Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrera (1998-martxoak 3)

Kultur proiektu bat sortu da Azpeitian: Uztarria Kultur Koordinakundea. Ez da egun batetik bestera sortutako koordinadora, ezta lagun gutxi batzuk sortutakoa ere. Joan den urteko maiatzetik hona egindako gogoeten ondorioz eratu da, eta bertan euskara eta kultur talde asko eta zenbait herritar ezagun dira partaide.

Taldeen artean oraingoz 23 daude koordinadoran. Horratx zerrenda (bi rock talderen izenak falta dira):
- Argazki Elkartea (argazkilaritza jorratzen du)
- Hegoaz Blai (Hegoaldeko herriekiko elkartasun taldea)
- Mesias berriak (rock musika)
- Fundiziyue (rock musika)
- Tau Ceti (rock musika)
- Zilbor Hesteak (rock musika)
- L.S. Senghor (rock musika)
- Hotzikara (rock musika)
- Kondaira (rock musika)
- Eztuk (rock musika)
- Ospa (rock musika)
- Bunkit (rock musika)
- Euskal Herrian Euskaraz (euskara)
- Kitarrista Taldea (musika)
- Antxieta Antzerki Taldea (antzerkia)
- Gazte Asanblada (gazteria...)
- Orkatz Kultur Elkartea (arlo kulturala)
- Bertso Eskola (bertsolaritza)
- AEK (euskara)
- Azpeitian Gazteok Zer? (gazteria...)
- Azkoitiko Mataderoko azpeitiar ordezkariak (arlo soziala...)

Kulturarekin zerikusi handia duten herritarren artean, berriz, honakoak daude oraingoz:
- Laxaro Azkune (kazetaria eta bertso gai-jartzailea)
- Jose Luis Otamendi (idazlea)
- Xabier Aldai (idazlea)
- Xebaxtian Lizaso (bertsolaria)

Bistan da, beraz, babesarekin emango dituela lehen pausoak Uztarria Kultur Koordinakundea. Bertan herriko talde guzti-guztiak ez daude, baina, hala ere, koordinakundea irekia dago edozeinentzat.

Prozesua irekia izan da hasiera-hasieratik. Uda aurretik, Euskal Herrian Euskarazek prestaturiko inkestak bete ziren. Uda ondoren, bi eztabaida zabal egin ziren (parte-hartzearen ingurukoa bata; eta Udala eta euskara eta kultur taldeen arteko elkarlana, eta taldeen arteko elkarlanari buruzkoa bestea). Gabonak aldera, banakako bilerak egiteaz gain, Kultur Agenda diseinatzen aritu zen talde bat. Eta urtarrilaren bukaeran, ordura arte jasotako kezka guztiak bilduko lituzkeen koordinakundea sortu edo ez proposatu zen, eta baiezkoa eman zitzaion. Landutako prozesu zabala izan da, ondorioz.

Bakoitzak bere terrenotxotik irten du eztabaidetan eta gauzak orokorrean analizatu. Horrela, ez da zaila izan kontsentsua lortzea, oro har ados baikaude Azpeitian gauza askotan egoera minimo baten azpitik gaudela. Eta hori azpeitiar guztion ardura dela uste dugu Uztarria Kultur Koordinakundekook, hiru kritika egin ditugu eta: herritarrei, Udalari, eta euskara eta kultur taldeei.

Blokeo eta noraez egoeran geundela iruditzen zitzaigun, eta fase berri batean sartu beharra dagoela ere bai. Horretarako mugitu beharra dago, eta, lehen urratsak egiteko, gogoeta eta autokritika egin beharra. Eta saihestezina zen autokritika egitea, urteetan oso handia izan baita Azpeitiko euskara eta kultur taldeen arteko koordinazio eza. Artxipelagoaren tankera zeukan gure herriko kultur taldeon egoerak: talde bakoitza irla bat zen, eta irlatik irlara ez zegoen zubirik, eta, gainera, ez zegoen txalupa txikirik ere irla batetik bestera joateko. Koordinazio ezak arazoak sortu izan ditu urteetan Azpeitian, eta hori bukatu beharra dagoela erabaki genuen guztion artean.

Herritarrek eta Udalak egoera hori hobetzeko aurrerapauso handirik ez dutela ematen uste du Uztarriak. Pasibitate handi samarra erakusten dute bai herritarrek bai Udalak kulturarekiko. Herritarrek, adibidez, ez dute kultur taldeetan eta kultur ekintzetan-eta partehartzeko joera handirik. Eta Udalak, berriz, ez ditu aintzat hartzen euskara eta kultur taldeak. Izan ere, euskara eta kultura arloan lanean ari diren herritarrek eta taldeek baliabide batzuk behar dituzte nahitaez lan hori modu txukun batean egiteko, baina ez da erraza Azpeitian lan hori egitea, gure herri euskalduneko (%87k badakite euskaraz) Udalean oraindik ez dagoelako Euskara Batzorderik (Kulturako azpi-batzordea da Euskara), ez dagoelako euskara teknikaririk (Gipuzkoako ia herri handi guztietan dago), kultur teknikariak ezin duelako behar bezala bete bere lana (beste sailen bateko teknikaria ere badelako), diru laguntzak urriak direlako... Eta, bestetik, kultur etxerik ez dagoelako Azpeitian (Gipuzkoan zein herrik ez du kultur etxerik?). Euskara eta kultur taldeek eta Udaleko agintariek kulturaz daukaten kontzepzio desberdina dago azpi-azpian. Udalak “talde pribatu” gisa hartzen gaitu, gu inolako irabazpiderik gabe lanean ari garen taldeak garenean.

Uztarria Kultur Koordinakundea hasiera honetan kritiko azaldu den arren, ez doa inoren kontra, kritikak eraikitzaileak baitira. Euskara eta (euskal) kulturaren aldeko proiektua da hau, eta Azpeitiko Udala, herritarrak eta talde guztiak dira ezinbesteko.

Autonomia izango du koordinakundeak, eta, iritzi guztiak kontuan hartu eta gero, Uztarriako kideek erabakiko dute irizpidea. Eta orain arte hitz egin denaren arabera, hiru ardatz nagusi ditu proiektu honek. Lehenik, taldeon arteko koordinazioa lortu behar da. Bigarrenik, herrira begirako plangintza egin behar da (lokal publiko libreen azterketa, beste herrietako datuak, lokalen beharra aztertu, jaialdiak, beste proposamenak...). Eta, hirugarrenik, herrian eragina lortu behar da (informazioa zabalduz, hitzaldiak antolatuz, parte-hartzearen aldeko filosofia hedatuz...).

Ez da erraza izango hori guztia aurrera ateratzea, eta Uztarria Kultur Koordinakundean hainbat kide gauden arren, azpeitiar guztien laguntza beharko da, Azpeitian kultur egoera hobea eta indartsua eduki nahi baldin bada behintzat.