beharrean egon zen.

Ordutik taldea Zubi-zarreko lokalean aritu izan da entseatzen, batzuetan besteetan baino gogo handiagoarekin. Bukaera behintzat, ona eman zioten, Su Ta Garrekin.

L.S. Senghorrek argitaratutako lanak:

Eztuk eta Salario Minimo taldeekin batera, Aitor Atxuiyak ekoiztutako maketa bat kaleratu zuten. Bertan lau kanta sartu zituzten.

EZTUK

—‘1992ko udaran, Andoni eibartarrari bere gitarra elektriko berria ikusi ondoren piztu zitzaigun taldea osatzeko grina. Ordura arte, talde hasiberri gehienek bezala, musika irratitik baino ez genuen ezagutzen’.— dio Iñigo Epeldek, taldeko gitarrajole eta abeslariak, taldearen sorrerari buruz hitz egitean.

Nahiz eta izugarrizko txistu hotsa izan, ez zuen denbora askorik behar izan hura erosteko eta Aitor Bastida Ugasti-rekin batera elkartzen hasi zen, honen gurasoek zuten garajean. Bikoteari Edorta Azkune, Iurgi Zabaleta eta Haritz Gurrutxaga Haritzo batu zitzaizkien.

Edortak bateria, Epeldek, Iurgik eta Ugastik gitarrak, eta Haritzok baxua, hori zen taldeak hartu zuen itxura. Nahiz eta zenbait musika estilo jorratu izan dituzten, taldekide guztiek garbi dute hasieran Metallika soilik zutela gustuko, eta euren bertsio ugari landuz hasi ziren taldeari itxura ematen.

Aipatu bezala, lehen bilgune hura lau solairuko eraikin batean zegoen garaje bat izan zen, eta justu eraikinean bertan, azken solairuko ganbara batean L.S. Senghor taldea ere hasierako pausoak ematen ari zen. Kasualitate horrek aurrerantzean asko lotu zituen bi taldeak.

Berehala zarata arazoengatik, Ugastiren aitak egokitutako kamioi erremolke batera joan beharrean izan ziren. Hori Zubiola industrialdeko lantegi baten atzean kokatuta zegoen eta ondo eskertzen dute oraindik ere Ugastiren aitak hartu zituen lanak.

—‘Ate bat eta leiho bat atera zizkion, argi indarra sartu, teilatua babestu... Guztia berak egin zuen eta guk garbitu baino ez genuen egin’.

Zeukaten material guztia hartu eta erremolkera.

—‘Edortak bateri bezala erabiltzen zuen pote eta kaxa guztiak ere hartu genituen, baita txaston bezala erabiltzen zuen txori kaiola bat ere’.—dio Iñigo Epeldek.

Lehen hiru edo lau kanta prestatuta zituztela, L.S. Senghorrek Urrestillan eman zuen ekitaldi baten bukaeran taularatzeko gonbitea jaso zuten.

Bertako emaitzarekin gustura gelditu eta gero, euren lehen kontzertua ematera ausartu ziren; hori ere L.S. Senghorrekin, jakina.

Herriko hainbat taldek bezala, Eztuk-ek ere estreinua Azpeitian Eliz kaleko Gorputz jaietan izan zuen. Jendearen aldetik oso erantzun ona izan zuten, jotzen hasi arte behintzat.

Ondoren, Azpeitiko Gaztetxetik iritsi zitzaien aukera. Orduan bete-betean zebilen Lin Toun Taun taldearekin batera taularatzeko aukera izan zuten.

—‘Haiek ziren gure taldearen unerik ederrenak, nire ustez. Aste guztia egoten ginen ostirala iristeko zain, liburuak utzi eta erremolkera joateko gogoz’.— dio Iurgik.

—‘Bai, bai, ez zegoen asko galdetu beharrik. Garai hartan beti han barruan egoten ginen, irten gabe ia. Hura bai ilusioa!’— gehitu dio Haritzok.

Taldeak L.S. Senghorrekin zuen lotura oso estua zenez, hauek Urrestillan lokala eskuratu eta gutxira Eztuk ere bertara joan zen; goiko ezkerreko lokalera, hain zuzen.

Harreman asko sortu zen. Horren adibide da bi taldeen aurreneko eta bakarra izango zen maketa grabaketa.

—‘Aitor Atxuiya eta besteak ezagutu genituen. Haiek orduantxe erosi zuten sei pistako grabagailu zaharra eta norbait behar zuten hasierako frogak egiteko. Guk ezer galtzekorik ez genuenez, L.S. Senghorrekin batera prest agertu ginen edozertarako’.— diote Eztuk-ekoek.

Ekitaldi ugari eskaini zuten. Gehienak, Azpeitian bertan edo Urola bailaran: herriko plazan, Eliz kalean, Azoka Plazan, San Agustinpen, Institutuan, Urrestillan, Lasao auzoan, Azkoitiko Profesionalean ere bai...

Hala ere, izan zituzten Urola bailaratik kanpo zenbait kontzertu: Lesakan, Zarautzen... Hain zuzen, Zarauzkoa oso gogoan daukate, gertaera berezi bategatik. Ekitaldia bera Txanela tabernan izan zen, eta nahiz eta azkeneko abestia heldu arte dena ondo joan zen, orduan iritsi zen ezustea, Iurgik kontatzen duen bezala:

—‘Beti bezala, han ziren kuadrilako lagun guztiak, eta azkeneko kantarekin batera denak zoroen moduan dantzan hasi ziren. Batzuk eskenatokira igo eta handik saltatzen hasi ziren, eta haietako batek goiko sabaiko habea jo zuen buruarekin. Han eraman zuten anbulategira...’

Ikasketetan aurrera zihoazen heinean, zenbait taldekide kanpora irten beharrean izan zen eta horrek pixkanaka taldea desegitea ekarri zuen.

Azkeneko kontzertua Azpeitiko plazan eman zuten, 1994an, presoen aldeko ekitaldi batean, Su Ta Gar talde ezaguna lagun zutela. Bertan Xabier Azkune abeslaria izan zuten taldekide berri bezala.

Gaur egun, musika mundutik erabat aldenduta daude ia taldekide guztiak. Edorta da segitzen duen bakarra; Zubi-zarreko Legen Beltza taldean dabil bateri lanak eginez.

Eztuk-ek argitaratutako lanak:

Aitor Atxuiyak grabatutako lehendabiziko maketako protagonistetako bat izan zen Eztuk taldea, L.S. Senghor eta Salario Minimo bezala. Maketa hartan hiru abesti jarri zituzten.

PIZTIAK

Sortzez, Piztiak taldea Ondarroakoa bada ere, badira urte ugari Urrestillan ikus daitekeela. Egia esan, aurrenak ez baziren, aurrenetakoak izan ziren Urrestillako lokalera sartzen.

Esan bezala, taldeak lehendabiziko pausoak Ondarroan eman zituen, beti rock musika eginez. Beraiek ere horrela definitzen dute euren taldea.

—‘Rock taldea gara, baina, egia esateko, ez zaigu askorik gustatzen etiketak jartzea. ‘Rock’ hitzak berak asko hartzen duenez, rock taldea gara, baina gure diskoren bat hartzen baduzu, ohartuko zara kanta batetik bestera estilo aldaketa nabaria dagoela’.

Ondarroan bertan, bigarren diskoa grabatu ondoren, Cesar baterijoleak taldea uztea erabaki zuen. Asti handirik gabe, Pertxio, Delirium Tremens-eko baterijoleari deitzea erabaki zuten eta honek larrialditik irteten behintzat lagunduko ziela agindu zien. Izan ere, diskoa plazaratu berria zutenez, ekitaldi bat baino gehiago zituzten hitzartuta eta baterijolea behar... Pertxiok lagundu zien.

Ordurako, Txomin Uribe gitarrajole eta abeslaria Azpeitira etorria zen bizitzera, eta orduan izan zituen taldeak lehen harremanak Urrestillarekin.

Laupabost baterijolerekin casting moduko bat egiten ari zirela aurkitu zuten aurrerantzean taldeko bateriaz arduratu zen laguna: Pello azkoitiarra, Jotakie talde ezaguneko baterijolea.

Ez zuen denbora handirik izan Pellok taldea ezagutzeko, Urrestillan bertan aste bakarreko ikastaro intensiboa jaso ondoren izan zuelako Piztiak-ekin aurreneko kontzertua emateko hitzordua.

Taldekideek diotenez, orduan Piztiak taldearen bigarren zatiari hasiera eman zioten. Ordura arte taldekide guztiak ondarrutarrak zirenez, Ondarroan bertan entseatzen zuten, baina aldaketak medio, Urrestillan hastea erabaki zuten.

Pello taldean sartu eta pare bat urtera, Bernar gitarrajoleak ere taldea uztea erabaki zuen. Haren ordez Jesus Galan, The Jetts taldeko gitarrajolea sartu zen.

Horrela, taldea berrituta eta gogotsu zela, hirugarren diskoa prestatzeari ekin zioten; Urrestillan osatutako lehena. Disko horrekin, aurrekoarekin bezala, Euskal Herriko herri gehienak zapaldu zituzten, ekitaldiz ekitaldi.

Dudarik gabe, Piztiak da Urrestillako talde guztien artean kontzertu gehien eman izan dituena. Kaleratu duten disko bakoitzeko, 20-30 kontzertu izan dituzte. Nafarroa aldean gehienbat, baina euskal lurralde guztiak ezagutu dituzte. Galizia aldean ere izanak dira, hango eragileek antolatutako hiesa gaitzaren aurkako ekimen batean. Iosu Aranbari baxulariak gogoan du ekitaldi hura:

—‘Harrituta gelditu ginen deitu gintuztenean, ez genuen uste han inork ezagutuko gintuenik. Egia esan, ez gintuzten ezagutzen baina eskenategira igo orduko, hura zoramena! Arrasatu egin genuen’.

Bestelako oroitzapenak ere etortzen zaizkie beste kontzertu bat oroitzean: Bilboko Kafe Antzokikoa; ETBk zuzenean eman zuen.

—‘Eskenatokira igo ginen eta telebistarako aurkezpena egin behar zutelako egoteko eskatu ziguten; taula gainean hamar minutu pasa egin genituen’.— dio Txominek.

Baina kontzertu bat aipatzekotan, lehena, Donostiako Belodromoan emaniko kontzertua aipatu behar, Hertzainak eta Tahures Zurdos-ekin batera hiru mila lagunen aurrean emandakoa. Hasiera gogorra eman zioten taldeari kontzertu harekin.

Horrenbeste kontzertu eman ondoren, hainbat pasadizo dituzte, onak eta txarrak. Oiongoa ez zaie ahaztu: 14 talde ziren jotzekoak gau batean, zozketan azkenak izatea tokatu zitzaien, eta goizeko zazpiak iritsi ziren Piztiak taldea plazaratu zenerako... Taldekideek diote beste plan bat egingo zutela hura aurrez jakinez gero.

—‘Jotzeko zain gau osoa egon ginen, eta tokatu zitzaigunerako goiza iritsia zen. Aurretik jakin izan bagenu, lotara joango ginen eta goizean itzuli jotzera, Julio Kageta taldekoek egin zuten bezala’.

Piztiak-ek argitaratutako lanak:

Huts nazazu.
Ez naiz ezer (singela).
-Hasi orduko.
-Argia eta itzala.
-Zero.

.2001etik aurrera Txomin eta Iosu, Txominen anaia Kirmen Uribe idazlearekin aritu ziren, laguntzaile gisa. Bi urte eta erdi inguruan hainbat herritan aritu ondoren, berriro Piztiak taldeari sendo eustea erabaki zuten. Ordutik Pellorekin batera hirukote bezala, euren hurrengo diskoa prestatzeko asmoarekin. Euriaren zain izan da lan hori, rock estiloko 23 kantez osatua.

FUNDIZIYUE

.1994. urtean, Zikupa taldearen desegiteak ekarri zuen Fundiziyue-ren sorrera. Aitor Atxuiya, Irimo eta Ion Alberdiri, Manolo Jotakie eta Morgan (Irimoren anaia gaztea) batu zitzaizkien, eta boskote modura hasi ziren.

Pop-rock doinuekin segitu zuten, iraganean bezala, eta asko luzatu gabe iritsi zitzaizkien lehen ekitaldiak eskaintzeko aukerak.

Baita lehenengo lana grabatzeko aukera ere. Atxuiyak dagoeneko grabagailuari nahiko etekin ateratzen zionez, prestatuta zituzten kantak grabatu zituzten eta lan harekin Egin Txotx lehiaketako finalista izatera iritsi ziren.

Orduan, Atxuiyak eta Morganek talde berri bat sortzeko, Fundiziyue uztea erabaki zuten, baina taldea alboratu aurretik azkeneko kontzertua eman zuten.

Egin Txotx-eko lehiaketan finalista gelditu ziren talde guztiak Bilbon Etxebarria parkean elkartu ziren finalean. Irabazlea, Latzen izan zen.

.1996an osatu zuten taldearen egitura berria: Irimok gitarrarekin segitu zuen, ahotsarekin Alberdik, bateri lanak Aitor Bengoetxea Ondarru-k egin zituen, baxu lanak Joxemai Larrañagak eta bigarren gitarra bezala Ion Iraeta aritu zen.

Urte bertako udaran lokaleko beste hiru talderekin elkarlanean diskoa kaleratu zuten, eta lan horrekin Euskadi Gaztea irratiko lehiaketan entzuleen saria irabazi zuten.

—‘Lau taldeok bidali genituen geure maketak, ea denon artean norbaitek gutxienez entzulearen saria jasotzen zuen’.— dio Irimok, hura gogoratzean.

Entzulearen saria jasotzeak, Bilboko Kafe Antzokiko ateak ireki zizkion Fundiziyueri. Bertan, Velvet Crush taldearekin aritu ziren.

Garai haiek izan ziren taldearen onenak, dudarik gabe; urte erdi inguruan ekitaldiz ekitaldi ibili ziren. Astero ez bazen, hamabostean behin Euskal Herriko bazterren batean izaten zuten kontzertua, eta zenbait astetan bi ekitaldi izatera iritsi ziren.

Sasoi oparo haien ondoren, taldea lokalean barneratu zen, disko berria prestatzeko asmoz. Nahiko luze joan zitzaien, ordea, disko hura prestatzetik kaleratzeraino. Baina lau urtez lokalean aritu eta gero, azkenean 2000ko Durangoko Azokan aurkeztu zuten lan berria.

.24 kanta prestatu ostean, 12 aukeratu zituzten eta lokalean bertan, Atxuiyak eta Iosu Galtxak lagunduta, eurek ekoiztu zuten lan hura. Ondoren, Gaztelupeko Hotsak disketxearen bidez kaleratu zuten.

Aipatu bezala, ia Euskal Herri osoan ibili ziren Fundiziyue taldekoak eta Azpeitian bertan ere behin baino gehiagotan jo zuten. Gogoan dute herriko ekitaldi haietako bat, gogoan izateko modukoa delako:

—‘Behin Azpeitiko Udalak eta tabernariek antolatutako kontzertu batean beste bi talderekin jotzeko aukera izan genuen. Guri, ordea, azkenak izatea tokatu zitzaigun, goizeko hiruretan, eta hurrengo eguna lan eguna zenez, inor ere ez zegoen plazan; inor-inor ere ez!’

Ez zen, ordea, hori sarri gertatzen zen zerbait.

Horrela aritu zen taldea ondorengo urteetan, astero entseatu eta tartean behin kontzerturen bat eskainiz.

Baina gauza guztiek izaten dutenez bukaera, Fundiziyueri ere heldu zitzaion berea. 2004an taldeko Aitor Ondarru eta Ion Iraeta taldearen errutinaz aspertu egin ziren eta proiektu berri bati heltzea erabaki zuten. Haien hutsunea handia izango zela eta, guztien adostasunarekin erabaki zuten onena taldearen ibilbideari bukaera jartzea zela. Eta halaxe egin zuten.

Fundiziyuek argitaratutako lanak:

Taldeak hiru maketa kaleratu zituen. Aipatu bezala, batekin Egin Txotx sarian finalista izan ziren eta beste batekin, berriz, Euskadi Gaztea maketa lehiaketan entzuleen saria irabazi zuten.

Ondoren, taldearen lehen diskoa kaleratu zuten. Urrestillan grabatu ostean, Gaztelupeko Hotsak disketxeak azkeneko ukituak eman eta 2000 bukaeran kaleratu zuten.

OSPA

Ospa, 1997ko udaran sortutako musika taldea da. Talde horretako partaideek ere hasierako ilusioa baino ez zuten. Ilusio handia, ordea, eta taldea sortu zuten.

Asier Sustaetak —gero taldeko abeslaria izango zen— lankide bati alboratuta zeukan bateria zaharra saltzeko eskatu zion. Egun oso bat Iñaki Arrieta Pipillo-rekin bateria hura txukuntzen pasatu ondoren, elkarrekin Ion Aranguren Axkiola-rengana joan eta baterijolea izatea proposatu zioten. Honek ez zuen askorik pentsatu beharrik izan baietza emateko.

Hala, Pipik baxua, Axkik bateria eta Sustak gitarra eta ahotsa. Hori zen behintzat, hasierako asmoa. Baina intentzioak ez du guztia egiten eta inork ez zekienez musikaz ezer, Ikastolatik ezagutzen zuten Oskar Aranberriri proposatu zioten taldeko bigarren gitarra izatea.

Ordura arte Oskarrek bere kasaka jardun izan zuen gitarra espainola batekin herriko kanta ezagunak lagunartean abesten, eta gustura onartu zuen hirukotearen eskaintza.

Laukotea osatuta, lagun batek bere gurasoen lokalean jarduteko aukera eman zien, Ondarre baserriaren alboan. Eta han hasi ziren euren lehen kantak osatzen.

Punk, ska, reggae eta patxanga pixka bat nahastuta, lehen kantak sortu zituzten. Bospasei kanta berri osatuta zituztela, haien ohiko bilduleku Amaia tabernan antolatu zuten lehen kontzertua; aurretik bertako nagusiari aginduta zeukaten horixe. 1996ko urriaren 7a zen, ostiral gaua, eta afari eder baten ondoren urduri hurbildu ziren Amaiara.

—‘Hamaiketan azaldu behar genuen tabernara, baina hamar eta erdietarako, ezinegonak jota, hantxe geunden denok. Hala ere, onena Erdi kalera sartzean izan zen. Han zeuden Amaia parean lagun eta ezagun asko tabernara sartu ezinik’.— dio Axkik.

Euren bost edo sei kanta zituzten prestatuta, baina gustuko taldeen abesti asko ere ezagutzen zituztenez, gaua pixka bat luzatzea lortu zuten. Musikalki begiratuta, gau hura negargarria izan arren, Amaia tabernan gertatutakoa ez dute inoiz ahaztuko Ospakoek, ezta gau hartan bertara hurreratu ziren askok ere.

Kontzertu haren ostean jakin zuten Ospa taldekoek Urrestillako lokalen berri.

Udalak, Zubi-zarreko lokalak zenbait talderi utzi ondoren, Urrestillan zenbait gela hutsik gelditu ziren eta horietako gela batera joan zen Ospa.

Ez zuten denbora gehiegirik behar izan lokal berrian egokitzeko, eta hilabete gutxi barru euren lehen maketa grabatzeko eskatu zioten Aitor Atxuiyari.

Bederatzi kanta grabatu zituzten bi egun intentsiboetan, ska-punk-oi antzeko doinuekin. Lagunen artean banatu zuten emaitza, eta Azpeitiko taberna batzuetan entzuteko parada izaten da oraindik ere.

Lan hura bestela kaleratu ez bazuten ere, garai haiek izan ziren Osparen garairik onenak. Herritik asko irten gabe ibili ziren baina hainbat kontzertu jotzeko aukera izan zuten: Erdi kaleko festetan, Orkatzen, Azkoitiko Matadeixen, Lasao auzoan...

Denbora batera, Pipik taldea uztea erabaki zuen, gehiago gustatzen zitzaizkion doinuei heltzeko, baina taldea baxulari gabe utzi aurretik saiatu zen bere postua beteko zuen norbait topatzen. Signakulum taldeko baterijole izandako Karlos Osorio izan zen lagun hura; Karlos, euren taldearen bidea bukatu ondoren, lokalean bueltaka ibiltzen zen eta gustura heldu zion proiektu berriari.

Karlosekin batera, Iosu Garate gitarrajolea ere taldera batu zen, bigarren gitarrista bezala.

Baina taldea berriro egituratzen ari zen unean etorri zen Ospa betiko markatuta utzi zuen gertaera.

.1998ko irailaren 26a zen eta taldekide gehienak euren lagunekin batera Zumaian San Miguel Artadin ospatu zen jai batean izan ziren. Bertan 12 Tribu eta Baratza bass taldeek kontzertuak eskaini zituzten.

Dena ondo joan zen, baina itzultzeko orduan etorri ziren arazoak. Zenbait lagunek autoa eraman arren, Pipik eta beste lagun batek nahiago izan zuten euren motoetan joatea, eta itzulerako bidean, gehiegizko abiaduran zihoan auto batek bere bidetik irten eta Pipi bete-betean kolpatu zuen. Pipi bertan zendu zen.

Sentimenduak oraindik ukituta zituztela, galdutako lagunari merezitako omenaldia egin zioten. Urrestillako pilotalekuan izan zen. Haren senideekin bazkaria egin ondoren, Ospa berriaren lehen kontzertua izan zen, 12 Triburekin batera. Une hunkigarriak bizi izan zituzten.

Ondoren, taldeak aurrera egitea erabaki zuen, eta izan zituzten hainbat ekitaldi. Baina talde berriak ez zuen hasierako Ospa haren antz handirik.

Beharbada musikalki aberatsagoa izan arren, taldea ez zen inoiz bat egitera iritsi eta pare bat urtean jardun ostean, bidea bukatzea erabaki zuten.

Jakina, Ospari ere gertatu zitzaizkion pasadizoak, eta haietako bat gogoan dauka Axkik:

—‘Beti gogoratuko dut jendeak gurekiko izan zuen jarrera ezin hobea. Taldea utzi behar genuela Azpeitian zabaldu zenean, herriko lagun asko etorri zitzaizkigun “astakeri hori” ez egiteko esanez. Baina uzteko garaia iritsi zen’.

Oskarrek, berriz, taldearen izenarekin izan zituzten gora-beherez hitz egiten du:

—‘Ezin asmatuta ibili ginen. Bat jarri, bestea... Baina ez ginen ados ipintzen. Orduan, paper bat hartu eta bururatutako izen guztiak apuntatu genituen. 50 bat izen idatzitakoan, bakoitzari gehien gustatzen zitzaizkigun hiru izen aukeratu genituen. Azkenean, beste guztiak baztertu ondoren, O.S.P.A.-rekin gelditu ginen (O.S.P.A.: Oskar, Susta, Pipillo, Axkiola)’.

.12 TRIBU

.12 Tribu taldea da, oraingoz, Urrestillako lokalean aritu izan den reggae talde bakarra. Reggae talde gehienen modura, haize taldea izan dute, eta hainbat taldekide pasatu izan dira 12 Tributik.

Baina 12 Triburen istorioa ezagutzeko urte batzuk atzera jo behar da. 1993. urte aldera Tau Cety taldeak, bere estilo musikalak finkatu nahian, reggae aldera jo zuen. Ordura arte rock, ska eta reggae nahasketak lantzen zituen, eta bietatik bat aukeratzea erraza ez izan arren, azkenean batik bat reggae doinuetan murgiltzea erabaki zuen.

Hasiera batean, Tau Cety taldetik jarraitu zuten Asier Aranguren Txato, Iosu Odriozola Galo, Mark Barber, Borja Eizagirre Txarly, Pello Uranga eta Edurne Azkune izan ziren talde berria osatu zutenak, baina berehala batu zitzaien Iosu Galtxa, bigarrengo gitarrajole bezala.

.1995. urte aldera, urte eta erdi lanean eman ostean, 12 Triburen lehen lanak argia ikusi zuen. 'Who’s your leader' izenarekin kaleratu zuten; Aitor Atxuiyak bere zortzi pistako grabagailuarekin eginiko beste lan bat, alegia. Asko kostatu zitzaien eta gustura gelditu ziren emaitzarekin. Gainera, grabaziorako laguntzaile etorri eta taldera batu ziren Iñaki Olaizola Donosti eta Sergio Lacomba; tronpeta eta bongoak.

Hainbat kontzertu eskainiz ibili ziren garai haietan, Txatok eta Galok erritmoaren oinarria eramaten zuten bitartean, Borjak, Pellok eta Donok haize taldea osatzen zuten. Edurnek teklatua, Sergiok bongoak, eta Iosuk eta Markek gitarra. Mark-ek, gainera, abeslari lana ere egiten zuen, Uztauek-en egiten zuen bezala; zenbait kantetan Jakes laguna batzen zitzaion.

Hura 12 Triburen lehen zatia izan zela esan daiteke. Izan ere, hainbat kontzertu eman ostean, taldeko zenbait lagunek uztea erabaki zuten.

Galo baxulariaren ordez, esate baterako, Ladis Rivas zumaiarrak ekin zion bideari. Ladis pare bat urte lehenago ezagutu zuten, hark Zumaiako lagunekin osatzen zuen Baratza bass taldearekin bi kontzertu eman ondoren.

Sasoi hartantxe, Edurne teklistak ere postua Imanol Beobideri uztea erabaki zuen.

Denbora gutxira, Sergiok taldea utzi zuen, eta haren ordez Jotakieko Pellok jarraitu zuen. Iosuk, berriz, bere postua Jorgeri uztea erabaki zuen; Jorge lehen ere taldekide izana zen Uztauek-en garaian.

Nabarmena da: aldaketa garaian murgildu zen 12 Tribu.

Hala ere, aldaketarik berezienetakoa Fernando Treviño Konsul abeslari berriarena izan zen. Berezia, batez ere, harremanak hasteko orduan. Izan ere, izugarrizko euri-jasa batean, Konsul bere autoan sartu zen, babestera, eta erosi berria zuen 12 Triburen lehen diskoaren zinta jarri zuen. Ikaragarri gustatu zitzaion eta harremanetarako telefono zenbakira deitu zuen. Borjak erantzun zion eta, harrituta, eskerrak eman zizkion Konsuli, hurrengo asterako entsegura gonbidea eginez. Hala, taldean hitz egin ondoren, abeslari hasteko eskatu zioten Konsuli. Horrela, gainera, Markek errazago izango zituen gitarrarekin egin beharreko lanak.

Azkenean, zirudienez taldea finkatuta zegoen. Horren adibidea: bigarren diskoa kaleratu zuten, It this thogeder izenekoa, hori ere Urrestillan grabatutakoa. Baina orduan nahasketak, Lound Alone Santanderko (Espainia) taldekoek egin zizkieten; Imanolek soinu ikasketetan ezagutu zuen Roberto eta honen laguntzarekin, beraiek nahi bezalako roots (sustraietako reggae) soinua lortu zuten. Gustura, beraz, lan berriarekin.

.12 Tribukoek ez dute gogoan kontzertu berezirik. Borjak, adibidez, Caparrosoko kontzertua gogoratzen du:

—‘Ez genuen sekula pentsatuko Erriberako herri txiki batean, Caparroson, horrelako giroa sortuko zenik. Herria ezagutu ere ez genuen egiten, eta izugarri gustura gelditu ginen bertan emandako ekitaldiarekin’.

Txatok, berriz, Armintzakoa oroitzen du:

—‘Behingoagatik benetako reggae jai batean izan ginen. Kontzertu asko eman ditugu eta ondo joan dira, baina Armintzan benetan integratuta sentitu ginen; dena zen reggae eta guztiok gustuko ditugun roots kutsuak’.

.12 Tribuk argitaratutako lanak:

'Who's your leader'. Taldearen lehen lana izan zen (1993), ia urte eta erdi labean eduki ondoren. Hamar kantaz osatuta dago, gehienak reggae dira; tartean ska doinuak daude, stamping ground bezalakoak, adibidez. Urrestillan bertan ekoiztutako lana izan zen eta banaketa lanak Gaztelupeko Hotsak disketxearekin erdibana egitea erabaki zuten. Gero, ordea, taldekoak ez ziren gustura geratu disketxeak egindako banaketarekin.

In it together. Bigarrena. Hori ere Urrestillan grabatutakoa, baina orduan nahasketa lanak Santanderren egin zituzten, loud & alone taldeko Robertoren laguntzaz. Gainera, Robertok berak egindako zortzi dub bertsio gehitu zizkieten. Guztira, 19 kantaz osatutako lana izan zen. Benetako roots soinua lortu zuten, eta reggae komertzialetik ihes egin arren, kalean harrera ona izan zuen.

Hirugarren diskoa ere atera dute: Rebbel Inna Nazarin street. Santanderren grabatu dute osorik, eta hauek osatu dute taldea: Txato (bateria), Ladis (baxua), Pello (tronboia), Ekain Artola (saxo tenorea), Donosti (tronpeta), Txarly (saxoa), Jorge (gitarra), Imanol eta Edurne (teklatua) eta Konsulek (ahotsa).

Euren disko propioez gain, hainbat disko bildumetan parte hartu dute 12 Tribukoek. Presoen aldeko disko batean eta Ipar Euskal Herriko hainbat talderekin ateratako batean, baita Espainiako Estatuan irtendako reggae bilduma batean ere.

.12 Triburen kezka nagusia, inguruan dagoen reggae kultura eskasa da. Beraien esanetan, oso bakanak dira reggae egiten duten taldeak, eta are urriagoak sustraietako reggae lantzen dutenak.

—‘Tamalez, oso arraroa da guk bezala roots lantzen duten taldeak ikustea, nahiz eta badiren bestelako reggae light jorratzen duten talde komertzialak’.— dio Imanolek.

ZIO HITSE

Urrestillan bertan sortutako taldea da Zio Hitse. Haiez taldea desegin ondoren, bertako baxulari Iker Amenabar Ezkerra-k eta gitarrajole Iosu Etxezarreta Txapa-k, Fundiziyue taldeko Aitor Ondarrurekin elkartuz sortu zuten taldea.

Ondarruk, Fundiziyuek jorratzen zituen pop-rock doinuez gain, beste doinu batzuk lantzeko gogoz luzatu zien proposamena talderik gabe gelditu ziren bi lagunei. Eta horiek ez zioten gonbiteari ukorik egin.

Haiez taldeak jarduten zuen lokal berean finkatu ziren eta lehendabizi gela egokitzeari ekin zioten. Izan ere, gela txikia zen eta burrundara handiegia zegoen bertan.

‘Gitarreo‘ gogorrez hasi ziren euren lehen doinuak sortzen, hirukote gisa. Txapak abestu egiten zuen eta Ikerrek koruekin laguntzen zion.

Dut, π lt, Faith no more eta antzeko taldeen eragina eta euren ukitu esperimentala nahastuz, lehen kantak sortu zituzten eta Urrestillako hirugarren gelako beste taldeekin batera aurreneko maketa kaleratu zuten.

Aurreneko kontzertua Azpeitian Korrale tabernan eman zuten, 2. Triku Festaren barnean; Nazkau ez! taldea izan zuten lagun.

Zio Hitsek argitaratutako lanak:

.3. gela. Ezinean, Galibo, Diarrea, Eslai eta Tiobibo taldeekin elkarlanean kaleratu zuten disko hori, elkarrekin ekoiztua eta banatua. Ateratako diruarekin, lokalerako material berria eskuratzeko asmoa zuten.

KK. ZARRA

Herriko punk mugimenduak ere badu bere txokoa Urrestillan. Horren adierazle da KK. Zarra taldea. Nahiz eta beraiek ondo dioten bezala, ez dute punk musika soilik jorratzen; 2002an emandako ska-punk mugimenduaren inguruan sortutakoa da.

Taldearen sortzailea Ismael Benitez dela esan daiteke. Hura lehendik ere Sin oficio ni benefizio taldean aritzen zen, eta Iñaki Galarraga Txato eta Haritz Guerrarekin hitz egin ostean, taldea sortzea erabaki zuen. Abeslari bezala, Eneko Mantzisidor batu zitzaien.

Guztiek aurretik ondo ezagutzen zuten elkar, eskolatik ez bazen, udalekuetatik, eta lehen pausoak, lagunekin batera zeukaten txabolan eman zituzten.

—‘Hasieran txabolan jarduten genuen baxuarekin eta bateriarekin, baina materiala inguratzen joan ginen momentuan, lokal bila hasi ginen’.— diote taldekideek.

Ismak ordura arte Zubi-zarreko lokaletan jarduten zuen bere taldearekin baina, garai berean sortu ziren talde askogatik, ez zegoen han tokirik. Horrela inguratu ziren Urrestillara, eta bertan gelditu ziren.

Lantzen duten musika estiloa ez da finkatzen erraza. Beraiek esaten dutenez, denetik pixka bat egiten dute: ska, punk, rock... Txatok zalantzak ditu:

—‘Ez dakit. Kanta batzuk lasai-lasaiak diren bezala, beste batzuetan nahiko egur ematen dugu’.

Hasiberriak ez izan arren, gaur oraindik ere hasierako ilusio bera mantentzen dute. Lehenik eta behin, eta talde guztietan bezala, ondo pasatzea da beraien helburua eta, horrekin batera, kontzertuak ematea han eta hemen, horretarako ere badaude eta.

Eta horretan dihardute. 2004ko urtean bertan, 35 kontzertutik gora eskaini zituzten Euskal Herrian, eta 2005ean ere antzera ibili ziren.

Aurreneko kontzertua, beste talde batzuek bezala, Azpeitian eman zuten, 2001eko saninazioetan Zubi-zarren antolatutako jaialdian. Ondo gogoratzen dira taldekideak emanaldi hartaz.

Hala ere, kontzerturik bereziena zein den esatean, bat datoz guztiak: Pancorbon (Burgos, Espainia) eskainitakoa. Inon baino hobeto tratatu zituztela diote.

—‘Erregeen pare ipini gintuzten. Emanaldia musikalki ez zen ordura arteko onena izan baina jendearen berotasuna ederki nabaritu genuen. Egundoko afaria ere prestatu ziguten’.— dio Txatok.

—‘Gainera, etxe bat utzi ziguten guretzat bakarrik. Gu kuadrilako mutilok bakarrik joan ginen Pancorbora eta ikaragarrizko parranda bota genuen, hori hala da’.— gaineratu dio Guerrak.

KK. Zarrak argitaratutako lanak:

Azpeitia desegin diskoan, herriko beste hainbat taldek bezala, euren hiru kanta ipini zituzten.

Beraien lehendabiziko diskoa grabatu zuten baina oraindik ez dute kaleratu.

NAZKAU EZ!

Ospa taldearen barruan aldaketak iritsi zirenean sortu zen Nazkau ez! taldea. Axkik jarraitu zuen bateria jotzen, Aritz Amezua aritu zen gitarra jotzen, Aritz Olaizola baxuarekin eta Sustak segitu zuen abesten.

Hasieran Ospa taldearen kanta zaharrak joz hasi ziren. Laster osatu zituzten, ordea, euren lehen kantak. Punk doinuez gain, rockekoak ere lantzen dituzte tarteka.

Taldearen lehen kontzertua jotzeko aukera, 2001. urtean heldu zitzaien, oraindik beraien bospasei sei kanta besterik ez zituztenean. Zubi-zarreko lokaletan antolatu zen jaialdian parte hartzeko gonbitea jaso zuten, eta onartu beraiek.

—‘San Inazio bezpera zen eta bazkari on bat eginez hasi genuen eguna. Gauean berandu jo behar genuen eta, bazkalondoren, poteoan ibili eta halaxe iritsi ginen geure lehen kontzertu hartara’....— dio Axkik.

—‘Nik, berriz, ez dut ahaztuko behin ere Axkiren taularatzea, Bob Marleyren irudia zeukan zapi bat kapa bezala zeramala. Egundoko presentzia!’— gaineratu du Amezuak.

Beste emanaldirik eskaini zuten; besteak beste, Mutrikuko Gaztetxean, edo Azpeitiko plazan bertan eta, jakina, urteroko Triku Festan ere hor izan dira.

Taldea itxura hartzen hasi zenerako, Iosu Galtxarekin hitz eginda zeuden, eta Iosu arduratu zen taldearen lehen maketa grabatzeaz.

Bertan, 16 kanta bildu zituzten, estilo desberdinetakoak baina guztiak ere indartsuak. Horien artean bertsio bat, eta Ospak bere bukaera aldera sortua zuen kanta baten moldaketa ere bai. Baina maketa hark ez zuen inoiz argirik ikusi.

Grabatu eta berehala, Aritz baxularia lan arrazoiengatik taldea utzi beharrean izan zen. Geldialdi garai baten ondoren, baxulari berria sartu zen taldean: Eneko Etxeberria, Sin oficio ni benefizio taldekoa. Jotzeko guztiz modu ezberdinak zituztenez, berriro grabatzeko asmoz, aurreneko lana ez ateratzea erabaki zuten, nahiz eta oraindik ez duten euren lehen lanik kaleratu.

Taldea berriro osatu eta urtebete ingurura, bateri lanak betetzen zituen Axkik ere uztea erabaki zuen, Zestoa aldean reggae proiektu berriei eusteko asmoz. Betidanik amestu izan zuen reggae banda.

Baxularia aurkitzea baino errazagoa izan zitzaien, ordea, baterijole berria aurkitzea: Aritz Amezuaren anaia gaztea, Oihan, prest agertu zen segituan postu hura betetzeko.

Gaur egun, kanta berriekin euren aurreneko lana grabatzeko asmotan dabiltza.

Nazkau ez!-ek argitaratutako lanak:

Beraien lanik argitaratu ez badute ere, maketa bat grabatua dutenez, pare bat bildumatan euren kantak sartu zituzten.

Azpeitia desegin. Zubi-zarreko eta Urrestillako punk eta oi taldeen artean argitaratutako cd-a.

Presoak herrira. Presoen herriratzea aldarrikatzeko osatu zuten diskoan, Freedom to baske country kanta abestia dute, baita kantu horrekin eginiko bideoklipa ere.

EZINEAN

Hiru gaztez osatutako taldea da Ezinean eta, Urrestillan zenbait urte daramatzaten arren, lehen pausoak Oihan Amezua baterijolearen garajean egin zituzten.

Gogoan ditu Oihanek berak lehen urrats haiek:

—‘2000. urte aldera Oier Ezeizak bazekien nik Xuban Elortzaren (Tiobibo) bateri zaharra nuela garajean eta, hala, sarri-sarri tentatzen ninduen, berarekin jotzeko esanez. Halako batean, han agertu zen bere baxuarekin eta anplifikagailuarekin, eta batera hasi ginen’.

—‘Ni, berriz, Oierren kuadrilakoa izanda, jakinaren gainean nengoen zertan ari zen bikotea, eta neure gitarra erosi ondoren elkartu nintzen taldera’.— gehitu du Iban Amenabarrek.

Hirukotea osatuta, lehen doinuak lantzen hasi ziren hard core melodikoaren ingururan.

Ateratzen zuten zaratagatik, bizilagunen hainbat eta hainbat kexu entzun zituzten eta Urrestillara joan ziren. Garai hartan, gainera, Urrestillako lokala eraldaketa prozesuan murgilduta zegoenez, Zio Hitse bezalako taldeekin elkartuz joan ziren, elkarrekin eskuratu berria zuten lokala egokitu eta materialez betetzeko.

Behin lokalean finkatuta zeudela, orduan heldu zitzaien lehen emanaldia eskaintzeko aukera. Hain zuzen ere, San Inazio bezperan izan zen, Zubi-zarreko lokaletan antolatu zuten ekitaldian.

Nazkau ez! taldeari suertatu zitzaion gauza bera gertatu zitzaien Ezineanekoei; hau da, herri bazkari, afari eta poteo luze baten ondoren taularatu behar izan zutela, horrek dakarrenarekin...

.2002an heldu zitzaion Ezinean taldeari benetako debut ofiziala, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundearen Kulturaldian. Tiobibo taldea lagun zutela, Korrale tabernan eman zuten kontzertua.

—‘Aurreko urteko festan egin behar genuen debuta baina gaixotu egin nintzenez, ezinezkoa egin zitzaigun jotzea. Hortik geure izena ere, beti ezinean gabiltzalako’...— dio Ibanek.

Herri inguruan maiz aritu izan diren arren, egin izan dituzte irteeratxoak. Aurrena Mutrikura, Nazkau ez! lagun zutela.

—‘Oso oroitzapen onak ditut emanaldi hartaz. Mutrikuko Gaztetxean izan zen. Aurrena izateko, denak nahiko ondo irten zuen. Ez zegoen jende askorik baina gure aldetik dena ederki joan zen.‘— esaten du Oihanek.

Taldea sendotzeaz batera heldu zaie kontzertu gehiago emateko aukera: Eskoriatzan bi aldiz, Zestoan, Lasaon...

.2005 hasieran grabatu zuten lehen lana, Nuke taldeko Oihan Lizasoren laguntzarekin. Lan hura Gor disketxean aurkeztu zuten, eta berriro grabatu ondoren, 2006ko maiatzean kaleratu dute. Oihan taldeko kidea da orain, bigarren gitarra.

Ezinean-ek argitaratutako lanak:

.3. gela diskoan kanta bat sartu zuten. Horretaz gain, Ezinean diskoa atera berri dute; hard core medoliko 14 kanta ditu. Presoen alde kaleratu zen lan batean kanta bat eta bideo bat sartzeko aukera ere izan dute.

TIOBIBO

.90. hamarkada bukaeran sortu zen Tiobibo. Beste zenbait talde bezala, Tiobibo ere gainbehera zetorren beste talde batetik sortutakoa da; Zilbor Hesteak-etik, hain zuzen ere.

Aitor Atxuiya taldeko gitarrajoleak, Zilbor Hesteak taldearen desegitea iritsi eta pixka batera, bere anaia Asierrekin taldea sortzea erabaki zuen. Baterijole berri bezala, Xuban Elortza ariko zen, eta bigarren gitarra eta ahots gisa, Ibon Odriozola (Signakulumen ibilitakoa).

Ibon bera Zilbor Hesteak-en sorreran ere taldekide izan zuten. Beraz, taldearen aurreneko pausoak emateko, Zilbor Hesteak-en sorrerako kantuei heldu zieten.

Laster konposatu zituzten, ordea, euren lehen kantak, eta 2000. urtean etorri zitzaien lehen emanaldia eskaintzeko aukera; Azpeitiko plazan, hain justu.

Ez zen bakarra izan. Nahiz eta Tiobibo ez den izan inoiz oso kontzertu zalea, eduki zuen emanaldi gehiago egiteko aukera. Horren adibide, Azpeitian 2000ko Kilometroen barruan eskainitakoa. Orduan, Fundiziyue taldearekin batera, Goenako kanpan egokitutako gunean aritu ziren igande goizez, eta kontzertu guztiak bereziak izaten badira ere, Kilometroetako hura bai izan zela berezia, beraien ustez. Ibonentzat bereziki, bere emazte Nagore Azpiazu lehendabiziko haurra izateko zorian zegoelako.

—‘Nahiko larri egon nintzen orduan. Nagoreri begiratzen nion eta han zegoen tripa handiarekin. Justu-justu ibili ginen, hurrengo goizean izan ginelako guraso’.— gogoratzen du Ibonek.

Hilabete gutxira Ibonek berak, lana zela medio, taldea utzi egin behar izan zuen berriro. Abeslari postua hutsik gelditu zen horrela, baina ez luzarorako. Izan ere, Eusebio Beloki izan zen berehala mikrofonoari heldu eta abesten hasi zena, Zilbor Hesteak garaian bezala.

Belokirekin batera, Gorka Alberdi azkoitiarra ere batu zitzaien, bigarren gitarrista modura.

Baina aldaketak hasten direnean zaila izaten denez gelditzea, Xubanek bere bateri postua utzi egin zuen, Robertori utzi ere. Horrela, taldea bigarren aldiz finkatuta gelditu zen. Ez denbora askorako, ordea. Gorkak eta Aitor Atxuiyak bide berriei heltzeko asmoz, taldea utzi egin zuten berehala.

Gauzak horrela, taldeak ibilbidea bukatutzat jotzea erabaki zuen. Baina hilabete batzuk lehenago euren lehen lana kaleratu zuten: Domestik. Denbora askoan eduki zuten labean, ukitu ugari eman zioten, baina azkenean behintzat, disko horrek ikusi zuen argia.

T

Urrestillako azken belaunaldiko taldea da T. Gaztea, baina ez esperientzirik gabekoa. Lau lagunek osatzen dute eta guztiak arituak dira lehen ere hainbat taldetan euren alea ipiniz. Post-pop doinuak jorratzen dituzte, efektuz betetako gitarra, baxu eta teklatu ukituekin.

Taldeko sortzailea Ion Iraeta Jonny da, Fundiziyue taldeko lehengo gitarrajolea. Jonnyk Fundiziyueren aurrerapenik ez zuenez ikusten, taldeko baterijole Aitor Ondarruri, Aitor Atxuiya Tiobiboko gitarrajoleari eta Atxuiyaren taldekide Gorka Alberdiri T taldea sortzeko proposamena luzatu zien.

Baiezkoa eman zioten. Laurak, beraz, musikaz eta musika inguruaz ondo eskarmentatutako lagunak dira, eta argi dute zer egin nahi duten.

—‘Garbi dugu lokaletik irten gabe aritzen bagara, inor ez zaigula etorriko eskaintzak egitera. Hortaz, egiten duguna azaltzera irteteko asmoa dugu’.— dio Jonnyk.

Anbizioa dutela esaten du Aitor Atxuiyak:

—‘Orain arte beste taldeetan denbora-pasa gehiago ibili gara, bestela baino. Kontzerturen bat irteten bazen, ba ondo, baina besterik gabe. Orain, ordea, nahiz eta profesionalizatu gabe, gauzak serioago eginez ibili nahi dugu’.

Gogotsu, beraz, partaideak. Hala, bosgarren hilabeterako lehen maketa grabatu zuten, taldearen 'currimulum'-a izango dena. Kontzertu bila dabiltzan tokietan banatu zuten.

Lehen kontzertuak eskaintzen azkar hasi ziren. Aurrena, 4. Triku Festan eskainitakoa izan zen, hain zuzen ere Azpeitiko plazan, Jakuzzi taldearekin batera. Talde honi esker etorri zitzaien bigarren emanaldia, Elorrion. Oso gustura bueltatu ziren handik T taldekoak, baldintza onetan jo zutelako Elorrioko antzokian.

Beldur dira ez ote duten listoi handiegia ipini hasierarako, baina seguru daude, daukaten gogoarekin eta ilusioarekin, hobetuko dutela orain artekoa.

GRABAZIO TALDEA

Jotakie taldeko Lukak eta Pellok, asko jakin gabe eman zioten hasiera Urrestillako grabazio taldeari.

Hain zuzen, 1990. urtean KK 91 diskoa grabatzean piztu zen grabaziorako zaletasuna.

Kaka Flash irratiak bultzatuta, Urrestillako taldeek maketa bat kaleratzea erabaki zuten. Lukak eta Pellok grabatu zuten, Urrestillako lokaletan.

Zikupa, Standa, Uztauek eta Sektor Mierda taldeek osatu zuten lana eta hura gauzatzean piztu zitzaien zenbaiti argia, grabatzen hasteko argia.

Aitor Atxuiyak, esate baterako, berehala erosi zuen bere lehen grabagailua. Hark aparatu berriari neurria hartzen zion bitartean, Iosu Galtxak soinu ikasketak egin zituen Bartzelonan. Galtxak ikasketak bukatu zituenean, Atxuiyak, Pato Amsia-k eta hirurek grabagailu digitala erostea erabaki zuten.

Dudarik gabe, digitalizazioak asko hobetu zuen arren, soinu kalitatea etengabe hobetzen joateko desioa zuten haiek, eta horrek oraindik eta emaitza hobeak ditu lokalera.

Urte batzuk geroago Imanol 12 Tribuko teklistak ere aurretik iosu Galtxak egindako ikasketa beraiek egin zituen eta, modu horretara, Urrestillako lokala teknikari eta estudio prestakuntza aldetik ondo gelditu da. Eta horrek, jakina, badu garrantzia.