Uztarriaren sorrerako jaialdia (1998ko apirila)

Bernardo Atxagak, 'Behi euskaldun baten memoriak' liburuan dio ez dagoela behi makala baino makalagorik. Ez dakigu Atxagak zer ote dioen azpeitiarroi buruz, baina, orokorrean ezagutuko bagintu, seguru esango lukeela behi makalen antz handia dugula euskara eta kultur arloetan. Hau da: zaila izango dela, bi arlo haietan, azpeitiarrok baino euskaldun makalagorik aurkitzea.

Guk, azpeitiar euskaldun makalok, ez ditugu idatziak geure memoriak. Baina idazten jarri, eta zer idatziko genuke euskarari-eta dagokionez? Euskaldunak garela? Baliteke, euskaraz hitz egiten dugu eta. Ordea, idatziko al genuke euskaltzaleak garela edo euskal kulturaren aldeko sutsuak garela? Ez seguraski, ez baitira gauza bera euskalduna eta euskaltzalea definizioak. Ohituraz gara euskaldunak azpeitiarrok, baina ohitura eta zaletasuna ez dira gauza bera.

Egia da, ordea, ohitura oinarri sendoa dela gero zaletasuna sortzeko. Azpeitiarrok abantaila handia dugu horretan, pribilegiatuak gara alde horretatik: Euskal Herriko herri handi guztien eta txiki askoren artean, gurea da herririk euskaldunena. Zaletasuna, aldiz, ezin da kopuruetan neurtu, baina egon seguru ez gaudela puntaren puntan arlo horretan. Makalak izan gara.

Salbuespenak salbuespen, Azpeitia osoaren ardura da hori. Eta, Uztarria Kultur Koordinakundeak sorrerako idatzian zioen moduan, hiru kritika egin behar dira: herritarrei, euskara eta kultur Taldeei, eta Udalari. Herritarrei kritika, pasibitate handia dutelako, kultur ekintzetan parte hartzeko joera eskasa dutelako. Euskara eta kultur taldeei ere kritika, oro har ez dutelako asmatu herritarrak asko erakartzen, eta ez zutelako orain arte taldeek beraiek elkar ezagutzen. Eta Udalari ere kritika, ez dituelako jartzen proiektu baterako ezinbestekoak diren baliabideak: euskara teknikaria, Euskara Batzordea, kultur etxea...

Uztarria Kultur Koordinakundearen irudiko, ezin da euskara eta kulturaren aldeko proiektu bat talde edo erakunde batean soilik pausatu. Proiektuak behar ditu beste euskarri batzuk. Hiru dira euskarri horiek: herritarrak, euskara eta kultur taldeak, eta Udala. Beharrezkoa da hirurak uztartzea. Premiazkoa da hirurak uztarri berean egotea eta aurrera egitea. Baserritarrek ere -garai batean behintzat- behiak edo idiak uztarri berean jartzen zituzten gauzak hobeto, azkarrago egin ahal izateko. Geuk ere uztartu egin beharko genuke Azpeitian. Horregatik jarri diogu Uztarria izena koordinakundeari.

Herriko ahalik eta talde gehien biltzea eta batzea izan da Uztarriaren lehendabiziko erronka. Eta lortu, lortu du, 21 talde baitaude koordinakundean, herriko guztiak ez badaude ere. Euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusi zuzena daukatenak ere arrimatu dira proiektu honetara.

Orain, plangintza bat egiteaz gain, bi erronka ditu Uztarriak: herritarrengan eragitea eta Udalarekin elkarlana lortzea. Hiru osagaiok uztartuz gero, gauza politak egin daitezke Azpeitian. Horretarako, borondatea behar da, partehartzeko gogoa ere bai. Beste herri batzuetan ari dira gauzak egiten. Zergatik ez Azpeitian? Lan mundua, zerbitzu mundua, komunikabideen mundua eta gizarteko beste hainbat arlo aurrera doaz, abiada bizian aurrera joan ere. Gure herria atzean geratzen ari da. Makalak izan gara. Baina hemendik aurrera ez dugu makalak izan behar. Hemendik aurrera ezin dugu trena ziztu bizian aurretik pasatzen ari zaion behia bezala gelditu. Mugitu beharra dago, parte hartu beharra dago, elkarlana bilatu beharra dago, betiere Azpeitiaren, eta azken batean Euskal Herriaren mesederako izango baita.

Eskerrik asko.

1998ko apirilaren 4a, Azpeitia