Kale Gorrian

Kale Gorrian 1998an sortu zen. Etxebizitzaren gaiarekin kezkaturik zeuden gazte talde bat biltzen hasi zen eta horrela eman zitzaion sorrera Kale Gorrian, etxebizitza duin baten aldeko gazte kolektiboari.

 

Honakoa adierazi zuten taldea sortzerakoan: "Gure izenak etxebizitza bat lortzeko orduan ditugun zailtasunak gogoratzen badizkigu ere, gure asmoak errealitate hori agertaraztea baino haruntzago doaz. Gure asmoa, gaia sakonean aztertu eta ondoren, herriko beste sektoreak ere kontuan izanik, herrian egoera hori aldatzeko beharrezkoak diren proposamen eta ahaleginak egitea da.

Bi dira batipat taldea sortzera bultzatu gintuzten arrazoiak:

-Gaiak Azpeitian duen larritasunak. Gazteok etxe bat lortzeko orduan ditugun zailtasunak eta horren aurrean gaur egun dagoen lasaitasun edota normalitatea. Aurrerapausuak emateko eta egoera hobetzeko aukerak dauden konbentzimendua.

-Gure lan esparrua Azpeitiko gazteria da batipat. Gazteok bait gara etxebizitza bat lortzeko orduan zailtasun handienak ditugun sektorea. Gazteok gara ia 30 urterarte gurasoen etxean bizitzera behartuak gaudenak, edota izugarrizko prezio eta alokairuak ordaintzera kondenatuak gaudenak.

Gure lan esparrua gazteria izan arren, gure asmoak beste sektore batzuekin ere lan egitean datza. Etxebizitzaren gaia ez da gazteon arazoa soilik eta gure iritziz, alderdi, sindikatu eta talde ezberdinek arreta berezia izan behar dute gai honen inguruan. Ondorioz, talde hauekin harreman eta elkarlanerako bideak irekitzeko asmoa dugu. Hauek bait dira herriko erabakietan eragina duten taldeak."

Gaur egun taldea ez dago martxan. Taldea desegin zenetik, gai hauen inguruan Segi gazte erakundeak eta Gaztetxeko gazte problematika taldeak egin dute lana.